Pasa den urteko uztailean izendatu zituzten tentsio handiko eremu Nafarroako 21 udalerri. Ordutik, alokairuen prezioetan aldaketak izan dira: %8,6 merkatu dira etxebizitzak. Hala ere, higiezinen eskaintzak bere horretan jarraitu du: 2025 urtean 4.202 kontratu sinatu ziren, 2024an baino 26 gehiago. Datuok aurkeztu ditu Begoña Alfaro Nafarroako Etxebizitza kontseilariak, zeinak baieztatu duen merkatuaren erregulazioa funtzionatzen ari dela.
Nafarroako Etxebizitza Errentamenduko Kontratuen Erregistroan jasotako informazioan oinarritu da Alfaro. Erregistro horrek lurraldean kokaturik dauden alokairu kontratu guztien inskripzioak jasotzen ditu, ohiko etxebizitzenak zein aldi baterako errentamenduenak. Erregistro horren arabera, 2025eko bigarren hiruhilekoan alokairuen batez besteko prezioa 848,7 eurokoa zen, eta laugarren hiruhilekoan, aldiz, 774,3 eurokoa. Alfarok gaineratu du epe berean sinatutako kontratuen zenbatekoak behera egin ez izanak “sektorearen interes pribatuek merkatua erregulatzea gustuko ez dutenean jo ohi duten mantra hausten duela”.
Beste alde batetik, datuek adierazi dute igoera izan dela aldi baterako alokairuen kontratuetan, 2024ko %5etik 2025ean %11ra igo baita zenbatekoa. Kontseilariak sektore pribatuaren “zati bati” egotzi dio igoera, “legea saihestu nahi baitute denboraldi baterako fikziozko kontratuen bidez”. Era berean, maizterrei esan die “fikziozko aldi baterako kontratua” dutenei, alegia, bat-batean aldi baterako kontratua izatera pasa direnei, joateko datorren astetik aurrera martxan izango den Nafarroako Gobernuaren bitartekaritza zerbitzura, eta salaketa jar dezaten animatu ditu, “iruzurrari denon artean aurre egiteko”.