• EKONOMIA
  • Hamar egunera luzatu nahi du heriotzagatiko lan-baimena Espainiako Gobernuak

Hamar egunera luzatu nahi du heriotzagatiko lan-baimena Espainiako Gobernuak

Lan Ministerioak dio gaur egun baimendutako bi egunak ez direla nahikoa ondo lan egiteko

Yolanda Día Lan ministroa | Argazkia: Europa Press
Yolanda Día Lan ministroa | Argazkia: Europa Press
2025eko urriaren 9a - 11:29

Jardunaldi murrizketa, ordutegi-kontrolaren erreforma… Azken asteetan puri-purian izan diren gaiak badira ere, Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak langileen aldeko albiste berria iragarri du gaur: hamar egunera luzatu nahi du langileen gertuko senide bat hiltzean ematen den lan baimena, baita zainketa aringarriak behar dituen gertuko senidea izatean ematen den lan baimena ere.

 

Gaur egungo Langileen Estatutuak bi egun naturaleko baimena ziurtatzen die enplegatuei, zeina lau egunetara luzatzen den udalerritik kanpora bidaia egin behar dutenen kasuan. Zenbait hitzarmenek gutxiengo hori hobetu ere egiten dute, baina Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Lan ministroak argi esan du: “Ama, aita, alaba edo laguna hil eta bi egunen ostean, inor ez da gai lanera ondo joateko, inor ere ez”. Ildo beretik, berretsi du gurasoek ezin dutela ondo lan egin seme edo alabek zainketa aringarriak behar badituzte.

Horregatik, ministroak jakinarazi du erreforma martxan dela eta laster egingo duela Lan Ministerioak baimena aldatzeko proposamena.

 

Zer da absentismoa?

Martxan jarri nahi den aldaketa berria iragartzearekin batera, Díazek hizpide izan du patronalak arazo garrantzitsutzat duen absentismoaren gaia: “Langile batek depresioa badu eta ezin bada lanera joan, ez da absentismoa; aita batek haurra zaindu behar badu, ez da absentismoa; absentismoa arazoa da, noski, baina zorroztasunez hitz egin behar da gaiaz”, azaldu du.

Ministroarentzat garrantzitsua da “benetako absentismoaz” hitz egitea, eta horren atzean lanuzteak egiteko zein arrazoi dauden identifikatzea.