• EKONOMIA
  • Pentsioak igotzeko 145.142 sinadura bildu dituzte pentsiodunek

Pentsioak igotzeko 145.142 sinadura bildu dituzte pentsiodunek

Urtarrilean hasi zuten sinadura bilketa, pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko helburuarekin

Maiatzaren hasierarako 125.000 sinadura lortu zituzten | Argazkia: EHPM
Maiatzaren hasierarako 125.000 sinadura lortu zituzten | Argazkia: EHPM
2025eko maiatzaren 15a
Eg. 2025eko maiatzaren 15a

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) 145.142 sinadura bildu ditu; sinadura bilketa Gasteizen aurkeztu dute Eusko Legebiltzarreko errondan, eta, horrez gain, bilera eskatu dute, berriro ere, Imanol Pradales lehendakariarekin. Urtarrilean hasi zuen EHPMk Herri Ekimen Legegilearen (HEL) aldeko sinadura bilketa, helburu izanik pentsio minimoa gutxieneko soldatarekin parekatzea, alegia, 1.080 eurora igotzea. Hasiera batean, mugimenduak helburu gisa jarri zuen 120.000 sinadura eskuratzea, baina zifra hori jada gainditu zuten maiatzaren 3rako, ordurako 125.000 sinadura baitzituzten.

 

Prentsaurrekoan adierazi dute egiaztatutako datuak dituzten pertsonen sinadurak direla jasotakoak, eta, hortaz, hauteskunde-prozesuetan ematen diren bozken balio bera dutela. “Sinadurek azkeneko hauteskunde autonomikoetan emandako boto guztien %13,5 osatzen dute” esan dute.

Datuen arabera, pentsioen igoerak eragina izango du EAEko 100.000 pertsona baino gehiagorengan, eta erdia baino gehiago (65.000) emakumezkoak izango lirateke. Pentsiodunen mugimenduak azaldu du haien patriketatik ateratako 25.000 euro inbertitu behar izan dituztela kanpaina egiteko (hitzaldiak, jarduerak eta manifestazioak antolatzeko), eta gaineratu dute Eusko Jaurlaritzak eskaerari ezekoa ematekotan “ez dutela erabakia ulertuko”. Izan ere, Jaurlaritzak txostena aurkeztu beharko du sinadurak baliozkotzen direnean.