• EKONOMIA
  • Karmele Pikabea (Euskaber): "Gure helburua baserritarrek beren lanetik duintasunez bizitzea da"

Karmele Pikabea (Euskaber): "Gure helburua baserritarrek beren lanetik duintasunez bizitzea da"

Jasangarritasunaren hiru ardatzak uztartzen ditu kooperatibak: baserritarren errentagarritasuna, gizarte-konpromisoa eta ingurumenaren zaintza

Karmele Pikabea Euskaberreko gerentea | Argazkia: utzitakoa
Karmele Pikabea Euskaberreko gerentea | Argazkia: utzitakoa
Helena Menayo
Komunikazioan aditua
2026ko azaroaren 19a - 05:30

Baserritarren errentagarritasuna bermatzea, lan-baldintzak hobetzea eta ingurumenarekiko konpromisoa uztartzea. Hiru helburu horiek ditu oinarri Euskaber kooperatibaren jarduerak, eta horiengatik jaso berri du Euskadi Elikatuz Jasangarritasun Saria. Karmele Pikabea gerenteak kooperatibaren eredu ekonomikoaz, lehen sektorearen erronkez eta etorkizunerako dituzten proiektuez hitz egin du EnpresaBIDEArekin.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Jasangarritasunaren alde egindako lanagatik jaso duzue saria. Zer esan nahi du jasangarritasunak Euskaberrentzat?

Guretzat jasangarritasunak hiru zutabe ditu: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa. Hirurek batera egin behar dute aurrera, eta gure erabaki guztietan hartzen ditugu kontuan. Ezin dugu ingurumenaren aldeko apustua egin baserritarren errentagarritasuna arriskuan jarriz. Azken batean, gure helburu nagusia baserritarrek beren lanetik duintasunez bizitzeko aukera izatea da. Sari honek urteetan landu dugun eredua aitortzen du.

 

Baserritarren errentagarritasuna aipatu duzu. Nola lortzen duzue helburu hori kooperatibaren bidez?

Gure baserritarrak arrautzak ekoizteaz arduratzen dira, eta kooperatibak gainerako lanak hartzen ditu bere gain. Arrautzak sailkatu, kalitate-analisiak egin, ontziratu eta banatzeaz gain, bezeroak bilatu, fakturazioa kudeatu eta komunikazioa lantzen dugu. Baserritar batek bere kabuz lan horiek guztiak egitea oso zaila izango litzateke. Egitura horri esker, ekoizleek beren jarduera nagusian jar dezakete arreta, eta gu merkaturatzeaz eta kudeaketaz arduratzen gara.

Baina lan horiek zentralizatzeaz gain, ekoizleen irabaziak ere bermatzen dituzue. Nola funtzionatzen du sistemak?

Baserritar bakoitzaren ekoizpen-kostuak aztertzen ditugu, eta horien arabera zehazten dugu arrautza-dozenaren prezioa. Pentsua garestitzen bada, adibidez, baserritarrari ordaintzen dioguna egokitzen dugu, betiere ekoizpen-marjina mantenduz. Ukrainako gerra hasi zenean pentsuaren prezioa izugarri igo zen, baina gure baserritarrek dozenako irabazi bera izaten jarraitu zuten. Kooperatiban sortzen diren irabaziak ere baserritarrengana bideratzen dira, funtzionamendurako eta inbertsioetarako behar dena kenduta. Horrela, merkatuaren gorabeherek ez dute zuzenean haien errentagarritasuna baldintzatzen.

"Kooperatiban sortzen diren irabaziak ere baserritarrengana bideratzen dira, funtzionamendurako eta inbertsioetarako behar dena kenduta"

Egonkortasun ekonomikoa bermatuta, zer beste baldintza behar dituzte baserritarrek beren lanetik duintasunez bizitzeko?

Errentagarritasuna ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Lan-baldintzak eta familiarekin uztartzeko aukerak ere garrantzitsuak dira. Guretzat garrantzitsua zen betidanik defendatu ditugun balioak datuen bidez neurtzea. Baserritarren egoera aztertu dugu, eta emaitzek erakutsi dute aurrerapausoak eman direla, baina badirela hobetu beharreko alderdiak ere.

Zein dira, beraz, oraindik konpondu beharreko zailtasun nagusiak?

Baserriko lana oso lotua da. Oiloek urteko egun guztietan behar dute arreta, eta horrek oporrak hartzea edo familiarekin denbora gehiago igarotzea zailtzen du. Ekoizpena hobeto planifikatzeko eta ordezkapenak antolatzeko aukerak lantzen ari gara. Orain arte modu informalagoan egin diren gauzak profesionalizatu nahi ditugu, eta hobekuntza horiek gure kudeaketa-planean txertatu ditugu.

Lan-baldintzak hobetzeko ahalegin horretan, zer eginkizun du digitalizazioak?

Digitalizazioak kooperatibaren barruko kudeaketa errazten digu, baina baita baserrietako eguneroko jarduera ere. Aplikazio bat garatu dugu baserritarrek mugikorretik datuak erregistratu ahal izateko: oiloek zenbat jaten eta edaten duten, zenbat arrautza ekoizten dituzten eta bestelako parametroak. Informazio horrekin produktibitatea eta animalien ongizatea azter ditzakegu. Gainera, parametroren bat ohiko balioetatik aldentzen bada, abisuak jasotzen ditugu eta albaitariekin azter dezakegu zer gertatzen ari den. Horrek arazoak lehenago identifikatzeko aukera ematen digu.

"Aplikazio bat garatu dugu baserritarrek mugikorretik datuak erregistratu ahal izateko: oiloek zenbat jaten eta edaten duten, zenbat arrautza ekoizten dituzten eta bestelako parametroak"

Animalien ongizatea aipatu duzu. Nola lotzen da hori ekoizpenaren eraginkortasunarekin?

Oiloen bizi-baldintzek eragin zuzena dute haien ongizatean eta ekoizpenean. Gure oiloek egunero kanpora ateratzeko aukera dute, baina ongizatea ez da horretara mugatzen. Tenperaturak, hezetasunak eta aireztapenak ere eragin zuzena dute. Azken urteetan baserritarrek inbertsio handiak egin dituzte instalazioak hobetzeko, bereziki beroari aurre egiteko. Orain, hainbat oilategitan sentsoreak instalatu ditugu ingurumen-baldintzak neurtzeko. Ezaugarri desberdinetako baserriak aukeratu ditugu, emaitzak alderatu eta hobekuntzak gainerako instalazioetara eraman ahal izateko.

Eta ingurumenaren ikuspegitik, zein da gaur egun aurrean duzuen erronka handienetako bat?

Gure karbono-aztarnan eragin handienetako bat oiloen elikadurak du, bereziki pentsuak. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako proiektu batean parte hartzen ari gara, Eroskirekin eta beste eragile batzuekin batera, elikadurarekin lotutako hobekuntzak aztertzeko. Ingurumen-inpaktua murrizteko aukerak bilatzen ditugu, baina aldaketa horiek ekonomikoki bideragarriak izan behar dute. Hor dago erronka: ingurumena zaintzea, animalien ongizatea bermatzea eta baserritarren jarduerari eustea.

Ekoizpen-eredu horren atzean dagoen konpromisoa baloratzen al dute kontsumitzaileek?

Gero eta gehiago hitz egiten da tokiko produktuez eta jasangarritasunaz, baina gure kasuan konpromiso hori hasieratik egon da. Euskaberren arrautzak erosten dituztenek badakite produktuaren atzean baserritarrak eta ekoizpen-eredu jakin bat daudela. Ez dute arrautza bakarrik erosten; eredu horren aldeko hautua ere egiten dute. Horregatik, garrantzitsua da kontsumitzaileek gure lana ezagutzea. Gazteekin ere lan egiten dugu, lehen sektorearen errealitatea gerturatzeko eta bertan lan egin nahi dutenei aukerak erakusteko.

"Gure lehentasuna baserritarrek beren jardueratik bizitzen jarraitzea da"

Etorkizunera begira, zer behar du Euskaberrek eredu horri eusteko?

Gure lehentasuna baserritarrek beren jardueratik bizitzen jarraitzea da. Horretarako, lan-baldintzak hobetu, berrikuntzan aurrera egin eta ekoizpena eraginkorragoa izan dadin lan egin behar dugu. Gazteek ere lehen sektorean etorkizuna ikustea nahi dugu, jarduera honetan hasteko inbertsio handiak egin behar diren arren. Gure asmoa ez da Euskal Herritik kanpora zabaltzea, gure ereduaren balioa hemen baitago, bertako baserritarrekin eta lurraldearekin dugun loturan. Gure erronka daukaguna sendotzea eta etorkizunean ere baserritarrek beren lanetik bizitzeko aukera izatea da.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain