
“Badirudi formularekin asmatu dugula”, dio Naiara Zamora Goiztiri elkarteko koordinatzaile eta berdintasun arduradunak. Izan ere, berdintasunaren kudeaketan hainbat jardunbide egoki egiteagatik aitortza jaso du Barakaldoko (Bizkaia) irabazi asmorik gabeko elkarteak, besteak beste, 2021ean sortutako feminizidioaren kontagailuarengatik. Zaurgarritasun egoeran dauden eta gizarte bazterkeria pairatzen duten pertsonei hainbat baliabide eskaintzen dizkie Goiztirik, besteak beste, eguneko zentroak kudeatzen ditu, etxerik ez dutenei non lo egin eskaintzeko. 1993an sortu zen, eta egun elkarteko lantalde osoaren %71 emakumezkoek osatzen dute.
Gizarte zerbitzuen sektorea “oso feminizatuta” dagoela azaldu zuen atzo Zamorak. Emakundek antolatutako Berdintasuna kudeaketa aurreratuan: tresnak eta esperientziak izeneko topaketan parte hartu zuen, Euskalitek sustatutako Kudeaketa Aurreratuko Europaren astearen baitan. Bertan, entitateek berdintasunaren kudeaketan eginiko hainbat jardunbide eredugarri azaldu zituzten, Goiztiri elkartearena edota Miguel Altuna Lanbide Heziketako ikastetxearena, besteak beste.
Goiztirik 2005ean sortu zuen berdintasun gaiak jorratuko zituen lantaldea, “azken 20 urteetan elkartean biziraun duen lantalde bakarra da, eta horrek zerbait esan nahi du”, zioen Zamorak. 2007an Emakunderen entitate kolaboratzaile bihurtu zen, eta 2008an hasi ziren elkarteko gizonei zuzendutako lehen formakuntzak eskaintzen. Harrezkeroztik, hiru berdintasun plan garatu dituzte, eta laugarrena lantzen ari dira orain. “Ibilbide bat egiteak ez du esan nahi berdintasun politiken benetako integrazioa egin denik, gakoa da nola itzultzen dugun ibilbide oso hori gure egitura, espazio eta arduretan”, nabarmendu zuen koordinatzaileak.
Naiara Zamora (Goiztiri): “Berdintasuna lantzea ez da salbuespenezko zerbait, ez du esfortzu eta denbora gehigarririk eskatzen. Ez da gehitzen den zerbait bezala ulertu behar, baizik eta antolakuntza-enborraren parte da”
Elkartearen sail guztiak (zuzendaritza barne) ordezkatzen dituen zortzi lagunek osatzen dute Goiztiriren berdintasun taldea, eta lanketa hiru eremutan banatzen dute: pedagogikoa, politikoa eta estrategikoa. “Berdintasuna lantzea ez da salbuespenezko zerbait, ez du esfortzu eta denbora gehigarririk eskatzen. Ez da gehitzen den zerbait bezala ulertu behar, baizik eta antolakuntza-enborraren parte da”. Zamoraren hitzak dira.

Gizonak biluzteko espazio bat
Barakaldoko entitateak abian jarri duen praktikak helburu du "maskulinitate eredu tradizionala birpentsatzea", eta erabiltzaile nahiz langile gizonezkoei zuzendutako prestakuntza eskaintzen dute. “Benetako ekintza eraldatzailea egin nahi badugu, beharrezkoa da gizonekin lan egitea”, esan zuen Morenok.
Santos Carreto da espazio horren dinamizatzailea eta bera ere izan zen atzoko jardunaldian: “2008an berdintasun lantaldean planteatu genuen benetako berdintasuna lortzeko gizonekin lanketa egin behar genuela”, gogoratu zuen. Hala, 2009an lehen gizon taldeak osatu zituzten. “Gizona zer den aztertzen hasi ginen, eta horrek gure bizitzan eta lanean nola eragiten duen”. Azken urteetan gizonezko gazteagoak sartu dira Goiztirin, eta Carretok uste du gabezia dagoela berdintasunaren gaietan, genero perspektibari dagokionez. Horretaz jakitun, elkartea tailer berriak antolatzen hasi zen, non gizonezko erabiltzaile nahiz langileak elkartzen ziren.
Konfiantzazko espazio seguru bat sortzea zuten xede, kideek euren emozioak nolabait adierazteko, hura baita, Carretoren hitzetan, gizonen zailtasun handiena: barruko sentimenduak azaleratzea. “Emozioek dakarte aldaketa, eta gizonek gaitasun handia dugu emozioetatik ihes egiteko. Espazio hori baliatu nahi genuen euren emozioak nahiz besteenak eutsi ahal izateko".
Santos Carreto (Goiztiri): “Emozioek dakarte aldaketa, eta gizonek gaitasun handia dugu emozioetatik ihes egiteko. Espazio hori baliatu nahi genuen gizonek euren emozioak nahiz besteenak eutsi ahal izateko"
Ordu eta erdiko lau saio egiten hasi ziren 2023an, eta zazpi gizonek parte hartu zuten lehen saioetan. “Oso aberasgarriak izan ziren; lehen talde hura apartekoa izan zen. Tailerra bukatzean, denek jarraitu nahi zuten”, gogoratu zuen dinamizatzaileak. Harrera ona izanik, taldea hilero elkartzeko espazioa izatea erabaki zuten, Gizonen Zirkulua izena jarrita. 2024ko apiriletik martxan da, eta, ordutik, hilabete bakoitzeko azken aurreko ostegunean elkartzen dira. “Izugarria da zortzi gizonek halako espazio batean zer gaitasun duten gauzak errekonozitzeko, ikusteko eta entzuteko”, bota zuen Carretok. Gizonentzat euren intimitatea elkarbanatzea “errebelazio bat” dela nabarmendu zuen, “ikusten dugulako ez gaudela bakarrik gure zailtasunetan”.
Gizonen Zirkuluan parte hartzen duten elkarteko erabiltzaileek 55 eta 60 urte artean dituzte, langile profesionalek, aldiz, 25-30 urte artean, beraz, belaunaldien arteko transferentzia ere oso “aberasgarria” izaten da, bere hitzetan.
Bada, oraingoz 11 gizon erabiltzailek eta lau profesionalek parte hartu dute egitasmoan, eta Carretok azaldu zuen oztopo handiena gizon gehiagorengana iristea dela. “Geure burua zalantza jartzea kosta egiten zaigu gizonoi, heldutasun handia eskatzen du, eta hemen ikusten dugu gizonen identitatea oso ahula dela”.

"Gizonak formatzen ziren, ez pertsonak"
"Miguel Altuna Lanbide Heziketako ikastetxe publikoan, gizonak formatzen ziren, ez pertsonak”, oroitu zuen Irati Valencia Lejarza fabrikazio mekanikoko irakasleak. Bergarako (Gipuzkoa) zentroak ia ehun urte ditu, eta bere sorreraz hitz egin zuen irakasleak, azpimarratu baitzuen industriara begirako hezkuntza eskaintzen zutela, bailaran nagusi zen sektorea izanik, eta hasiera-hasieratik gizonak soilik joaten zirela bertara.
Garaiko andreak ez ziren etxean geratzen, bestelako lanetan aritzen ziren, “errepikakorrak” zirenak, “ez-formatuak, katean, baldintza kaskarragoekin”. Pentsa, 1975ean eman zuen izena ikastetxean lehen aldiz emakume batek, zentroa sortu eta ia 50 urtera. Gerora, emakumeen presentzia areagotu da, eta zentroak hainbat egitasmo abiatu ditu genero-berdintasuna sustatze aldera.
2015ean jardunaldi batzuk antolatzen hasi ziren, emakumeak bailarako enpresetara gerturatzeko asmoz. Jardunaldi horietan, enpresek euren proiektuak aurkeztu eta emakumeek enpresak bisitatzeko aukera zuten, baita ondoren curriculuma entregatzeko tartea ere. Irakaslearen aburuz, ekimen horrek lagundu du industria munduan emakumeen presentzia handitzen. Era berean, Miguel Altuna LHIIn eskaintza partziala delakoa dute, eta ikasleak lanean diren bitartean, eskolara joateko aukera dute lau orduz. “Horrek sekulako gorakada ekarri zuen emakumeen presentzia industriako zikloetan”, argitu zuen Valenciak.
Irati Valencia (Miguel Altuna ikastetxea): “Traba da berdintasun faltsua. Gure eskolan emakumezko irakasle eta ikasle asko dago, eta orduan ematen du berdintasuna dagoela. Ez dago arrakalarik, eta horrek erresistentzia bat sortzen du, bai ikaslegoan, bai irakaslegoan”
Bailaran zehar zabaldu zen ziklo hura, eta "astiro-astiro" emakumezko gehiago sartzen joan ziren Bergarako ikastetxean. Berdintasunak geroz eta garrantzia gehiago hartu zuen, eta 2020an berdintasun batzordea eratu zuten. Ordutik, berdintasun plan bat egin dute eta bigarrena abiatu dute.
“Traba da berdintasun faltsua. Gure eskolan emakumezko irakasle eta ikasle asko dago, eta orduan ematen du berdintasuna dagoela. Ez dago arrakalarik, eta horrek erresistentzia bat sortzen du, bai ikaslegoan, bai irakaslegoan”, deitoratu zuen irakasleak. Erresistentzia horri aurre egitea dute orain erronka.
Ikasleen artean berdintasun batzorde bat sortu nahi dute aurten. “Agian hurrengo urtean hemen izango naiz praktika honen arrakasta azaltzen”, esan zuen Valenciak. “Besteentzako eredu izaten saiatzen ari gara, baina kristoren lana dugu aurretik. Dena den, argi dugu hauspotzen ez den sua itzali egiten dela”, bukatu zuen.