Maite Ruiz: "Termino ekonomikoetan aztertuta soilik, argazki okerra aterako genioke fundazio bati"

Erakunde nahiz fundazioek gizartean sortzen duten balioaz hitz egin du Maite Ruizek eta eragin hori kontabilitate sozialaren bidez nola zenba daitekeen azaldu du

Argazkia: Maite Ruiz Argazkia: Maite Ruiz

Pasa den ekainean, erakundeen funtzio sozialari buruzko eztabaida sustatu asmoz, udako ikastaroa antolatu zuen EHUk. Kontabilitate soziala eta informazio ez-finantzarioa izan zituen ardatz, eta erakunde, enpresa nahiz fundazioen alderdi finantzariotik urrunduz, hauek gizartean sortzen dute giza balioa neurtzeko moduei buruzko hainbat mahai inguru antolatu zituzten. Maite Ruiz Roqueñi, EHUko irakaslea eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea, ikastaroaren zuzendarietako bat da eta kontabilitate finantzarioaz harago, erakundeen informazio eredu sozialak aldarrikatu ditu, kontabilitate soziala hain zuzen.

Kontabilitate soziala eta informazio ez-finantzarioari dagokionez, zer paper hartu behar dute gaurko erakundeek?

Erakundeak egun errentabilitatearen inguruko kontuak ematera ohituta daude, baina horiek beti kontabilitate finantzario bidez egiten dira, moneta terminoetan jasotzen dugun informazioa da. Informazio eredu hauek enpresa jakin batzuetara egokitzen dira, errentabilitatea baitute helburu gisa, eta inbertsore eta akzionistak direlako interes taldeak. Baina zer gertatzen da informazio hori fundazioetarako denean? Fundazioak ez dira errentagarritasuna izateko jaiotzen, irabazi asmorik gabeko erakundeak dira eta funtzio sozial bat betetzen dute.

Fundazioak, beraz, ezin dira informazio finantzarioan oinarrituta soilik aztertu eta informazio ez-finantzarioa eskaintzea komeni zaie, baina, 11/2018 Legearen arabera, informazio mota hau eskaintzea derrigorrezkoa da?

Termino ekonomiko hutsetan aztertuko bagenu, fundazio bati argazki okerra aterako genioke. Munduko gosetea amaitzeko sortu den erakunde baten informazio ekonomiko-finantzarioak ez digu bere jardunaren irudi fidagarri bat emango.

Zabaltzen joan da eta orain arautegiagatik, informazio finantzarioaz gain, ez-finantzarioa ematea ere eskatzen zaie enpresei. Baina zein da problema? Legeagatik informazio hau emateko derrigortuta dauden enpresa gehienak oso handiak direla eta asko Ibex 35ekoak dira. Ibex 35eko enpresa baten informazioak ez luke fundazio baten berdina izan beharko. Eta, ikastaroa horretarako antolatu genuen, fundazio batek informazioa sortzean zer egin behar duen, zer eskaintzen dion gizarteari eta zertarako jaio den azaltzeko, Ibex 35eko enpresek erabilitako formatuetatik at, izan ere, informazio ez-finantzarioa zabaltzeko erabiltzen diren formatuak enpresa handienak dira, eta erakundeentzako ez dira baliokideak

Zer gida edo proposamen dituzte erakunde edo fundazioek euren txosten ez-finantzarioa sortzeko?

Informazioa lantzen ari diren hainbat erakunde jaso ditugu, baina egun fundazio gehienak ez daude legeagatik informazio hau ematera behartuta. Ulertarazi nahi diegu derrigorrezkoa ez izan arren, euren jarduera balioan jartzeko komenigarria dela informazio ez-finantzarioa lantzea. Balioa sortzeko elementu bat da, erakundeko interes taldeei erakusteko. Lantegi Batuak edo Gureak bezalako erakundeentzat, patronatuari zer egiten ari diren azaltzeko baliagarria da.

Ulertarazi nahi diegu derrigorrezkoa ez izan arren, euren jarduera balioan jartzeko komenigarria dela informazio ez-finantzarioa lantzea

Zer baldintza izan behar ditu erakunde batek legea derrigorrez bete behar izateko?

Fundazio eta enpresen kasuan, 500 langile baino gehiagokoak daude derrigortuta eta fakturazio minimo bat izan behar dute. Hemengo enpresa txiki askok ez dute derrigorrez bete behar eta lehen esan bezala, Ibex 35eko guztiek bai. Hauek dira eredua ezartzen dutenak eta hori arazoa da. Derrigortasunak ez ditu enpresa asko harrapatzen, baina pixkanaka gero eta gehiago hartuko ditu. Dena den, derrigorrezko izan gabe bere erabilgarritasuna baduela erakustea da gure asmoa.

Erabilgarritasun horren atzean dagoen ideia, informazio ez-finantzarioak erakundeetan sor dezakeen balio sorkuntza da beraz?

Hori da. Erakunde hauen helburua ez da akzionistentzat etekinak sortzea, gizartearentzat balioa sortzea baizik. Etekinetan zentratuko bagina soilik, antolaketa mota hauek emaitza txarrak izango lituzkete kasu gehienetan.

Fundazio edo antzeko erakunde batek nola jorratu lezake informazio ez-finantzarioa?

Gu kontabilitate sozialean oinarritzen gara, hiru balio mota desberdin ditugularik. Alde batetik, merkatu balioa, transakzio bidez neurtzen dena, kontabilitate ekonomiko-finantzarioa. Langile bati egindako ordainketa gastu bezala zenbatzen duen kontabilitatea, hain zuzen. Kontabilitate sozialean, ordea, ordaindutako hori langileari sortutako balio gisa zenbatzen da.

Bestetik, merkatukoa ez den balioa dugu, transakzio ekonomikorik ez baitago. Lantegi Batuaken kasuan esaterako, zaintza berezia behar duen langile bat kontratatua baduzu, pertsona horren familiari balio bat ematen diozu, denbora libre gehiago izango baitute euren lanerako edota aisialdirako. Beste datu bat emango dizut: ikertuta dago pertsona zaurgarri hauek lan merkatuan sartzeak osasun zerbitzu gutxiago behar izatea ahalbidetzen duela, eta beraz, aurrezte bat sortzen ari gara gure osasun sisteman.

Zaintza berezia behar duen langile bat kontratatua baduzu, pertsona horren familiari balio bat ematen diozu, denbora libre gehiago izango baitute euren lanerako edota aisialdirako

Eta, zer modutara kalkula daiteke gizartean sortzen duen balioa?

Erakundeak non edo zertan sortu dien balioa galdetzen zaie interes taldeei. Lantegi Batuaken kasuan, adibidez, familiei galdetzen zaie. Interes taldeek balioztatu behar dute, bestela ez zen inolako kontrolik egongo. Osasun sisteman ere zenbatu daiteke zaintza behar duten pertsonen hitzordu kopurua jaitsi dela. Ez du erakundeak esaten balioa sortu duela, baizik eta interes taldeek. Nolabait balio hori kuantifikatu egiten da, izan ere, kontabilitate sozialak dena monetizatzen du. Dena neurtzen da eta diru kopuru bat zehazten da.

Zein da hirugarren balio ekosistema?

Ekosistema emozionala izango litzake eta hemen ere kuantifikazioa bat ematen da, merkatu balioaren zuzenketa baten bidez egiten duguna. Adibide bat jarriko dizut: zuk hamar euro irabazten dituzu merkatuko transakzio baten bidez; oso pozik egon zaitezke edo gaizki lana utzi nahian. Hala, emozioen arabera hamarreko merkatu balio horri zuzenketa egin dakiokegu gorantz edo beherantz. Lan askotan gertatzen da egoera hau, jendea prest dago diru gutxiago irabazteko atzean beste balio batzuk daudelako, balio emozionalak hain justu ere. Dena ez baita irabazten duzun dirua, gogobetetze maila, talde baten partaide izatea edota beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK