Nola kalkulatzen da baja nomina abiapuntu hartuta?

Kontingentzia arruntek zein lan kontingentziak sorturiko bajak kalkulatzeko modua berdintsua da; aitzitik, portzentajeak aldatzen dira

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Denoi pasa zaigu noizbait gure lanera joan ezin izatea, askotan gaixotasun batengatik, beste batzutan istripu baten ondrioz. Askotan ere gogorik ez dugu izaten joateko, baina azken arrazoi hori ez dago gure legedian. Hobe gure legediko bajak aztertzea, gure eskubideak zeintzuk diren benetan jakiteko.

Legedian bi lanuzte mota arautzen dira. Kontingentzia arruntek sortutako bajek osatzen dute lehen taldea. Lanuzte horiek zure lan eginkizunarekin zerikusik ez duten arraoiek sortutakoak dira, besteak beste gaixotasun arruntak —gripea, hotzeria eta buruko mina—. Atal honetan sartzen dira kirol lesioak edo etxeko istripuak ere, eta azkenaldian gorantz doazen egoerak, alegia, nahaste psikologikoak, hala nola antsietatea, depresioa, estresa, eta abar. Ezin ahaztu gaixotasun kronikoak, diabetesa, hipertentsioa, asma eta tratamendu medikuak —kimioterapia, erradioterapia eta kirurgia—. Bajaren iraupena egoeraren araberakoa izaten da, eta luzatu egin daiteke egoerak hala eskatzen badu.

Legedian bi lanuzte mota arautzen dira. Kontingentzia arruntek sortutako bajek osatzen dute lehen taldea. [...] Bigarren taldean dira, aldiz, lan kontingentziak sorturiko bajak, egiten den lanarekin zuzeneko lotura dutenak

Bigarren taldean dira, aldiz, lan kontingentziak sorturiko bajak, egiten den lanarekin zuzeneko lotura dutenak. Honako hauek dira laneko gertakizunen ondoriozko bajak sartzen diren egoeretako batzuk: laneko istripuak —erorketak, ebakiak, erredurak—; lanak sortutako gaixotasunak —asbestosia, silikosia, dermatitisa, etab.—; lanak larriagotzen dituen gaixotasun arruntak —lunbalgia, tendinitisa, herniak, etab—; lantokian hartutako gaixotasun infekziosoak, hala nola COVID-19; edo sustantzia toxikoen —beruna, merkurioa, amiantoa eta abar— eraginpean egotearen ondoriozko lesioak edo gaixotasunak.

Nominan eragina

Hori dena jakinda, galdera berdina egin ohi dugu denok: nola eragiten dio hilabete amaieran jasotzen dudan nominari? Lehenik eta behin, oso argi eduki beharra dago gure baja zein motatakoa den, lanuzte bakoitzaren sorburuaren arrazoiak funtsezko papera edukiko baitu gure nomina kalkulatzerako garaian.

Informazio gehiago Ba al dakigu nomina irakurtzen?

Kontingentzia arrunteko lanuzteen tratamenduetan, ezinbestekoa da gizarte segurantzan altan izatea baja kobratzeko aukera izateko, eta gainera gutxienez 180 egun kotizatuta eduki behar izango dira aurreko 5 urteetan. Kasu horietan, lehenengo hiru egunetan ez da ezer kobratuko, eta hortik aurrera honela antolatuko da: 4. egunetik 15. egunera arte zure enpresa izango da ordainduko dizuna, eta zenbateko gordina zure aurreko hilabeteko oinarri erregulatzailearen %60 izango da; 16. egunetik 20. egunera portzentaje berdina jasoko duzu, baina nahiz eta zuri enpresak ordainduko dizun, gero gizarte segurantzak zure enpresari dirua bueltatuko dio.

Aitzitik, baja 20 egunetik gora badoa, 21. egunetik aurrera oinarri erregulatzailearen %75 soldata gordin bezala jasoko duzu. Hori kobratzeko lehen aipatu dugun sistema erabiliko da, hau da, enpresak emango dizu zuri dirua, baina gizarte segurantzak bueltatuko dio gero enpresari. Ordainketa sistema horri ordainketa delegatua deritzo.

Kontingentzia arrunteko lanuzteen tratamenduetan, ezinbestekoa da gizarte segurantzan altan izatea baja kobratzeko aukera izateko, eta gainera gutxienez 180 egun kotizatuta eduki behar izango dira aurreko 5 urteetan

Lanuzteraren arrazoia lan kontingentzia bada erabat aldatzen da sistema; ez da aurretik kotizatuta inongo egunik eduki behar eta lan istripua gertatzen den eguna lan eginda bezala hartuko da, hau da, enpresak ordainduko du betiko moduan. Hortik aurrera oinarri erregulatzailearen %75 kobratuko duzu. Kasu horretan baja sortzen denetik ordainketa delegatu sistema erabiliko da.

Eta hilerokoak ezintasuna sortzen badit?

Legedian sartutako azken baja da emakume langileentzako aldi baterako ezintasuneko egoera bereziena. Bi motatakoak dira. Lehenengoan, hilekoak sortutako ezingaitasuna deritzonean, lehen egunenik 20. egunera oinarri erregulatzailearen %60 kobratuko da, eta 21. egunetik aurrera %75era igoko da.

Bigarren baja motaren arrazoiak dira haurdunaldia etetea —borondatezkoa izan ala ez—, eta haurdunaldiko 39. asteko lehenengo eguna. Lanuzte horren baldintzak aurrekoaren berdin-berdinak dira: aldatzen den gauza bakarra da bigarren lanuzte horretan lehen eguna lana egin balitz bezala hartzen dela da. Bi kasu hauetan ere ordaindu beharrekoa ordainketa delegatu sistemaren bidez egiten da.

Oinarri erregulatzailearen kalkulua

Ikusi bezala, oinarri erregulatzailea da oinarrizko kontzeptua. Oinarri erregulatzaile hori nola kalkulatzen den da gakoa. Izan ere, modu ezberdinean kalkulatuko da bajaren arrazoia kontingentzia arrunta edo lan kontingentzia bada.

Kontingentzia arrunta denean, aurreko hilabeteko oinarri erregulatzailea hartzen da, eta behin 30 egunengatik zatituta, honi lehen aipatutako portzentajeak aplikatu behar dira.

[Oinarri erregulatzailea] modu ezberdinean kalkulatuko da bajaren arrazoia kontingentzia arrunta edo lan kontingentzia bada

Lan kontingentzia denean, ordea, aurreko hilabeteko lan oinarria hartzen da oinarritzat. Horri aurreko hilabeteko ordu gehigarriak kendu behar zaizkio eta emaitza 30 egunengatik zatitu. Beste alde batetik, aurreko urtean egindako ordu gehigarriengatiko kotizazio guztiak batu eta 365 egunengatik zatitzen da. Hala, bi zatiketa horien emaitzak batzen dira lan kontingentziagatik sortutako bajaren oinarri erregulatzailea lortzeko.

Hau dena hobeto ikusteko adibide bat jarriko dugu.

Mirenek 56.000 euro gordin irabazten ditu urtean, bertan hilabeteko ordainketez gain, bi ordainketa berezi sartuta daudelarik. Hau da Mirenek 14 paga jasoko ditu urtean, beraz 56.000/14 = 4.000 euro gordin hilabetean, eta bi paga 4.000 eurokoak.

Hilabeteko oinarri erregulatzailea kalkulatzeko bi paga berezi horiek banatu beharko dira hilabeteko nominetan, honetarako (4.000€+4.000€)/6 = 666,66€ gehituko diogu lehen kalkulatutako 4.000 euro gordin horiei.

Horrela Mirenen hilabeteko oinarri erregulatzailea 4.000€+666,66€ = 4.666,66 eurokoa izango da.

Mirenek gripea arrapatu du 2023/05/14ean, eta baja hartu du kontingentzia arruntagatik. Orain maiatzeko nomina kalkulatuko dugu:

  • 1-13 egunetan normal: (4.000€/30)*13 = 1.733,33€
  • 14-16 egunetan: 0 €. Kontingentzia arruntagatiko baja baita.
  • 17-28 egunen bitartean: apirileko oinarri erregulatzailea hartuko dugu, lehen kalkulatu dugun 4.666,66€. Hori 30 egunengatik zatituko dugu, eta eguneko 155,56€ izango da gure bajaren oinarria kalkulatzeko datua. Egun hauetan %60 kobratuko denez (155,56€*%60) = 93,34€/eguneko kobratuko du, eta hori 12 egunetan zehar beraz, 1.120,08€
  • 29-31 egunen bitartean aurreko tartean bezela, hau da, 93,34€*3 = 283,02€

Honela hilabete honetako soldata gordina Mirenentzat honako hau izango da:

1.733,33€ + 1.120,08€ + 283,02€ = 3.136,43€ (Horri gizarte segurantzako deskontuak eta atxikipenak kendu beharko zaizkio)

Enpresak ordea gizarte segurantzako kotizazioa normal egingo du eta ez du inongo portzentaje gutxiagotzailerik aplikatuko. Enpresaren kotizazio oinarria honela kalkulatuko da:

Lan egindako zatia = 1.733,33€

Paga berezien zatia = (8.000€ / 12 hilabete / 30 egun) =22,22€/eguneko * 13 egun (lan egin dituen egunak) = 288,89€

Lan egindako zatiaren kotizazio oinarria = 2.022,22€

Bajaren kotizazio oinarria: 155,56€ * 17 egun = 2.644,52€

Beraz enpresak gizarte segurantzara kotizatuko du 2.022,22€ + 2.644,52€ = 4.666€ tako oinarriarekin hau da inongo aldaketarik gabe.

Kalkulu eredu berbera erabiltzen da lanuzte guztietarako; aldatzen den bakarra portzentajea izaten da. Kasu horretan, Mirenen baja 21 egunetik haratago luzatzen bada %60 jarri dugun tokian %75 erabili beharko dugu, eta egun kopuruagatik biderkatu.

Amatasun eta aitatasun baimenak

Konturatuko zineten ez ditudala amatasun eta aitatasun bajak aipatu. Nahiz eta gure egunerokoan lanuzte bezela erabiltzen ditugun, gizarte segurantzak ordaindutako baimen bezela izendatzen ditu. Horiek lehen egunetik gizarte segurantzak ordaintzen ditu, eta bere osotasunean gainera.

Azkenik ahaztu behar ez den datu bat utziko dugu: lanuzte garaian kobratzen den zenbatekoaren barnean ordainketa bereziak hainbanatuta daude. Beraz, gure ordainketa berezia jasotzeko garaian ez dugu ohiko zenbatekoa jasoko, baizik eta gutxiago. Hori dena erabat aldatzen da langileek beraien enpresarekin duten hitzarmenaren arabera; hitzarmen askotan osagarriak sartzen dira bajak gertatzen direnean soldata berbera jaso ahal izateko. Horregatik oso garrantzitsua da langileek beraien hitzarmena ezagutzea eta hitzarmen duin bategatik borrokatzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK