Labrazako (Araba) parke eolikoa aurrera doa pixkanaka-pixkanaka. Eraikuntza fasean lanean ari dira Iberdrola, Energiaren Euskal Erakundea (EEE) eta Aixeindar, eta 59 milioi euroko inbertsioa egingo da 2006az geroztik EAEn martxan jarriko den lehen parkea abiarazteko.
Horrez gain, proiektuaren sustatzaileek gaur jakinarazi dute parke eolikoan inbertitzeko aukera izango dutela Oiongo eta Arabako Errioxako bizilagunek, Crowlending izeneko formularen bitartez. Bide hori erabiltzeak ahalbidetzen du inbertitzaileek parkeak sortutako interesekin "errentagarritasun azkarra" lortzea.
Bestalde, erakundeek azaldu dute energiaren prezioan tarifa bereziak izango dituztela Labrazako eta Barriobustuko (Oion) Batzar Administratiboetako herritarrek, behin parkea martxan jarrita dagoenean. Enplegua sortzea ere aurreikusten da: 90 lanpostu berri izango dira, "batez ere, tokikoak". Obren hasieran, Udalari 1,2 milioi euro inguruko diru-sarrera ekarriko diela ere azpimarratu dute, baita gainerako urteetan 230.000 euro inguruko sarrerak ere.
Ingurumena zaintzeko ahaleginak
Proiektua bereziki handia da: 40 MWeko gaitasuna izango du, eta horrek EAEko potentzia osoa %26 handitzea dakar, alegia, 155 MW izatetik 193 MW izatera pasako da lurraldea. Sortuko den energia, ordea, %100 berdea izango da, eta sustatzaileek azaldu dute jasangarritasunaren aldeko neurriak hartu dituztela.
Besteak beste, inguruko biodibertsitatea zaintzeko neurriak hartu dituzte: hegazti sentikorrak detektatzeko gailuak jarri eta beharrezkoa bada aerosorgailuak gelditzea, parkea paisaian integratzea, landaredia lehengoratzea... "Ingurumena babesteko teknologiarik aurreratuenak erabiliko dira", gaineratu dute.
Azkenik, gogorarazi dute proiektua bat datorrela Euskadiko Energia Estrategia 2030 eta Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketari buruzko Legearekin.