• EKONOMIA
  • Nafarroako barazki eta frutak Madrilen dira

Nafarroako barazki eta frutak Madrilen dira

Nafarroako zortzi enpresa Madrilgo Fruit Attraction azokara bertaratu dira, bezero eta merkatu berriak esploratzeko eta produktuak ezagutarazteko xedez

Azoka gaur hasi eta ostegunean amaituko da | Argazkia: Ifema
Azoka gaur hasi eta ostegunean amaituko da | Argazkia: Ifema
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko urriaren 6a - 05:30

Nafarroan asko dira fruitu eta barazkien sektorean diharduten enpresak, dela elikagaiak ekoizten, dela banatzaile gisa. Pikuak, endibiak, urazak, tipulak, brokoliak, sagarrak, udareak… orotariko produktuak ekoizten dituzte, mimo handiz landutakoak, kalitate ahalik eta onena eskaini asmoz. 

 

Ez da, ordea, lan makala, hamaika erronkei aurre egin beharrean baitago sektorea. Beste sektore askoren antzera, ekoizpen kostuak arrapaladan igotzen ari dira, eskulangile kopuruak behera egiten duen erritmo bertsuan. Hori gutxi ez eta sektoreko enpresek arretaz bete behar dute Europako araudi zorrotza.

Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Sektorea une onean

Sektoreak pairatzen dituen erronkak eta arazoak xehe-xehe azaldu dizkio egunkari honi Ana Juanena INTIAko Kontrol eta Ziurtapen arloko arduradunak. “Gasolioa igo da, argindarra igo da, ongarriak igo dira; ekoizpen-baliabide guztiak igo dira. Enpresek arazo handi bat dute: barazki zein fruituen prezioak pixka bat igo diren arren, ez da nahikoa gastuak estaltzeko”, dio Juanenak.

 

Ekoizpen-baliabideak garestitu izanaz harago, sektoreko prozesu asko ez daude mekanizatuta, alegia, eskuz egin behar dira. Produktu asko alez ale jasotzen dituzte laborariek: Lodosako piperrak, Tuterako orburuak, zainzuriak… Horretarako eskuz lan egiteko prest egongo den jende asko behar da, baina Nafarroako konpainiek arazoak izaten dituzte eskulangileak eskuratzeko. 

Juanena: “Gasolioa igo da, argindarra igo da, ongarriak igo dira; ekoizpen-baliabide guztiak igo dira. Enpresek arazo handi bat dute: barazki zein fruituen prezioak pixka bat igo diren arren, ez da nahikoa gastuak estaltzeko”

Europako araudia ere hortxe da. Intiako kideak argi du egungo legedia “oso ondo” dagoela ingurumena eta kontsumitzaileak babesteko, zehazten duelako zein produktu aplika daitezkeen landareen osasuna bermatzeko; hala ere, ohartarazi du ez dagoela izurrite konkretu batzuk kontrolatzeko aukera bideragarririk. “Izurrite batzuen aurka borrokatzeko baliabiderik ez izateak arazoak dakarzkie enpresei, ekoizpenean galera txikiak eragiten dituelako edo elikagaien kalitatea kaltetzen duelako. Horrek produktuek gutxiago balio izatea dakar”.

Arazoak arazo, sektorea une onean dagoela iritzi dio Juanenak. Azken urteetan Nafarroan baratzezaintzara bideratutako azalera, eta batez ere frutagintzara bideratutakoa, ez omen da txikitu, ikaragarri hazi ez bada ere. “Sektorea oso zabala da. Gerta daiteke produktu batzuk bide onetik joatea eta beste batzuk okerrago, baina oro har, une onean dago sektorea”, baieztatu du.

 Nafarroako konpainia bat Fruit Attraction azokan| Argazkia: INTIA
Nafarroako konpainia bat Fruit Attraction azokan| Argazkia: INTIA

Merkatu berrien bila, Madrilera

Hainbat ekoizle mota daude Nafarroan. Badira zuzeneko salmentan eta tokiko produktuan espezializatzen diren ekoizle txikiak, eta badira salmenta handiak eta merkatu berriak bilatzen ari direnak. Bigarren talde horren barruan kokatuko lirateke, gehienbat, Madrilgo Fruit Attraction azokara joan diren Nafarroako konpainiak. 

Azoka gaur hasi da, eta ostegunera bitartean fruta eta barazkien sektoreko konpainia, erakunde eta profesionalen topaleku izango da. Nafarroako konpainiak 180 metro karratuko stand bateratu batean kokatu dira, zeina Intiak koordinatzen duen Reyno Gourmet markaren pean; zehazki, zortzi dira euren produktuak ezagutarazi eta lankidetza berriak sortu asmoz bertaratu diren enpresak. Aukera komertzial berriak bilatzeaz gain, azokako parte hartzaileentzako sukaldaritza tailerrak eta zuzeneko dastaketak ere egingo dituzte.

Juanena: “Bereziki esportatzen dira tipula eta brokolia bezalako produktuak”

Nafarroatik Madrilera bidaia egin duten enpresa gehienak familia-enpresak dira, kooperatiba bat izan ezik: Endinavak piku ekologikoak, urazak, eta izenak iradoki moduan, endibiak ekoizten ditu; Agrícola San Blas kooperatiba brokolian, azalorean eta erromaneskoan espezializatu da; Agorreta izeneko konpainiak tipulak eta orburuak produzitzen ditu, eta Sola Onions izeneko taldeak, aldiz, tipulak soilik. Cebollas Marchite konpainiak ere tipulak ez beste ekoizten ditu. Beste hiru konpainiek —Frutas y Hortalizas de Fontellas, Gumendi eta Frutas y Verduras Castel Ruiz— orotariko fruta eta barazkiak ekoizten dituzte, eta azken hori elikagaiak banatzeaz ere arduratzen da. 

“Fruit Attractionen gisako azokak baliagarriak dira enpresentzat, izan bezero berriak ezagutzeko, izan lehendik zituztenekin harremanak sendotzeko. Merkataritza ikuspegitik oso interesgarria da”, nabarmendu du Juanenak. Nafarroako enpresa guztiek ez dute helburu bera, euren ekoizpenaren zati bat lurraldean bertan geratzen delako, eta beste zati handi bat industriara bideratzen delako, produktuak eskatzen dituzten izozte-enpresa eta kontserba-enpresek pisu handia baitute lurraldean. Haatik, esportaziorako bokazioa ere badute hainbat konpainiek, eta horretarako parada ezin hobeak izaten dira nazioarteko azokak. “Bereziki esportatzen dira tipula eta brokolia bezalako produktuak”, zehaztu du Intiako arduradunak. 

 Nafarroako konpainien stand-a Fruit Attraction azokan| Argazkia: INTIA
Nafarroako konpainien stand-a Fruit Attraction azokan| Argazkia: INTIA

Ekologikoa da produktua, gero eta gehiago

Uda honetan izandako beroaldi eta lehorteek argi utzi dute —oraindik argi ez zuen norbait existitzen bada— klima-aldaketa puri-purian dagoela, eta fruta eta barazki ekoizleek ere ongi dakite egoera zein den. Berrikuntza gako izaten ari da testuinguru berri horietara egokitzeko, besteak beste, tokian tokiko barietateak berreskuratuz. “Hainbat enpresa bertako barietateak errekuperatzen ari dira, ondo egokitzen direlako; produktuek zuten baserritartasun hori bilatuz, klima-aldaketa saihesteko eta egoera berrietara egokitzeko arma gisa baliatzen ari dira”, adierazi du Juanenak.

Ildo beretik, produktu ekologikoen aldeko apustu gero eta nabariagoa egiten ari dira nafarrak. Are gehiago, azokara doazen eta merkatu handiagoetara salto egin nahi duten konpainia horientzat bereizteko modua izaten ari da produktu ekologikoak ekoiztea. Nekazaritza “konbentzionalean” gero eta muga gehiago egoteak eta Europako politika berriek eragin zuzena izan dute produktu ekologikoen gorakadan, eta Nafarroan ez diote gaiari eskapu egiten utzi nahi. Juanenak argi du: “Potentzial garrantzitsua du Nafarroak oraindik ere produktu ekologikoetan hazteko, eta esango nuke urte gutxiren buruan aldaketa nabarituko dugula”.

Juanena: “Fruit Attractionen gisako azokak baliagarriak dira enpresentzat, izan bezero berriak ezagutzeko, izan lehendik zituztenekin harremanak sendotzeko. Merkataritza ikuspegitik oso interesgarria da”

Berrikuntzaz hitz egitean bada kontuan izan beharreko beste alor bat: ingurumenaren kalitatea. Asko eta asko dira frutak eta barazkiak ekoizterako orduan hondakinak murrizten saiatzen ari direnak, produktuen bilgarriak eta ontziak murriztuz, esaterako; eguzki-plakak instalatzen ari dira beste hainbat. “Kontsumitzean guk ikusten ez dugun berrikuntza da, baina ingurumenaren kalitatean asko nabaritzen da”, baieztatu du Intiako kideak. Hondakinak murrizteko bidean, sektorea prozesuen mekanizazioan lan egiten ari ei da, bi arazo desberdinei erantzun bateratu bat emanda: zakarra gutxitzea eta eskulangile faltari aurre egitea.

Enpresek jasangarritasunaren alde egindako apustuan eragina izan dute gazteek. Fruit Attraction azokara joan diren konpainien kasuan, familia-enpresak izanik, belaunaldi gazteak jada martxan jarri dira, eta Juanenaren ustetan “ikuspegi berria” txertatzen ari dira: “Haientzat iraunkortasuna ez da soilik arma komertzial bat, lema moduko bat baizik”. Enpresen web orrialdeei begiratzea besterik ez dago: “Guztiek egiten diote erreferentziaren bat iraunkortasunari eta inguruneari”.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain