Duela gutxi Espainiako Produktibitatearen I. Txostena argitaratu da. Produktibitatearen Kontseiluko burua Juan Francisco Jimeno da, zorroztasun eta ospe handiko ekonomialaria. Produktibitatea neurtzeko hainbat neurri daude; ohikoenak langileko BPGa eta orduko BPGa dira.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zer dio txostenak? Hiru mezu nagusi ditu Espainiako ekonomiaren produktibitatearen hazkundeari buruz:
- Produktibitatea hobetzea oso garrantzitsua da ongizate ekonomiko eta soziala hobetzeko, bereziki gizartearen zahartzeari eta teknologiaren ziurgabetasunari aurre egiteko.
- Produktibitatearen bilakaera Espainian ez da ona izan eta horrek EBrekiko eta AEBrekiko konbergentzia eragotzi du.
- Produktibitatearen hazkundearen neurrizko gorakadak, 2014an hasi eta 2022tik aurrera azkartzen denak (urtean %1 hobetzen da orduko produktibitatea 2022-2025 bitartean, 2014-2019 tarteko bikoitza), esan nahi du produktibitatea sustatzen duten aldagai batzuetan hobekuntza sendoak gertatzen ari direla, eta aldagai hauen artean: 2021eko lan erreformak lan merkatuaren dualtasuna murriztea, kualifikazio eta balio erantsi handiagoko enpleguen sorrera, giza kapitalaren hobetzea, kapital fisikoan eta ukiezinean egindako inbertsioaren sendotzea, eta eskola-uztearen murriztea, besteak beste.
Beherago ageri den lehenengo taulak azaltzen du azken urteetako produktibitatearen bilakaera aipatutako aldiko eta azpialdietako urteko batezbesteko hazkunde-tasak aurkeztuz. Produktibitatearen azken suspertzeaz ari garenean, 2022ko lehenengo hiruhilekotik 2025eko bigarren hiruhilabetera (2022H1-2025H2) 2014-2019 aldiarekin alderatuta, BPGaren urteko batezbesteko hazkunde-tasa 0,4 ehuneko-puntu handitu da 2022-2025 aldian. Halere, biztanleko BPGarena 0,5 ehuneko-puntu gutxitu da, azken hiru urteetan immigrazio-uholde berriaren ondorioz biztanleriak izandako hazkunde indartsuagatik.
Aipagarriena da lan egindako orduko produktibitatearen urteko batezbesteko hazkunde-tasa handitu egin dela (%0,5 2014H1-2019H4 aldian, %1 2022H1-2025H2 aldian); hori berrikuntza positiboa da, kontuan hartuta, gainera, iraganean produktibitatearen hazkundea txikiagoa izaten zela zabalkunde-aldietan atzeraldietan baino. Landun bakoitzeko BPGaren hazkundea ere pixka bat handitu da (%0,3 2014H1-2019H4 aldian, %0,5 2022H1-2025H2 aldian). Kontuan izan behar da faktoreen guztizko produktibitatea (taulan ez dago datu hori) dezente hobetu dela 2021etik aurrera, eta albiste ona da aldagai horrek “aurrerakuntza teknologikoa” edo “berrikuntza” neurtzen duelako oso zentzu zabalean; 1997-2014 bitartean, aldiz, oso portaera kaskarra izan zuen.
Lehenengo taula. BPG, BPG biztanleko, BPG lanorduko eta BPG pertsona landuneko, urteko batezbesteko hazkunde tasak, 2014H1-2025H2.
| 2014H1-2019H4 | 2020H1-2025H2 | 2022H1-2025H2 | |
| BPG | %2,6 | %2,6 | %3,0 |
| BPG biztanleko | %2,4 | %1,9 | %1,9 |
| BPG lanorduko | %0,5 | %0,5 | %1,0 |
| BPG pertsona landuneko | %0,3 | %0,7 | %0,5 |
Iturria: Espainiako Produktibitatearen I. Txostena eta Eurostat.
Txostenak, gainera, beste zenbait mezu garrantzitsu ematen ditu produktibitate-irabazien banaketari, enpresen inbertsioaren portaerak produktibitatearen hazkundearekin duen harremanari eta produktu-merkatuen erregulazioak merkatu-batasunean, lehiaketan eta produktibitatean dituen ondorioei buruz.
1. Produktibitate-irabazien banaketa
- Produktibitatea haztea bezain garrantzitsua da produktibitate-irabaziak biztanleria osoarengana iristea. Zergen eta transferentzien (pentsioak, langabezia-saria, …) bidez jarduten duten birbanaketa-politikak ez dira nahikoak.
- Ekonomia garatuetan, joan den mendeko 80ko hamarkadatik aurrera, produktibitatearen hazkundearen eta soldata errealen hazkundearen arteko desakoplamendua gertatu da eta lan-kuota (lan errenten pisua BPGn) jaitsi da, Espainian ere: 1999 eta 2017 artean, orduko produktibitatea %9,5 hazten joan zen metatuta, eta orduko soldata erreala, berriz, %3 soilik hazi zen.
- Azken urteetan produktibitatearen hazkundea handitu da eta, gainera, lan-errentetara bideratzen den zatia ere handitu da; horren ondorioz, landutako orduko soldataren erosketa-ahalmena ere handitu da. 2018az geroztik, landutako orduko soldata errealaren hazkunde metatuak (%7,7) nabarmen gainditu du orduko produktibitatearena (%3,6). Hala ere, Espainian lan-kuota 2024an 2019an zegoena baino 1,4 puntu txikiagoa izan zen, eta soldata errealak ia ez dira hazten joan azken 25 urteetan.
- Produktibitatearen banaketa ez da homogeneoa ekonomiako sektore eta enpresa guztietan. Lan-kuota handiagoa da industrian eta finantzetan, eta gehiago hazten joan da eraikuntzan zein komunikazioen eta enpresei bideratutako zerbitzuen sektoreetan.
- Produktibitatean eragin handia duen aldagaia enpresa-tamaina da: batez beste, enpresa handiagoek lan-errenten pisu txikiagoa dute enpresa txikiagoek baino. Tamaina handiagoko enpresa horiek produktibitate-maila altuagoak dituzte, eta horrek soldata handiagoak ere badakartza, baina ez proportzio berean, ziur aski kapital-lan erlazio handiagoa dutelako.
2. Enpresen inbertsioaren portaerak produktibitatearen hazkundearekin duen lotura
- Espainiako ekonomiak inbertsio produktiborako ahalegin txikiagoa egiten du Europako kideek baino, eta horiek, aldi berean, AEBk baino gutxiago inbertitzen dute.
- Azkenaldian susperraldia hauteman daiteke inbertsioan, baina inbertsio publikoa ziklo honen protagonista izan den bitartean (EBko funtsak, nagusiki), pribatuak intentsitate gutxiagorekin erantzun du.
- Inbertsiorako oztopo estrukturalak hautematen dira hainbat enpresetarako: hazteko potentzial handia duten enpresa gazteak edo aktibo ukiezinetako inbertsioa, teknologia berriak txertatzeko eta adimen artifiziala (AA) hedatzeko joera handiena dutenak.
- Horrek guztiak aldi berean hainbat alor sustatzeko beharra nabarmentzen du, tartean finantza-sistematik hasita, barne-merkatuan eta EBko kapitalen batasunean sakontzeko, inbertsio produktiboaren eta giza kapitalean egindako inbertsioaren arteko osagarritasuna sendotuz.
3. Produktu-merkatuen erregulazioak merkatu-batasunean, lehiaketan eta produktibitatean dituen ondorioak
- Merkatu-batasuna eta lehiaketa produktibitate-palankak dira eta produktu-merkatuen erregulazioa beharrezkoa da efizientzia ekonomikoaren zein banaketaren irizpideengatik. Aldiz, horrekin batera funtsezko gakoa erregulazio-kalitatea da (Letta eta Draghi txostenek dioten bezala): ondo erregulatu merkatuaren akatsak zuzentzeko edo eraldaketa eta berrikuntza teknologikoak bultzatzeko, babesa eta ziurtasuna emateko eta burokrazia, lurralde-fragmentazioa eta sartzeko oztopoak saihesteko. Azken batean, erregulazio "gehiagok" edo "gutxiagok" ez ditu emaitza hobeak bermatzen; hobeto diseinatutako, koordinatutako eta ebaluatutako erregulazio batek bakarrik egiten du hori.
- Espainiari dagozkion produktu-merkatuaren erregulazio-adierazleek ingurune nahiko lehiakorra erakusten dute, baina enpresaburuek beren ekonomia-jarduerarako oztopoei buruz duten pertzepzioa biltzen duten inkestek nagusiki aipatzen dute eskulan gaituaren falta, lan-araudia eta zergapena, produktu-merkatuen erregulazioarekin lotutako beste batzuk baino neurri handiagoan. Txostenak, esan bezala, Espainiako produktibitatearen bilakaera aztertzen du, baina EAEri buruz zer esan daiteke? Hobexeago gaude, baina antzeko arazoak dauzkagu neurri handi batean. Duela urte pare bat Enpresabidean ere azaldu genuen gure produktibitatearen bilakaera zer nolakoa den, eta ez da Espainiarekiko oso desberdina.
Datozen urteak erabakiorrak izango dira gure etorkizunerako, zalantzarik gabe, eta produktibitatearen hobetzea funtsezkoa izango da. Bestela...
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta