• EKONOMIA
  • Jaurlaritzak atzerritarren 11.000 lan baimen baino gehiago kudeatu ditu sei hilabetetan

Jaurlaritzak atzerritarren 11.000 lan baimen baino gehiago kudeatu ditu sei hilabetetan

2025eko uztailaren 1ean bereganatu zuen eskumen hori Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak

Mikel Torres, gaur goizean eginiko agerraldian | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Mikel Torres, gaur goizean eginiko agerraldian | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2026eko urtarrilaren 26a - 13:05

Eusko Jaurlaritza orain sei hilabete hasi zen atzerritarren lan baimenak kudeatzen, eta lehen hilabete horien balantzea egin du gaur Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak. 2025eko uztailaren 1ean bereganatu zuen eskumen hori Jaurlaritzak, eta Torresek adierazi duenez, transferentzia “ondo funtzionatzen” ari da, eta “benetako balioa” ematen ari zaio lan merkatuari. “Enpresei laguntzen eta langileen eskubideak indartzen ari da, eta, gainera, Euskadiren gizarte kohesioari laguntzen dio”, esan du lehendakariordeak.

 

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 11.171 lan baimen kudeatu ditu joan den uztailetik. Espediente guztietatik, %85 lurraldean errotzeko baimenei dagokie, batez ere gizarte eta lan arlokoak direlarik, eta %10 jatorrizko kontratu bidezko lan baimenei. Aurten beste 22.000 lan baimen ematea aurreikusten du.

“Euskadik dagoeneko 104.372 atzerritar ditu kotizatzen, eta presentzia bereziki garrantzitsua da sektore estrategikoetan; hala nola, ostalaritzan, eraikuntzan, logistikan eta industrian. Gainera, ia 17.000 autonomo atzerritarrak dira, joan den urtean baino %5,4 gehiago, eta 2025ean Gizarte Segurantzan izandako alta berrien %55 migratzaileei dagozkie”, azaldu du Torresek.

 

Lehendakariordeak nabarmendu du egungo enplegua eta ekonomiaren bilakaera ez direla “migratzaileen ekarpenik gabe azaltzen”, eta gogorarazi du sailaren eta eskualdaketa horren funtsezko helburuetako bat dela “eskaintza eta eskaria uztartzea, enpresen benetako beharrei erantzutea eta migrazio erregular, ordenatu eta eskubidedun baten bidez egitea”.