Euskal Herri osoko garapen agentziek, beren eskualdeko ezaugarri ekonomiko zein sozialak kontuan harturik, hainbat egitasmo bultzatzen dituzte. Zonalde guztiak ez baitira berdinak, batzuk industrialagoak dira, poligono gehiago dituzte, beste batzuetan landa-eremua nabarmenagoa da, eta abeltzaintza eta nekazaritza dira nagusi. Hirietan, berriz, turismoak du indar handia, baita berrikuntza eta teknologia merkatuek ere.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Meatzaldearen kasuan, industriak eta poligonoek dute berebiziko garrantzia; hortaz, Meatzaldeako Behargintza garapen agentziak tokiko enpresa txiki eta ertain industrialak indartzeko lana egiten du. Bilboko portutik, Loiuko aireportutik eta A8 autobidetik gertu dagoenez, eskualde hori gune garrantzitsua da, bai ekonomikoki, baita logistikoki ere.
Meatzaldeako Behargintzak, bere programen bidez, 70 enpresa baino gehiagori lagundu die hainbat proiektu garatzen, eta 2020-2025 aldian Meatzaldeko 38 enpresetan lan egiten duten pertsonak gaitzen lagundu du. Horrekin batera, 278 espediente izapidetu ditu enpresentzako laguntza-eskaeren inguruan, eta 5 milioi eurotik gorako itzulketa lortu du enpresentzat.
Arrate Robertson garapen agentziako Enpresetarako Zerbitzuen Saileko arduradunak balorazio positiboa egiten du emaitza horiei buruz galdetuta: "Garai batean garapen agentziek enplegua zuten helburu, baina gaur egun enpresen arloak garrantzia handia hartu du. Guk enpresekin egunero zuzen-zuzenean egiten dugu lan, eta geroz eta enpresa gehiagok parte hartzen dute gure programetan".
Enpresa txiki, ertain eta industrialak
Meatzaldea eta Euskal Herriko bazter guztietako enpresen erronka nagusietako bat digitalizazioa da, eta Bizkaiko eskualdeko garapen agentziak Suspertze Digitala izeneko programa kudeatzen du, hain zuzen, erronka horri aurre egiteko. Lurraldeko beste 12 agentziekin kolaboratuz antolatutako programa da. “Industria 4.0 eta digitalizazioa bultzatzea du helburu, batez ere, enpresa txiki eta ertainetan, industria eta hari lotutako zerbitzuak, garraioa, logistika eta handizkako merkataritzan diharduten enpresetan”.
Kontuan hartu behar da Meatzaldean enpresa txiki eta ertain industrialak direla nagusi. Garapen agentziak 1.125 bat ditu zenbatuta. Hartara, online webinarrak eskaintzen ditu agentziak, aurten Gaia klusterrarekin elkarlanean. Era berean, enpresetara bisitak antolatzen dituzte ekoizpen-prozesuetako digitalizazio-adibideak ikusteko, eta Hazidigitala izeneko digitalizazio proiektu pilotuen garapena ere eskaintzen du.
Arrate Robertson: “Industria 4.0 eta digitalizazioa bultzatzea du helburu, batez ere, enpresa txiki eta ertainetan, industria eta hari lotutako zerbitzuak, garraioa, logistika eta handizkako merkataritzan diharduten enpresetan”
"Konpetzentzia digitaleko kapazitazio tailerrak egiten ditugu, Meatzaldeako enpresetan lan egiten duten pertsonei zuzenduta. Horrez gain, langabeentzako ikastaroak ere eskaintzen ditugu", azaldu du Robertsonek. Horren eredu, Sprik sustatutako Enpresa Digitala ikastaroak ere antolatzen ditu Meatzaldeako Garapen agentziak.
Saldu eta jasangarria izan
Salbide programaren bidez, lan komertziala profesionalizatzea, merkatua dibertsifikatzea, bezero izan daitezkeenekin bisitak bilatzea nahiz irudi korporatiboa hobetzea eta brandinga lantzeko aukera dute tokiko enpresek. "Enpresei laguntzen diegu bezero potentzialak bilatzen eta elkarrizketa komertzialak egiten. Gure ETEek ekoitzi egiten dute, baina saltzea kosta egiten zaie", dio Robertsonek. Gauzak horrela, programa honek aukera ematen du ez soilik tokiko merkatua gehiago ezagutarazteko, baita nazioartekoa ere, garapen agentziako teknikariak azaldu duenez.
Robertson: "Enpresei laguntzen diegu bezero potentzialak bilatzen eta elkarrizketa komertzialak egiten. Gure ETEek ekoitzi egiten dute, baina saltzea kosta egiten zaie"
Digitalizazioaz gain, jasangarritasuna ere bada enpresen erronka handienetako bat. Bada, esparru horretan laguntzeko programa ere badu Meatzaldeako Behargintzak: Enpresa Berdea. ETEen trantsizio ekologikoa bultzatzeko, arrakasta-kasuak erakusten dituzten tailerrak, webinar tematikoak, online webguneak eta Bono Berdea izeneko 50 orduko kanpoko aholkularitza eskaintzen du agentziak. "Besteak beste, energia aurrezteko ziurtagiriak, hondakinen kudeaketa eta legediari buruzko tailerrak ematen ditugu", adierazi du garapen agentziako kideak.
Halaber, Bono Berdearen bidez, trantsizio ekologikorako planak, energia-eraginkortasuna handitu, karbono-aztarna murriztu, ingurumen-araudira egokitu eta hondakinak kudeatu eta minimizatu ahal izateko ezagutza bereganatzen dute enpresek.
Argentina eta industrialdeak
Nazioartekotzeari begira, Meatzaldeako Garapen agentzia hainbat ekintza garatzen ari da Mexiko, Argentina, Txile, Peru, Frantzia, Alemania edota Marokoko enpresekin, jakitun baita lurraldeko enpresentzat garrantzitsua dela beren merkatua nazioartera hedatzea. Egun, Mercosur Urratsez Urrats izeneko programa du abian, zeinaren bidez Argentinako merkatuaren azterketa eta bezero/hornitzaile izan daitezkeenen bilaketan laguntzen duen. "Bertako agentziekin lan egiten dugu orain dela urtebete baino gehiagotik. Argentinako eskualdeetako agentziekin kolaboratzen dugu Garapenen bidez, eta herrialdeko azoketara joango gara aurten", nabarmendu du Robertsonek.
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, Industrialdeak Hobetuz programa ere kudeatzen dute. "2018tik eskualdeko poligonoekin lanean ari gara. Industrialdeen plan integralak garatzen laguntzen dugu inolako kanpo laguntzarik gabe. Ondoren, plan horietan biltzen diren ekintzak gauzatzen laguntzen diegu", azaldu du. Gauzak horrela, eskualdeko industria poligonoak modernizatzea lortu dute, weborriak garatuz, azpiegiturak eta segurtasun sistemak digitalizatuz, besteak beste. "Ziurrenik poligono aurreratuena Muskizeko San Martin izango da. Poligonoaren biki digitala garatu dugu. Sentsorika baliatu dugu edukiontzien betetze maila, elektritate kontsumoa eta beste gauza batzuk neurtzeko, bideo-bigilantzia kamerak ditugu eta dena monitorizatuta dugu. Horrelako gutxi egongo dira Euskal Herrian eta Espainian", argitu du Robertsonek.
Energia sektorearen garrantzia
Euskal Herriko garapen agentzia ororen gisan, enpresentzako laguntza indibidualizatuta ere eskaintzen du Meatzaldeako Behargintzak. Enpresak Lagunduz programaren bidez, proiektuak eta finantzazioaren identifikazioa, dirulaguntzak izapidetzeko laguntza, enpresetara bisitak edota enpresei laguntzeko programei buruzko informazio eguneratua eskaintzen du.
Era berean, gida industrial bat garatzen ari dira orain, zeinetan eskualdeko enpresa guztiak geolokalizatuta izango dituzten. "Sektoreka edo udalerrika sailkatzeko aukera emango du, eta enpresei buruzko informazio pila eskainiko digu", gehitu du garapen agentziako Enpresetarako Zerbitzuen Saileko arduradunak.
Arrate Robertson: "Abanton parke teknologiko berriaren aldeko apustua egin zen. Bertan EIC Energy International Center eraikina dago. Somorrostroko formakuntza zentroarekin lankidetzan, energia-proiektu bat abiatu dugu"
Horrekin batera, EnergyLan D egitasmoa jarri zuten martxan iaz: Meatzaldeako energia poloa. "Abanton parke teknologiko berriaren aldeko apustua egin zen. Bertan EIC Energy International Center eraikina dago. Somorrostroko formakuntza zentroarekin lankidetzan, energia-proiektu bat abiatu dugu. Hub moduko bat da, formakuntza eskaintzen duena, baina datu zentro handi bat ere badu zonaldeko enpresen eskura, baita bestelako energia-azpiegitura ere", azaldu du teknikariak.
Gauzak horrela, garapen agentzia eskualdean energiaren balio-katean diharduten enpresak "identifikatzen" ari da, "EICen lan egingo duten konpainiek zonaldean hornitzaile posibleak zehaztuta izan ditzaten", bukatu du Robertsonek.
Ekimen horiek guztiak Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren eskualdeko lehiakortasuna bultzatzeko programan oinarritzen dira. Bistan da industria-sarearen garapen lehiakorrerako erakundeek egiten duten apustu hori emaitzak izaten ari dela.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta