45 urte bete ditu gaur Kontzertu Ekonomikoak. Urteurrena ospatzeko jardunaldia antolatu du Ekonomisten Euskal Elkargoko Zerga Aholkularien Erregistroak (EAFE), eta bertan izan dira sektoreko profesionalak zein erakundeetako ordezkariak.
1981ean negoziatu zen ituna oinarri hartuta, hitzaldi espezializatuak, mahai-inguruak eta Kontzertu Ekonomikoaren sorreran parte hartu zutenei aitortzak egin dira, “ezinbesteko foro bihurtuta euskal zerga-sistemaren orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketarako”.
Besteak beste, testigantza eskaini du Pedro Luis Uriartek, hain zuzen ere, Kontzertu Ekonomikoa sortu zen unean Ekonomia eta Ogasun sailburu zein Euskal Negoziazio Batzordeko presidente zenak. Zendu berri den Carlos Garaikoetxea ere gogoratu dute jardunaldian, eta Juan María Ollora zein Josu Elorriagaren lana ere goraipatu dute.
EAFEko presidenteak argi utzi du Kontzertu Ekonomikoa “euskal autonomia fiskalaren funtsezko zutabea” dela oraindik ere, eta Noël d’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak ere gauza bera berretsi du, adierazi baitu ituna gakoa dela EAEko “ongizatearen, gizarte-kohesioaren eta egonkortasun ekonomikoaren mailak azaltzeko”.