• EKONOMIA
  • Jaurlaritzaren aurrekontuek unibertsitatea "paralisira" daramatela salatu du EHUk

Jaurlaritzaren aurrekontuek unibertsitatea "paralisira" daramatela salatu du EHUk

Jaurlaritzak iragarritako %6,3ko aurrekontu igoera “ez dela erreala” azaldu du Bengoetxeak. Lan baldintzak ez dituela duintzen deitoratu du

Ixone Fernandez de Labastida, Joxerra Bengoetxea eta Estitxu Garai | Argazkia: EHU
Ixone Fernandez de Labastida, Joxerra Bengoetxea eta Estitxu Garai | Argazkia: EHU
2025eko urriaren 29a - 14:24

Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztu zituen 2026erako aurrekontuak eta EHUk gaur adierazi du aurrekontu horrek ez dituela bermatzen unibertsitate publikoak dituen finantzazio premiak. Joxerramon Bengoetxea errektoreak eskatu dio Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailari aintzat har dezala EHUk egindako premien diagnosia.

 

Bengoetxeak Ixone Fernandez de Labastida eta Estitxu Garai errektoreordeekin batera egin du gaur agerraldia. Azaldu duenez, Jaurlaritzak iragarritako %6,3ko aurrekontu igoera “ez da erreala”, eta urtea galerarik gabe ixteko, Jaurlaritzak iaz defizita estaltzeko egin zuen ekarpenaren azpitik geratzen da kopuru hori.

“Gaur egun unibertsitateak jasotzen duen finantzazioa LOSUk finkatutakoaren erdira ere ez da iristen; EAEko %1 aintzat hartuta, 980 milioi eurora igoko litzateke Euskal Herriko Unibertsitateko aurrekontua", azpimarratu du.

 

Errektoreak uste du aurrekontu horiek “paralisira” eramango dutela EHU, eta ez direla nahikoa unibertsitateak dituen egiturazko premiei erantzuteko. “Atzo iragarritako diru partidarekin ezingo zaio EHUk hain beharrezko duen digitalizazioari heldu”, gehitu du.

Aurrekontuak lan baldintzak duintzeko ere ez duela balio salatu du EHUk. “Ez dute laguntzen unibertsitatea lan eremu erakargarria izan dadin. Horren adibide, esaterako, Batxilergoko irakasle baten hileroko soldata 2.600 euro inguru eta unibertsitateko irakasle atxiki doktore batena 1.900”.

EHUko irakasle-ikerlarien soldatak sektore publikokoetatik oso urruti daudela eta parekatzeko “osagarri autonomikoa” beharko litzatekeela gogoratu du Bengoetxeak.