ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta Etxalde sindikatuek salatu dute Espainiako Gobernuak 2026rako ezarri duen lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera ez dela nahikoa Hego Euskal Herriko langileen beharrei erantzuteko. Madrilek hilean 1.221 euroko gutxieneko soldata proposatu zuen, eta sindikatuen arabera, ezinezkoa da kopuru horrekin “duintasunez” bizitzea.
Sindikatuek greba orokorra egitera deitu dute martxoaren 17rako. Gutxieneko soldata Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren eskumena izatea nahi dute eta 1.500 euroko gutxieneko soldata eskatuko dute. Halaber, sindikatuek gogoratu dute Herri Ekimen Legegile bana aurkeztu zutela Hego Euskal Herriko bi parlamentuetan, eta Lanbide arteko Akordio bat negoziatzen ere saiatu direla Confebask eta CEN patronalekin. Hauek, ordea, negoziatzeari uko ekin diotela adierazi dute.
“Gutxieneko soldata funtsezko tresna da gizarte kohesiorako, eta lan baldintza prekarioak dituzten milaka langile pobreziatik ateratzeko balio dezake ere”, azaldu dute ohar bidez. Euren kalkuluen arabera, Hego Euskal Herrian 300.000 pertsona baino gehiago daudela 1.500 eurotik beherako soldata dutenak. Era berean, uste dute gutxieneko soldataren igoerak “soldaten igoera orokorra” ekarriko lukeela, eta horrek langile askoz gehiagori egingo liekeela mesede.