• EKONOMIA
  • Bi hamarkadatan %60 gutxitu dira lan istripuak

Bi hamarkadatan %60 gutxitu dira lan istripuak

Lan-prebentziorako laguntza eskaintzea helburu duen aplikazio berria du Osalanek

Herri Irratian elkarrizketatu dute Lurdes Íscar | Argazkia: Herri Irratia
Herri Irratian elkarrizketatu dute Lurdes Íscar | Argazkia: Herri Irratia
2025eko urriaren 21a - 10:56

Lourdes Íscar Osalaneko zuzendari nagusia elkarrizketatu du Herri Irratiak, eta, beste kontu batzuen artean, Íscarrek nabarmendu du %60 beheratu direla lan istripuak bi hamarkadatan, nahiz eta 2019. urteaz geroztik istripuen zenbatekoa nahiko egonkor mantendu den. Ezbeharren zergatiaz galdetzean, zuzendari nagusiak zehaztu du ohikoenak gainkargengatik eta muskuluetako nahasmenduengatik izan direla, mugimendu errepikakorren zein tendinitisaren ondorio.

 

Bestalde, gaineratu du langileetan gero eta ohikoagoak direla gaixotasun psikosozialak (estresa eta antsietatea, kasu); altueretako erorketen eta makinen harrapaketen istripuen zenbatekoa bere horretan mantendu da.

Bide batez, Íscarrek gogorarazi du Osalanek Osalan.app aplikazio berria estreinatu duela, “prebentzioa kaleetara eramateko”. Erremintak aholkuak, prebentziorako txostenak eta ohitura osasungarriei buruzko bideoak biltzen ditu, baita adimen artifizialean oinarritutako laguntzaile birtuala ere. “Helburu nagusia prebentzio-informaziorako sarbidea erraztea da, laguntza, alertak eta gomendio praktikoak eskaintzen dituzten funtzio sinpleen bidez”, azaldu zuten Osalanekoek aplikazioa aurkeztean.