Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta BC3 zentroak egindako ikerketa kuantitatibo baten arabera, ibilgailu elektrikoak erosteko dirulaguntza publikoak diru-sarrera handieneko etxeei ematen zaizkie batez ere. Azterlanak argi ondorioztatu du diru-sarrera handiak eta hezkuntza-maila altuak dituzten eta hiriguneetan dauden etxeetan kontzentratzen direla ibilgailu elektrikoak. Horrela, ibilgailuok eskuratzean arrakala sozial bat antzeman da, eta laguntza publikoen egungo programek ez dutenez desberdintasun hori zuzentzen, dirulaguntzak diru-sarreren mailarekin lotzea proposatzen da ikerketan. Mercé Amich BC3 zentroko Low Carbon taldeko ikerlariarekin aritu gara hizketan azterlanaren berri jakin ahal izateko. Amich doktorego-tesia prestatzen ari da EHUn gizartea deskarbonizatzeari buruz, eta gehien kutsatzen duten sektoreak (garraioa, eraikinak...) ditu aztergai.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Auto elektrikoak garestiak direla gizartearen pertzepzioa ala errealitatea da?
Bai, kostuaren ezberdintasuna nabaria da; errealitatea hori da. Lehen modeloak salneurri altuagoko segmentuetakoak ziren, auto handietako gamak, hain zuzen ere. Hainbat eragilek laguntzen dute errealitate hori gizartean sustraitzen: salneurria, elementu kulturala... Aldaketa teknologikoek beti behar izaten dute egokitze-prozesu bat.
Ibilgailuaren kostuaz gain, etxebizitza egoki bat behar da autoa kargatu ahal izateko. Egun etxebizitza bat erosteko dagoen zailtasuna ikusita, kostuak izugarri igotzen dira.
Bai, horrela da. Oso nabarmena da azpiegitura berri baten beharra dagoela, batez ere kargagailuei dagokienez. Halere, egungo gizartea konbustiozko ibilgailu pribatura egokituta dago, eta askotan ez gara horretaz jabetzen: kaleetako aparkalekuak, egitura horrek hartzen duen espazioa... Beraz, ibilgailu elektrikoaren hedapena gauzatzeko, ez dira soilik salneurriak jaitsi behar, baizik eta azpiegitura osoa eraldatu behar da.
Ikerketa horretan zer proposatzen duzue nagusiki?
Gure ikerketan bi gauza nagusi proposatzen ditugu. Lehena, errentaren arabera mugatzea dirulaguntzak; politika publikoko beste programa batzuetan egiten den bezala, laguntzak benetan behar dituzten pertsonei emateko, dirulaguntza publikorik gabe ezingo bailukete erosi. Gure ikerketak argi erakutsi du Espainiako Estatuan ibilgailu elektrikoen lehen erosleak errenta nahiko handiak dituzten familiak direla.
"2025ean, esaterako, matrikulazio berrien %20 ibilgailu elektrikoak izan ziren. Dirulaguntzak benetan behar dituzten familiei zuzenduko balitzaizkie, litekeena da salmentak nabarmen igotzea"
Bestetik, komunikabideetan hainbeste oihartzun izan ez duen arren, ibilgailuak txatarra bihurtzeko irizpidea berriz aztertzea proposatzen dugu. Lehen MOVES planak jasotzen zuen baldintza hori, baina ondoren kendu egin zuten. Dirulaguntza hori jaso ahal izateko, konbustiozko ibilgailua txatarra bihurtzea ezinbesteko baldintza izan behar da. Aurki indarrean jarriko duten Autoplus programak ez du irizpide hori jasotzen. Ingurumena zaindu nahi badugu, neurri horrek ez du zentzurik; ibilgailu elektrikoek konbustiozkoak ordeztu behar dituzte. Hori sustatzen ez bada, plana ez da koherentea ingurumen-politikarekin.
Errenta txikiak dituzten familiei dirulaguntzak ematea proposatu duzue, zehaztu dezakezu?
Bai, guk hori aholkatzen dugu, baina ez dugu zehaztu nola ezarri behar diren dirulaguntzak. Halere, daukagun arazo nagusietako bat da Estatuan ibilgailu elektrikoen presentzia oraindik txikia dela. 2025ean, esaterako, matrikulazio berrien %20 ibilgailu elektrikoak izan ziren. Dirulaguntzak benetan behar dituzten familiei zuzenduko balitzaizkie, litekeena da salmentak nabarmen igotzea. Dena testuinguru zehatz batean eman behar dela azpimarratu behar da: Emisio Baxuko Zonaldeak, bateriak kargatzeko guneak eta abar hedatuz gero, ibilgailu elektrikoen salmentak erraztuko lirateke. Erakundeen aldetik testuingurua sortzen ari da, baina jendeari laguntza ekonomikoa ematea falta da; familiek eta etxebizitzek aurrezteko duten ahalmena baxua baita gaur egun.
Uste duzu Europako Batasuneko politiketan atzera egin dela ibilgailu elektrikoen ezarpenean, Txinako enpresen teknologia aurreratuagoaren eta salneurri baxuagoen beldur?
Bai, esan genezake helburuak murriztu egin dituztela. Azken finean, eraldaketa industrial batez ari gara. Enpresek zurekin batera arraunean egiten ez badute, zaila da behar diren mailetan garatzea. Ibilgailu elektrikoa Txinaren apustu nagusia izanik, dimentsio geopolitiko handia du. Horrez gain, konbustiozko ibilgailua Europako industriaren ardatzetako bat da, eta horren menpe daude lanpostu asko. Dimentsio geopolitiko horrek dena baldintzatzen du, interes asko baitaude. Aldi berean, interesgarria da trantsizio energetikoa nazioarte mailan ematen dela. Dena den, Europan zenbait urrats eman dira: Espainiako Industria Ministerioaren Automax planak, adibidez, EEE ibilgailuen kontzeptua sortu du (Ekonomikoa, Elektrikoa eta Europarra), eta pizgarri bat ematen du ibilgailua elektrikoa eta Europan ekoitzia bada.
"Estatuak ibilgailu elektriko eskuragarrien ekoizpen masiboa susta dezake, eta tarifa baxuetan eskaini landa-eremuetako familia zaurgarriei"
Gizartearen deskarbonizazioari dagokionez, ibilgailu elektrikoa erabateko konponbidea izango al da?
Bi kontu aipatuko nituzke. Alde batetik, Estatu espainiarra eredugarria dela energia berriztagarrien arloan. Eskaera handituko balitz, garraio pribatua elektrifikatuz, adibidez, operazio-kostu nahiko baxuak lor litezke. Hortaz, paradoxa bat dago: ibilgailu elektrikoa gutxien erabiltzen den herrialdeetako bat izanik, energia berriztagarria ekoizteko aukera handiak ditugu. Hala ere, nire ustez, egungo konbustiozko ibilgailu guztiak elektrikoekin ordezkatzea ez da izan behar zabaltzen dugun mezua. Mugikortasun pribatua eta gizartearen eredua birplanteatu behar dira; etxebizitza bakoitzak ezin du ibilgailu pribatu bat baino gehiago izan, ingurumenaren ikuspegitik ez baita jasangarria. Hori bai, leku isolatuagoetan edo garraio pribatua ezinbestekoa den tokietan, gaur egun konponbiderik garbiena mugikortasun elektrikoa da.
Iaz, Transport & Environment GKEarekin batera, Leasing soziala: ingurumen aldetik jasangarria, sozialki bidezkoa eta lurralde aldetik orekatua izango den mugikortasun pribatuko sistema berri baterako proposamena izeneko txostena argitaratu genuen. Bertan, Frantzian martxan dagoen politika bat aztertu genuen, munduko beste hainbat tokitan ere garatu dena (Singapurren, Kalifornian...). Proposamen horren arabera, estatuak ibilgailu elektriko eskuragarrien ekoizpen masiboa susta dezake, eta tarifa baxuetan eskaini landa-eremuetako familia zaurgarriei; emaitzak oso onak izan dira.