• EKONOMIA
  • Nor da nor Euskal Hirigune Elkargoan: ekonomia edizioa

Nor da nor Euskal Hirigune Elkargoan: ekonomia edizioa

Maiatzaren 13an zehaztu zen zein kargu hartuko zuen hautetsi bakoitzak

Argazkia: EnpresaBIDEA
Argazkia: EnpresaBIDEA
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko maiatzaren 15a - 05:30

Aste honetan bertan jakin da zeinek hartuko duen Euskal Hirigune Elkargoko ardura kargu bakoitza. Puntu horretara iritsi baino lehen, apirilaren 11n izendatu zuten Alain Iriart Ipar Euskal Herriko 158 herriak batzen dituen erakundearen buru, eta hil beraren amaierarako erabaki ziren lehendakariordeak, gaikako kontseilariak eta lurralde eremuetako erreferenteak zeintzuk izango ziren.

 

Azken aste honetan, maiatzaren 13an, Iriartek Baionan egindako prentsaurrekoan jakinarazi zuen agintaldi berriko Batzorde Exekutiboko hautetsiek zein kargu izango duten hemendik aurrera. Hainbat profilek ekonomiaren arloarekin dutenez zerikusia, jarraian nor den nor zehaztuko dugu.

Daniel Olçomendy - Trantsizio ekologiko eta energetikoa, turismo iraunkorra

Olçomendyk Turismo Iraunkorreko arduradun izaten jarraituko du, baina Trantsizio Ekologiko eta Energetikoa ere bere gain hartuko du. Laugarren lehendakariordea dena, Izura-Azmeko (Nafarroa Beherea) auzapeza ere bada 2008. urteaz geroztik; are gehiago, duela bi hilabete besterik ez zuen kargua berritu, 2026ko martxoaren 22an. EH Baiko kidea da.

 

EnpresaBIDEAk 2025ean egin zion elkarrizketan zera nabarmendu zuen: Euskal Herriko kostaldeaz gain, barnealdean ere turismo jasangarria sustatu behar dela, bi eremuen arteko oreka bilatze aldera.

Sylvie Durruty eta Peio Etxeleku - Ekonomia eta enplegua, lan eremuak, berrikuntza eta ekonomia arduratsua, ekonomia zirkularra

Biek ala biek kargu bera izango dute, alegia, kargua partekatuko dute: Ekonomia eta enplegua, lan eremuak, berrikuntza, ekonomia arduratsua eta ekonomia zirkularraz arduratuko dira, hain zuzen ere. Egitekoa partekatuko duen agintaldiko bikote bakarra da Durruty eta Etxelekurena.

Lehena, 2014az geroztik Etchegarayrekin batera Baionako lehen alkateorde gisa aritu da Errepublikanoen eskuineko alderdiari loturik. Horrez gain, Euskal Kostaldeko Ospitale Zentroko administrazio kontseiluko presidentea ere bada.

Bestalde, EAJren Ipar Buru Batzarreko Lehendakaria da Etxeleku 2020. urteaz geroztik. Enpresaria ere bada, nekazaritzako elikagaien zein garraioaren sektoreko konpainia bat baino gehiagoren burua baita. Gainera, 2026ko hauteskundeetan Kanbo (Lapurdi) udalerriko auzapez izendatu zuten.

Jean-François Irigoyen – Mugikortasuna eta Euskal elkargoko bideak

Lanbidez ingeniaria izan arren, 2020. urtetik Donibane Lohizuneko (Lapurdi) auzapeza da Irigoyen, eta bera arduratuko da mugikortasunaren eta euskal elkargoko bideen arloaz. Euskal Hirigune Elkargoko 12. lehendakariordea ere bada. 2026an auzapez izateko guztizko botoen %48,37rekin irabazi zituen hauteskundeak. Hala ere, askoz lehenago hasi zen politika lanetan, 1995etik baita zinegotzi.

Kotte Ecenarro – Finantzak eta fiskalitatea

2014. urtetik Hendaiako (Lapurdi) auzapeza denak, gaikako kontseilari gisa, finantzen eta fiskalitatearen ardura izango du. Frantziako Alderdi Sozialistako kideak 76 urterekin lortu du laugarren aldiz hiriko auzapez bilakatzea.

Joseba Erremundeguy – Lur funtsei loturiko estrategia eta ekintza; Hiri politika

Euskal Hirigune Elkargoko 11. lehendakariordea Baionako eta Baiona Handiko Kontseiluko hautetsi da 2020. urteaz geroztik. Euskararen Bulego Publikoan lan egiten zuenean ezagutu zuen Jean-René Etchegaray, eta bide horretatik Baionako udal zinegotzi izatera iritsi zen. Egun Europa eta mugaz gaindiko lankidetza kontseilari ordezkari dena, eta orain arte Elkargoko mugaz gaindiko hautetsi zena, lur funtsei loturiko estrategia eta ekintzaz zein hiri politikaz arduratuko da.

Joseba Erremundeguy | Argazkia: Baionako Herriko Etxea
Joseba Erremundeguy | Argazkia: Baionako Herriko Etxea

Nicole Etxamendi - Etxebizitza eskuragarria

Lapurdi barrualdean kokatzen den Itsasu herriko axuanta (auzapezaren laguntzailea) izan da sei urtez Etxamendi, zeina etxebizitza eskuragarriaz arduratuko den. EH Baiko hautetsiek bultzatutako Bil Gaiten talde politikoko presidentekidea izan zen 2022an, Jean-Claude Mailharinekin batera.

Anne-Marie Bruthe - Baserrialdeko eta hiriko plangintza, lur funtsen zuhurtzia eta laborantza lur eta eremu naturalen babestea

Bidaxune, Amikuze eta Oztibarre (Nafarroa Beherea) eskualdeko departamenduko kontseilaria eta elkargoko lehendakariordeak hainbat lan izango ditu: baserrialdeko eta hiriko plangintza, lur funtsen zuhurtzia, eta laborantza eremu naturalak babestea.

Herve Damestoy – Laborantza, mendia eta arrantza

Lehen sektorearekin jarraiki, hamalaugarren lehendakariordea den Damestoyk izango du laborantzaren, mendiaren eta arrantzaren erantzunkizuna. Lekorneko (Lapurdi) herri kontseiluko kidea da.

Raymond Darricarrere – Lan baldintzen zaintza 

Darricarrere Errobi-Aturri lurralde-eremuko erreferentea izateaz gain, lan baldintzen zaintzaz arduratuko da. Darricarrere 1957an jaio zen, eta Urketako (Lapurdi) auzapeza da 2020ko ekainaren 28az geroztik.

Argazkia: Euskal Hirigune Elkargoa
Argazkia: Euskal Hirigune Elkargoa