• EKONOMIA
  • Tolosaldeako ekonomia garatzen, saretzea oinarri

Tolosaldeako ekonomia garatzen, saretzea oinarri

Tolosaldea Garatzen agentzia Gipuzkoako eskualdeko eragile ekonomikoekin elkarlanean aritzen da. Lehiberri eguna egingo dute azaroaren 20an

Lehiberri zentroa | Argazkia: Tolosaldea Garatzen
Lehiberri zentroa | Argazkia: Tolosaldea Garatzen
joanes marquet
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko urriaren 2a - 05:30
Eg. 2026ko urriaren 2a - 08:09

Gipuzkoako zazpi eskualdeetatik biztanle gutxien dituena da Tolosaldea, kontrara, udalerri gehien dituena ere bada (28). “Gehienak oso herri txikiak dira, 1.000 biztanle baino gutxiagokoak, eta zerbitzu batzuk partekatuak dauzkate beraien artean”, dio Aimar Arzelus Tolosaldea Garatzen agentziako Enpresa Saileko arduradunak.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Zerbitzu partekatu horiek eskualdeko agentziak berak eskaintzen ditu, baita enplegua, ekintzailetza edota turismoa sustatzeko jarduerak ere. "Tolosaldea Garatzenen egitura muntatuta dago eragile ekonomiko izan daitekeen orori zerbitzu bat eman ahal izateko", dio Arzelusek. Zehazki, zazpi sailetan banatzen da garapen agentziaren jarduna: enpresa, enplegua, ekintzailetza, turismoa, migrazioa eta aniztasuna, kontsumo bulegoa eta udalen saila.

Enpresaren sailak bost ardatz nagusi ditu, zeinak aldi berean eskualdeko enpresen premia edo erronka handienak diren: berrikuntza (teknologikoa eta ez teknologikoa), talentua edo pertsonak, jasangarritasuna, formazioa eta enpresen arteko elkarlana. "Gaur egun enpresen %80k baino gehiagok esango dizute beraien preokupazio edo zailtasun nagusia pertsonen arloa dela. Talentua enpresetan mantentzea eta kanpotik erakartzea buruhauste bilakatu da, izan kualifikazio altukoak, izan kualifikazio baxuko langileak", zehaztu du Enpresa Saileko arduradunak.

 

Aimar Arzelus (Tolosaldea Garatzen): "Gaur egun enpresen %80k baino gehiagok esango dizute beraien preokupazio edo zailtasun nagusia pertsonen arloa dela. Talentua enpresetan mantentzea eta kanpotik erakartzea buruhauste bilakatu da"

Formazioari dagokionez, Tolosaldea Garatzenek urteko formazio plan bat eskaintzen die enpresei. "Aldagai oso inportante bat da enpresentzat, merkatuak eskatzen duenera moldatzeko". Horrez gain, eguneroko zerbitzu orokorrak ere eskaintzen ditu. "Enpresei aholkularitza, laguntza desberdinen informazio eta orientazioa, tailerrak eta jardunaldiak eta administrazioarekiko leihatila bakarraren rola ere jokatzen dugu, gehienbat enpresa txikientzat, ez dakitelako ondo zein ate jo". 

Eskualdea industriala

"Sektoreak, jarduerak eta lan egiteko moduak desberdinak izan daitezke, baina azkenean enpresen erronkak antzekoak dira", dio Arzelusek. Zer esanik ez industriako enpresen kasuan, zeinak gehiengoa diren Tolosaldean.

Gipuzkoako eskualdean industriak pisu handia du. "Hemen industriatik eratutako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak 650 inguru dira. Horietatik gehienak, %65 baino gehiago mikroenpresak dira, hau da, 10 langile baino gutxiago dituztenak, eta denera Tolosaldean 15.000 lagun inguru ari gara lanean", gehitu du Tolosaldea Garatzen agentziakoak.

"Esango nuke Tolosaldea papeleroa izan dela tradizionalki. Orain dela 50 urte 50 papelera baino gehiago zeuden. Gaur egun, hiru edo lau geratzen dira, baina gustatzen zaigu protagonismoa ematea sektore horri, nabaritzen baita eskualde mailan urte haietatik eratorritako ezagutza, herentzia edo poso bat"

Industriaren barruan hiru azpisektore nabarmentzen dira eskualdean: metalmekanika, agroelikadura eta papergintza. "Gaur egun fakturazio bolumen eta langile kopuru aldetik pisu handiena duena metalmekanika da, galdaragintza edota mekanizatua, esaterako. Gero, agroelikadura industrialeko tradizio handia dago eskualdean, eta erreferente diren enpresak ditugu. Azkenik, eta asterisko batekin, esango nuke Tolosaldea papeleroa izan dela tradizionalki. Orain dela 50 urte 50 papelera baino gehiago zeuden. Gaur egun, hiru edo lau geratzen dira, baina gustatzen zaigu protagonismoa ematea sektore horri, nabaritzen baita eskualde mailan urte haietatik eratorritako ezagutza, herentzia edo poso bat", nabarmendu du. 

IMG 4466
Argazkia: Tolosaldea Garatzen

Lehiberri eguna, azaroaren 20an

Enpresen arteko elkarlana indartzeko Lehiberri Foroa antolatzen du urtero Tolosaldeako garapen agentziak, helburu duelarik, besteak beste, "enpresa sare kohesionatuago bat" eratzea eskualdean. 

2008an sortu zen foroa, eta egun 65 enpresatik gora daude bertan, tamaina eta sektore diferentetakoak. Foroaren bi helburu nagusiak zehaztu ditu Arzelusek. "Alde batetik, gure jardueraren ardatz nagusiak zehazten laguntzen digu, ikuspegi partekatu bat izaten. Azken batean, ardatz horiek enpresekin batera ezarrita, zilegitasuna ematen digu proiektu eta ekintzak aurkezterako orduan. Eta, beste alde batetik, enpresen arteko elkar ezagutza eta lankidetza sustatzen dugu, enpresa sare indartsuago bat lortzeko".

"Topaketa bat da enpresa eta agentziaren artean, ponentzia batzuk eskaini, gonbidaturen bat ekarri, eta Lehiberri aitortzen bidez, eskualdeko enpresa desberdinei aitortza egiten diegu"

Lehiberri foroan dauden enpresek eskualdeko proiektuetan parte hartzeko lehentasuna izan ohi dute, eta nolabaiteko "esklusibotasuna" dute, Arzelusen hitzetan. Era berean, zenbait hobari eskuratzeko aukera ere badute. Ordainpekoak diren formazioetan, esaterako, bonifikatuta parte har dezakete. Lehiberri zentroan, halaber, formazio gelak edota auditorioak dituzte, eta foroko enpresek azpiegiturak erabiltzeko hobariak dituzte.

Lehiberri eguna ere egiten dute urtean behin. "Topaketa bat da enpresa eta agentziaren artean, ponentzia batzuk eskaini, gonbidaturen bat ekarri, eta Lehiberri aitortzen bidez, eskualdeko enpresa desberdinei aitortza egiten diegu".  Aurten azaroaren 20an egingo dute Lehiberri eguna, eta agentzian buru-belarri ari dira topaketa antolatzen. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain