
Sébastien Lecornu Frantziako lehen ministroak atzo Asanblea Nazionalean egindako hitzaldi batean baieztatu du pentsioen erreforma bertan behera utziko duela 2028ra arte. Oposizioan diren sozialisten eskakizunetako bat zen hura, eta modu honetara, Lecornuk espero du ostegun honetan alderdi sozialistak bat ez egitea ezkerraren (Frantzia Intsumisoa) eta eskuin muturraren zentsura mozioekin.
2023an onartu zen pentsioen erreforma eta harrabotsa sortu zuen Frantzia osoan. Izan ere, erretiratze adina 62 urtetik 64ra igotzen zuen, besteak beste. 2027ko hauteskundeetan berrekingo diote erreformaren garapenari, eta, hortaz, hainbat neurri ez lirateke aplikatuko 2028 hasierara arte.
Gobernua zutik mantentzea lortuko du Lecornuk, beste egun batzuez behintzat. Emmanuel Macron presidenteak bi aldiz izendatu du lehen ministro azken asteetan. Lehenengo aldian, dimisioa eman zuen Lecornuk lehen ministro izendatu eta hurrengo egunean. Oraingoan, aldiz, gobernu berria aurrera ateratzeko ahaleginak luzatzen ari da.
"2023ko pentsioen erreforma bertan behera uztea proposatuko diot Parlamentuari udazken honetan, presidentetzarako hauteskundeak egin arte. Hemendik aurrera ez da erretiroaren adin-igoerarik gertatuko 2028ko urtarrilera arte", adierazi zuen atzo lehen ministroak. "Neurri hori bertan behera uzteak 400 milioi euroko kostua izango du 2027an, eta 3,5 milioi frantziarri eragingo die", gehitu zuen.