• EKONOMIA
  • Jaurlaritzak ekin dio 2026ko aurrekontu negoziazioari

Jaurlaritzak ekin dio 2026ko aurrekontu negoziazioari

EH Bildu, Sumar eta PPko ordezkariekin bildu da gaur goizean Ogasun eta Finantza saila. EH Bilduk proposatu du 1.000 milioi euroko funts publiko-pribatu bat eratzea etxebizitza parke publikoa handitzeko

Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza saileko eta Sumarreko ordezkariak | Argazkia: Jaurlaritza
Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza saileko eta Sumarreko ordezkariak | Argazkia: Jaurlaritza
2025eko azaroaren 17a - 15:51

Eusko Jaurlaritza oposizioko alderdiekin negoziatzen hasi da 2026ko aurrekontua. Gaur goizean, EH Bildu, PP eta Sumarreko ordezkariekin bildu da Noel D’Anjou Ogasun eta Finantza sailburua, eta “entzute eta elkarrizketa fase batean sartu” direla adierazi du, Jaurlaritzak akordioak erdiesteko “borondate eraikitzailea” duelarik.

 

D’Anjouk adierazi du euren asmoa dela EAJk eta PSEk osatzen dute gehiengoa handitzea, eta uste du “akordiorako benetako borondatea badago”, urrian Legebiltzarrean aurkeztutako aurrekontuak “aberasteko” aukera dagoela.

EH Bilduk 1.000 milioi euroko funts publiko-pribatu bat eratzea proposatu dio Ogasun eta Finantza sailburuari, etxebizitza publikoaren eskaintza indartzeko. Koalizio abertzaleak neurtu du egungo eskaria asetzeko datorren hamar urteetan 60.000 eta 80.000 etxebizitza egin beharko liratekeela, eta finantzazio hori zorpetze bidea gauzatzea taularatu du.

 

1.000 milioi euroko inbertsio horrek Eusko Jaurlaritzaren etxebizitzako aurrekontua handitzea ekarriko luke, BPGren %1,5era iritsi arte, 2025- 2027 Etxebizitzaren Gida Planean adierazten den bezala. Beraz, Jaurlaritzaren helburuekin guztiz bat datorren proposamena dela nabarmendu du EH Bilduk.

Pello Otxandiano koalizioaren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea eta Eraitz Saez de Egilaz legebiltzarkidea izan dira D’Anjourekin, eta bilera amaitu ostean, ez dute adierazpenik egin, baina Ogasun eta Finantza sailburuari entregatutako dokumentua zabaldu dute, zeinetan etxebizitzaren gaineko proposamena zehazten den.

Sumarrekin "hotz"

Sumarrek, bestalde, deitoratu du Eusko Jaurlaritzak bere proposamenari eginiko harrera “hotza”. Jon Hernandez parlamentariak eta Alba Garcia alderdiko koordinatzaile nagusiak agerraldia egin dute bilera amaitu ostean, eta zehaztu dute 890 milioi euroko aldaketak proposatu dituztela.

Garciak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzarekin "sakoneko ezberdintasunak" dituztela sinetsita egiten diote aurre negoziazioari, eta, beraz, kontua "ez da soilik partidak kendu nahiz jartzea eta dirua mugitzea”.

EAEko Sumarren koordinatzaile nagusiak adierazi du Jaurlaritzak euren eskaerak "aztertuko" dituela. Nolanahi ere, ohartarazi du ez direla "apurrekin" konformatuko, eta "herrialde honetan bizitza hobetzen" laguntzeko akordio nahikoa lortzeko prest daudela.

PP: "ezkerreko eredu baten emaitza"

PPk ere “oso zail” ikusten du Eusko Jaurlaritzarekin akordioa erdiestea, izan ere, bi alderdien ereduak “oso diferenteak” dira Laura Garrido bozeramailearen esanetan. PPkoak adierazi du ez duela negoziatzeko borondaterik ikusi Jaurlaritzaren aldetik, eta harrituta azaldu da joan den urrian eginiko proposamenari ez diolako erantzun.

Alderdi Popularraren ustez, Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuak “euskal gizartaren benetako beharretatik oso urrun” daude, eta “familiak zigortzen” ditu.

Garridok salatu duenez, horrek erakusten du aurrekontua "partekatzen ez dugun ezkerreko eredu baten emaitza" dela. Akordioa lortzeko aukerari buruz galdetuta, "ereduak hain ezberdinak direnean, oso zaila da elkarrekin bide bat jarraitzea", aitortu du.