LAB sindikatuak aste honetan aurkeztutako aurrekontuekin “patronalaren neurrira egindako” politika ekonomikoa mantentzea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari. Ekintza Sozialeko arduradun Endika Perezen arabera, Pradaleseko Exekutiboak uko egin dio erreforma fiskal progresibo bati eta 1.000 milioi eurotan zorpetzearen alde egin du, “sindikatuen parte-hartzerik gabeko eta patronalaren neurrira diseinatutako plan industriala diruz hornitzeko”.
Perezek kritikatu du osasungintzan eta hezkuntzan iragarritako igoerek “ez diotela zerbitzu publikoen benetako indartzeari erantzuten”. Osasungintzan, 210,2 milioi gehigarriak ez dira bideratuko plantillak zabaltzera, ezta Osakidetza indartzera ere, “kolaborazio publiko-pribatuan sakontzen jarraitzera” baizik, alegia, "osasungintzari bideratutako sailak langile propioz egin ditzakeen lanak kanporatzera". Hezkuntzan, 195 milioi gehigarrietatik 80 (LABen arabera) langileen greben eta mobilizazioen ondorio dira; gastua, berriz, BPGaren %3,59 baino ez da, Europako batez bestekoaren oso azpitik.
Aldi berean, sindikatuak salatu du etxebizitza gehiago egiteak ez dituela etxebizitza eskuratzeko arazoak konpontzen. Perezek adierazi duenez, aurreikusitako 442 milioiekin 800 etxebizitza babestu baino gutxiago eraikiko dira, eta “zifra hori ez da nahikoa, Etxebiden izena emanda dauden 100.000 pertsonen aldean”. Gainera, kritikatu du enpresa eraikitzaileentzako diru-laguntzek eta alokairu “eskuragarriaren” ereduak higiezinen negozioa sendotzen dutela, etxebizitza eskubidea bermatu beharrean.
Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak esan du Pradalesek “Urkulluren ildo bera hartu duela, bai formari dagokionez, baita funtsari dagokionez ere”, gutxieneko soldataz eta pentsioez eztabaidatzeari uko egin diolako, eta osasungintzan eta zaintzan politika “neoliberalak” mantendu dituelako. “Aurrekontu hauek Confebasken hiru eskaerei nagusiei erantzuten diete: enpresarientzat zerga baxuak, langileentzat soldata baxuak eta diru publikoa negozioa egiteko bideratzea”, azpimarratu du.
LABek mobilizazioak deitu ditu datorren azaroaren 6an EAEko lau hiriburuetan, zaintza sistema publikoan inbertsio handiagoa eskatzeko eta, sindikatuaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei entzungor egin dieten lan eta gizarte eskaerei erantzun diezaieten eskatzeko.