• EKONOMIA
  • Sara Pagola Aizpiri: “Orain, Argentina mapan dago, lehen ez zen hona begiratzen”

Sara Pagola Aizpiri: “Orain, Argentina mapan dago, lehen ez zen hona begiratzen”

Hego Amerikan hamahiru urte daramatzan Jaurlaritzaren Argentinako eta Uruguaiko ordezkaria bertako egoera ekonomikoaren inguruan mintzatu da

Sara Pagola Aizpiri Jaurlaritzaren Argentina eta Uruguaiko ordezkaria da | Argazkia: utzita
Sara Pagola Aizpiri Jaurlaritzaren Argentina eta Uruguaiko ordezkaria da | Argazkia: utzita
2026ko maiatzaren 19a - 05:30

Ondo baino hobeto ezagutzen ditu Sara Pagola Aizpirik Argentinak azken urteetan pairatu dituen gorabeherak. 2013an bihurtu zen Eusko Jaurlaritzaren Argentinako eta Uruguaiko ordezkaria, eta orduz geroztik hainbat aldaketa ikusi eta bizi izan ditu politikari eta ekonomiari dagokienez. “Ez da herrialde erraz bat”, uste du.

 

“Argentina eta bere gobernua ezagutzen nituen, suposatzen dut horregatik deitu zidatela hona etortzeko”, arrazoitu du. Gaur egun, besteak beste, euskal interesak “babestea eta sustatzea, Mercosureko euskal komunitatearekin harreman sozial, kultural eta ekonomikoak bultzatzea eta Mercosurekiko euskal eragile ekonomiko eta sozialen elkarlana erraztea” dira Pagolak ordezkari moduan dituen eginkizunak. Bere ustez, Argentina “berezia” da, nazioartean “euskal komunitaterik handiena” daukan herrialdea delako.

Eusko Jaurlaritzaren delegazioa “oso zaharra da”, eta hainbat helburu izan ditu. Izan ere, erbestean zeuden euskaldunak babesteko ere funtzionatu zuen aurreko mendean. Gaur egungo ordezkaritzak Buenos Aireseko Puerto Madero auzoan du bulegoa, zeina 2006an inauguratu zen, eta bi arlo ditu: alde batetik, instituzionala, eta bestetik, enpresariala. Azken horren funtziorik nagusiena da, Pagolaren hitzetan, Euskal Herriko enpresei Argentinan finkatzen laguntzea, “bidea erraztea”.

 

30 baino gehiago dira gaur egun herrialdean dauden euskal enpresak, eta gehienak 2000. urtea baino lehenago heldu ziren Argentinara. Hala ere, hainbat arrazoik bultzaturik, askok herritik alde egin behar izan dute, eta mende honetan kopurua “gutxitzen joan da”. Kaiku elikagai korporazioa da horren adibide.

Sara Pagola: “Ikusten da interes handiagoa dagoela, ez bakarrik Argentinak ateak ireki dituelako, baizik eta nazioarteko testuingurua ez delako oso baikorra”

Pagolak azaldu duenez, hasieran etorri ziren gerenteak eta zuzendaritza mailako langileak euskaldunak ziren. Orain, berriz, langile guztiak argentinarrak dira. Momentu honetan, Ulma eta Gestamp dira Hego Amerikako herrialdean dauden enpresarik esanguratsuenak.

Iaztik, berriz, egoera aldatu egin da, bi arrazoi nagusigatik: Argentinako gobernuak politika irekiagoak ezarri ditu eta nazioarteko testuinguruak txarrera jo du. Halaxe esan du ordezkariak: “Ikusten da interes handiagoa dagoela, ez bakarrik Argentinak ateak ireki dituelako, baizik eta nazioarteko testuingurua ez delako oso baikorra”.

WhatsApp Image 2026 04 30 at 13.38.59
Elkarrizketaren une bat | Argazkia: utzitakoa

Horrez gain, Europar Batasunak Mercosurrekin sinatu duen akordioak ere interesa “piztu” du Euskal Herriko enpresen artean. Zentzu horretan, akordio berri hau “positiboa” da, Pagolaren ustetan. “Momentu honetan badago fokua jarrita Argentinan, orain, behintzat, mapan dago”, adierazi du, eta gehitu du: “Lehen ez zen hona begiratzen, baina orain bai”.

Argentinak 2001ean izan zuen krisi sozioekonomikoa dela eta, gobernuak oso politika itxiak garatu behar izan zituen. Horrek eragin handia izan zuen kanpo-merkataritzan: “Ez zuten uzten ez inportatzen, ez eta hemen zeudenek hara esportatzen; hori aldatzen joan da denborarekin”.

“Orain, gauzak ondo doazela uste dut, Argentina saiatzen ari da segurtasun neurriak finkatzen”, azaldu du Pagolak kanpo-merkataritzari dagokionez.

Herrialdearen aldakortasuna beti izan da Eusko Jaurlaritzaren kezka nagusia. “Mundua oso handia da, eta Argentinak arazo gehiegi ematen baditu, gure enpresek beste leku batzuetara begiratuko dute”, ohartu du.

Aitzitik, alde onak ere baditu herrialdeak, eta horretaz mintzatu da Pagola: “Argentina beti izan da epe luzera inbertitzeko leku bat, epe luzerako apustu bat”.

Oso herrialde handia da —munduko zortzigarren handiena, hain zuzen ere— eta oso tradizio zentralista izan arren —biztanleriaren heren bat inguru Buenos Aires hiriburuan bizi da— ordezkaritza hainbat probintziatan dago presente. Santa Fen eta Cordoban, adibidez, bertako garapenerako agentziekin egiten du lan, negozio aukerak identifikatuz eta lankidetzarako loturak eraikiz.

"Argentina beti izan da epe luzera inbertitzeko leku bat, epe luzerako apustu bat”

Horrez gain, Pagolak azpimarratu du gaur egungo aukerarik handiena Vaca Muertan dagoela: munduko gas ez-konbentzionalaren eta petrolioaren erreserbarik handienetako bat da, eta formazio geologiko horrek munduko enpresa ugari erakarri ditu.

Testuinguru horretan, gobernuak RIGI (Inbertsio Handiak Erakartzeko Erregimena) lege esparru berri bat ezarri du. “Guk ez dugu egingo, printzipioz, horrelako inbertsiorik”, adierazi du Pagolak, baina ziurtatu du RIGI aukera ona dela euskal enpresentzat —gehienak ETEak dira—. Erregimen berriari esker inbertituko duten enpresa handien hornitzaileak izango dira euskal enpresak.

Ordezkariak azaldu duenez, gero eta aukera gehiago ikusten dituzte euskaldunek Argentinan. Hala ere, epe laburrean, dena aldatzeko arriskua dago: 2027an hauteskundeak izango dira berriz ere, eta zaila da aurreikustea nork irabaziko dituen.

Oso aldakorra den herrialde honetan, “beti dago beldur hori”, egoera aldatzearena. Dena den, Pagolak uste du RIGI lege esparrua epe luzerako garantia bat izango dela.