Badira bi hilabete Peio Etxeleku (1974, Donazaharre, Nafarroa Beherea) enpresari jeltzalea Kanboko alkatetzara heldu zela. Hauteskunde kanpaina sutsuaren ondotik, orain eguneroko kudeaketaz arduratu behar du, orain ere erritmo bizian. Mugaren bi aldeetan dauden Peio Etxelekuren enpresek 650 langile biltzen dituzte, eta gainera 200 artzainekin lan egiten dute ere. Kolaboratzaile sare sendoari esker, ardura batzuk utzi eta denbora osoz lan egin dezake Kanboko herriko etxean eta Ipar Euskal Herriko Euskal Hirigune Elkargoan. Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoko 158 udalerriak biltzen dituen egituraren presidente-orde izendatu berri dute.
Badira 12 urte hautetsia zarela baina orain auzapeza izatea, ez da gauza bera, ezta?
Aste hauetan, hiruzpalau ikasgai izan ditut eta ohartu naiz ekintza politikoa biziki zabala dela. Ekonomia eta finantzak ongi ezagutzen ditut nire ibilbide profesionalari esker, baina orain Kanboko herriko etxean etxebizitza, segurtasuna edo elkarteei eman behar zaien sostengua kudeatu behar ditugu ere. Baikorki hartzen dut herriko 85 langileen inplikazioa. Argi da atxikimendu handia diotela zerbitzu publikoaren ideiari, eta eskuz-esku gauza asko egin ahal izanen dugula. Denbora berean, enpresa mundutik natorrenez, ikusten dut herriko etxea atzeratua dela arlo digitalean, adibidez, eta hori zuzentzen saiatuko gara eraginkorragoak izateko.
Gauza bat da asmoak izatea, baina eguneroko bizian denetik gertatzen da, eta auzapeza eta zinegotziak lehen lerroan gaude. Joan den asteburuan, herriko zenbait nerabek izan zituzten bi istripu gertatu ziren. Kanbon hiru institutu ditugunez, kontzientzia hartze bat martxan ezarri behar dugu denen artean arriskuak gutxitzeko. Esnatze dei bezala egin behar dugu.
Maiatzean beroaldi handia pairatu dugu. Orain alkatea zarenez horrelako fenomenoak ere molde desberdinean ikusten dituzu?
Protokoloak badira jadanik arlo askotan, eta guk mezuak hedatu ditugu herritar zaurgarrienei buruz horrelakoetan zehatz zer egin behar den berriz azalduz. Kanboren berezitasuna da zahar etxe asko daukagula. Protokoloak aski ongi aplikatuak dira eta konfiantza osoa dut egitura horietako zuzendariengan.
Kanboko herriko etxearen ateak ireki nahi dituzue ere kanboarren parte hartzea sustatuz…
Kanboarrei zuzentzen diegu mezu hau askok parte hartu nahi dutelako eguneroko bizia hobetzeko, eta hori baikorra da. Beste eragileei erakutsi nahi diegu gardentasun handiarekin lan egin litekeela. Hautetsiek beti konektatuak izan behar dugu herritarrekin, eta ez dugu sekula pentsatu behar egia osoa dugunik. Urbanismoa, ekonomia, laborantza, berdintasuna, kirolak edo euskara bezalako hamar batzorde horietan parte hartzeko, behar da Kanbo maite izan. Gure gehiengo berriak batzorde tematiko guzietan parte hartzea proposatzen die kanboarrei, hauteskunde kanpainan hitz eman genuen bezala.
"Enpresa mundutik natorrenez, ikusten dut herriko etxea atzeratua dela arlo digitalean, eta hori zuzentzen saiatuko gara eraginkorragoak izateko"
Dena den bermerik ote dago herritarren iritziak egiazki kontuan hartuko dituzuela?
Hitz ematen dugu erabakiak hartu baino lehen proiektu nagusi guziak batzorde horietan aztertuko ditugula herritarrekin. 70 kanboar ingururen parte hartzea espero dugu beren jakitatea eta esperientzia lagungarriak izan baitaitezke. Elkarteetan eta enpresetan gaitasun handiak daude. 18 urte baino gehiago duten kanboarrek izenak eman behar dituzte Herriko Etxean berean edo gure webgunean. Horretarako ekainaren 14a da azken epea.
Kanpaina garaian hitz eman zenuten oposizioari benetako ardura eskainiko zenioketela, egin ote duzue?
Egia erran, gure asmoa ez da osoki bete oraingoz. Karguan izan bezain laster, talde exekutiboa integratzea eskaini genien oposizioko bi taldeei, gutxiengo handienari eta txikienari. Auzapez orde kargu bat eta delegatu postu bat eskaini dizkiegu, hurrenez hurren, baina biek uko egin diote proposamenari. Ez dute gehiegi inplikatuak agertu nahi eta hautu hori errespetatzen dugu. Gai hori ez da betere hetsia guretzat. Onduko da eta gure atea beti irekia izanen da. Haiek ere guk bezainbat maite dute Kanbo eta haiekin elkarlanean aritu beharko dugu.
Oposizioa eta herritarrekin Marienea etxebizitza proiektu handia aipagai izanen duzue seguraski. Zertan da, bururaino eginen da, bai edo ez?
Gaur egun ezin diot galdera honi erantzunik eman. Nik nire aldetik eginahalak egiten ditut ez dadin egin. Aurreko gehiengoak eraikitze baimena eman zuen, baina guk partaide guztiak ikusten ditugu banan banan: promotorea, babes ofizialeko etxeak kudeatzen dituen egitura, laborantzaz arduratzen denak. Lurren jabea bera ere laster ikusiko dut. Bakoitzari esplikatzen diet zein den gakoa. Gai korapilatsu eta mamitsua da laborantzaren geroaz eta inguramenaren babesaz ari garelako. Proiektuaren kontrako protesta anitz izan da, kanboar gehienek horren kontra direnen alde bozkatu zuten martxoan, eta, orain, auzapez gisa, ez nuke nahi Marienea mobilizazio gunea bilaka dadin. Etxeak behar ditugu bertakoentzat baina ez molde horretan. Laborantzarentzat onak diren lurrak zaindu behar ditugu. Proiektuaren kontrakoek eman duten helegite bat aztertu behar du oraindik justiziak. Korapilo hau ez da bakarrik lege ikuspuntutik deseginen. Gizartearen hitza eta negoziaketak entzun behar dira, eta guk horretan ematen ditugu indar guztiak Euskal Hirigune Elkargoarekin batera.