• EKONOMIA
  • LABek ez du onartuko 1.500 eurotik beherako soldatarik lan hitzarmenetan

LABek ez du onartuko 1.500 eurotik beherako soldatarik lan hitzarmenetan

Gutxieneko soldata propioaren aldeko borroka fase berri batean sartu dela dio sindikatuak

Garbiñe Aranburu eta Oihana Lopetegi | Argazkia: LAB
Garbiñe Aranburu eta Oihana Lopetegi | Argazkia: LAB
2026ko uztailaren 8a - 14:22
Eg. 2026ko uztailaren 8a - 14:28

LAB sindikatuak jakinarazi du ez duela lan hitzarmenetan 1.500 eurotik beherako soldata proposamenik onartuko. Sindikatuak dio Greba Orokorraren ostean gutxieneko soldata propioaren aldeko borroka fase berri batean sartu dela, eta apustua egingo duela soldata propioaren aldeko borroka negoziazio kolektiboaren esparruan indartzeko.

 

Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak eta Oihana Lopetegi negoziazio kolektiboko eta ekintza sindikaleko arduradunak prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon. Beren hitzetan, LABek “helburu argi bat” defendatuko du negoziazio guztietan: “lan-eremuak 1.500 eurotik beherako soldatetatik libre uztea; ez sektoreetan, ez enpresetan, ezta azpikontratetan ere, ezin dira onartu pobrezia eta prekarietatea betikotzen dituzten soldatak”.

Koordinatzaile nagusiak adierazi du “funtsezkoa” dela LAB dagoen sektore eta enpresetan “borroka hau lehentasunez lantzea”. Lopetegik, halaber, gehitu du azken hilabeteetan zenbait hitzarmenetan 1.500 euroko gutxieneko soldata bermatzea lortu dutela. “LABek gehiengoa duen hitzarmenetan helburu hori betetzear du; ia ez dago langa horretatik beherako soldatarik”, esan du.

 

Sindikatuak nabarmendu du gehiengorik ez duen hitzarmenetan ere borroka eta mobilizazio dinamikei ekingo diela “egoera hori gainditzeko”. “Sektore horietako langileei eta sindikatuei greba eta mobilizazio proposamenak egingo dizkiegu, borroka sindikal eraginkorra sustatzeko eta indarrak norabide berean batzeko”, adierazi dute LABeko ordezkariek.

“Neurri sakonagoak” euskararentzat

Atzo ELAk iragarri zuen aurrerantzean lan hitzarmenak euskaraz negoziatzeko asmoa zuela, eta erabaki hori txalotu egin du Aranburuk. Bere hitzetan, euskararen egoera hobetzeko egitasmo oro ongietorria izango da. Aitzitik, koordinatzaile orokorrak ELAri indarrak batzeko eskatu dio, eta uste du euskarak “neurri sakonagoak” behar dituela.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain