2025eko martxoaren 25ean eta 26an Mubil Mobility Expo azokaren edizio berria izango da Ficoban, Irunen. “Mugikortasun eraldatzailea” lelopean egingo da bosgarren edizioa, eta urteroko legez, mugikortasun adimendun eta jasangarria izango dira ardatz.
Mubilekoek azaldu dutenez, edizio berrian arreta jarriko da “digitalizazioak eta berrikuntzak bultzatutako mugikortasun jasangarriaren inpaktu erreal, positibo eta eraldatzailean”, eta zenbait alor jorratuko dira: hiriaren garapena, bizi kalitatea, zibersegurtasuna, lurralde kohesioa, industria, erregulazioa, adimen artifiziala…
Gai horiek guztiak azokan zehar egingo diren topaketa sektorialetan, foroetan eta bilera espezializatuetan landuko dira. Eta nola ez, erakusketari andana izango da, zeintzuek beren soluzio berritzaileak erakutsiko dituzten. Zehazki, 110 enpresa erakusle izango dira, iaz baina bost gehiago, eta gehiengoak (%44) EAEkoak izango dira. %40 Espainiako Estatutik iritsiko dira, eta %16 nazioartetik. Azken horien artean, Alemaniakoak, Herbehereetakoak eta Frantziakoak gailenduko dira.
Frantziak izango du, hain zuzen ere, pisu nabarmena, edizio berriko Partner Country izango baita herrialdea. Izan ere, Mubilek akordio estrategikoa erdietsi du ID4Mobility, NextMove eta CARA kluster frantsesekin, bi lurraldeen arteko lankidetza enpresarialak sustatu asmoz.
“Erakustaldi dinamikoentzako” gune espezifikoa ere izango da. Bertan, enpresa, zentro teknologiko eta industria hornitzaileek euren konponbide aurreratuak erakutsi ahal izango dituzte: autobus elektrikoak, ibilgailu autonomoak, prototipo industrialak… eta abar.