
“Behin betiko” akordioa itxi zuten atzo AEBk eta Europak: oro har, %15eko muga-zerga aplikatuko zaie Europako inportazioei, gehienez. EBk, trukean, Estatu Batuetako industria-produktuen gaineko muga-zergak kenduko ditu, eta merkatua irekiko die AEBko nekazaritzako elikagai- eta energia-ondasunei. Akordioa testu batean jaso da, eta nahiz eta juridikoki loteslea ez izan, bien arteko merkataritza-politikaren oinarritzat hartuko da.
Hortaz, %15eko tarifa orokorra izango dute ondasun gehienek: automobilek, erdieroaleek, sendagaiek eta zurak barne, zeintzuengan aurrez %30erainoko muga-zerga aplikatzea aurreikusten zen. Automobilen kasuan ere muga-zergaren beherakada azpimarratu da, %27,5etik %15era murriztuko baita; aitzitik, EBk AEBko produktu industrialei muga-zergak kendu ostean soilik aplikatuko da jaitsiera hori, eta abuztuaren 1era atzerako eragina izan lezake. Hala ere, izango dira salbuespenak: altzairuak eta aluminioak %50eko muga-zergarekin jarraituko dute, kuota edo kontingenteei buruzko akordiorik ez dagoen bitartean. Hegazkinak eta farmazeutiko generikoak ez dira %15eko muga-zergaren eraginpean egongo; kasu horietan soilik OMCren Nazio Gogokoenaren (NMF) tarifa orokorra aplikatuko da, eta, hortaz, ez dute gehigarririk pairatuko. Aitzitik, ardoaren eta edarien sektoreak ez du salbuespenik lortu, eta %15 inguruko zerga mantenduko dute.
Arestian aipatutakoak ez ezik, beste zenbait aldaketa onartu ditu Europak: 600.000 milioi dolarreko inbertsioak egiteko konpromisoa hartu du 2028ra bitartean, batez ere sektore estrategikoetan; gainera, AEBko ekipamendu militarraren erosketak indartuko ditu Europak, eta akordioak adostuko ditu zenbait alorretan (osasun ziurtagiriak, digitalizazioa, jabetza intelektualean, lan eskubideetan…). Energiaren sektorean ere 750.000 milioi dolarreko erosketak egingo ditu Bruselak, eta AA txipetan beste 40.000 milioikoak, hauek ere 2028ra bitartean.
Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak “inoiz negoziatutako merkataritza akordiorik handien” gisa aurkeztu du ituna, muga-zergen gerra komertziala saihesteko eta egonkortasuna sustatzeko bide gisa. Trump presidenteak ere baikortzat jo du hitzarmena, baina argi utzi du zergak %35eraino igotzeko prest dagoela Europak akordioa ez betetzekotan. Alemaniako eta Frantziako buruzagien hitzetan, ordea, akordioak mendekotasun handiegia sortuko dio Europari AEBekiko.