Hemezortzi CEO eta enpresa-arduradun goren eraman zituen berekin Beijingera Donald Trump presidenteak, Xi Jinpingekin aspalditik egin nahian zebilen aurrez aurrekora. Urruti geratu da halakoetan Coca Colakoak, eta antzekoren bat, besterik agertzen ez ziren garai hura. AEBetako enpresa-munduaren rankingetan gorenean egon eta Txinarekiko harremanetan interesdunenak eta, ia salbuespenik gabe, Trumpentzako diru-emaile handienetakoak izateak kidetzen zituen exekutiboak ziren hemezortziak. Guztien artean 13 bilioi dolar baino gehiagoko balioa duten konpainiak zuzentzen dituzte, eta bilioi bat dolar pasako ondare pertsonala bilbatuko omen lukete.
Agintarien arteko bilkura eta hartu-emanen koreografia erruz eskaini bazaigu ere Pekinetik, ezer gutxi argitu da elkarrizketen edukiaz. Agian, zeresan handirik ere ez legokeelako. Munduko bero-guneak (Iran, Ukraina, muga-zergak, e.a.) hizpide izan dituztela ondoriozta dezakegu, baina jakin, ezer gutxi. Giro onean aritu direla solasean, besterik ez apenas.
Segizioko hemezortzien partetik ere, askorik ez. Baina kasu horretan ulergarriagoa ere bada, bakoitzak bere sozietatean eman beharko dituelako azalpenak, lehendabizi. Eta, beharbada, isil-mandatuz, hizketa-gaiek hala behar dutelako. Esku artean zeramatzaten nahikundeak, ordea, ezagun samarrak dira, eta horien karietara hausnartu beharko dugu emaitzen jakin-mina bederen badugunok.
Txinak milioika tona soja eta txahal-okela erosteko konpromisoa beretu izango du, eta hori oso albiste pozgarria da gorriak ikusten ari den lehen sektore estatubatuarrarentzat
Agian, litekeena da Beijingetik aseen itzuli dena Brian Sikes izatea, seguruenera segizioko hemezortzien artean ezezagunena izan daitekeena, Cargill izeneko lehen sektoreko produktuen ekoizle eta esportatzaile erraldoiko CEO dena. Eta haren poza Donald Trump berarenaren parekoa izan daiteke, azaroko hauteskundeei begira. Txinak milioika tona soja eta txahal-okela erosteko konpromisoa beretu izango du, eta hori oso albiste pozgarria da gorriak ikusten ari den lehen sektore estatubatuarrarentzat, erregaien, ongarrien eta bestelako intsumoen garestitzeak jipoituta daudenean. Eta ez da ahaztu behar MAGA mugimenduaren zutabe nagusietakoak direla nekazari horiek.
Baina bere testuinguruan aditu behar da hori ere. Duela urtebetetik He Lifeng alde batetik eta Scott Bessent eta Jamieson Greer bestetik negoziatzaile direla etengabe landu eta urrian Hego Koreako Busanen Trump eta Xiren artean sagaratu ziren merkataritza akordioetan, jada Txinak beretu zuen urtebeteren buruan 25 milioi tona soja estatubatuar erosteko konpromisoa. Aurtengo urtarrilean, haien erdia egikaritua litzatekeela jakinarazi zen, beste erdia udazkenean, uztaren ondoren, egitekotan. Ez dago argi orain Beijingen hitzartu bide den tratuak kantitate berriak aintzat hartzen dituen, edo aurreko horren berrespena besterik ez den.
Izan ere, Estatu Batuetan erosketa handi horiek egin arren, soja-kontsumitzaile asegaitza den Txinak, eta batik bat, hango inportatzaile pribatuek, kantitate are potoloagoak erosten jarraitzen du Argentinatik eta Brasildik, prezioak eta kalitateak direla eta. Merkatua da, aixkiria, eta komenentzia edo gomendio politiko hutsen eragina mugatua da ezinbestez. Eta sojaz esaten dena, artoaz edo txahal-okelaz berresan liteke. Cargillek atera du onura Trumpen bidaiatik, baina horrek ez dio askoz etorkizun erosoagoa iragartzen, Hegoamerikako ekoizleekiko lehia dela-eta.
Trumpek etxeratu bezain laster bere bezeriarentzat Foxen egin duen lehen elkarrizketan iragarri du 200 hegazkin berri eta halakoen osagai (motorrak, nagusiki) andana erosiko dituela Txinak
Bestalde, Trumpen segizioan Beijingera larrien joango zena, seguruenik, Kelly Ortberg, Boeingeko CEOa izango zen, konpainiaren estutasunek ez dutelako bozkariorako aukerarik uzten. Bidaiaren ondorengo iruzkinak aintzat hartzen baditugu, zakukada lanarekin itzuli dela pentsatu beharko genuke. Hala berretsi du Trumpek berak etxeratu bezain laster bere bezeriarentzat Foxen egin duen lehen elkarrizketan iragarri baitu 200 hegazkin berri eta halakoen osagai (motorrak, nagusiki) andana erosiko dituela Txinak. Bueltako kanpai horiek entzunda, Boeingek Airbusi zaplaztekoa eman diola ondorioztatu du baten batek gure ingurumarian. Ezetz esango nuke.
Txinak duela kasik hamarkada batetik ezarria zion beto politikoa etetea da Ortbergek lortu bide duena. Ez da hutsala, eta arnasaldi bat da Boeingentzat. Horri esker, betidanik haren hegazkinen erosle handiak izan diren eta, diktat politikoagatik, beren ontzidia berritzeko zailtasun jasangaitzekin aurkitzen ari ziren txinatar konpainiek berrekin ahalko diete hegazkin estatubatuarrak erosteari. Hortik berrehunak. Baina Ortbergen helburua, esaten denez, bostehundik gertuago zegokeen eta, halakorik bazterretsi ez bada ere, ikuskizun geratu da hori ondorengo tratuetarako.
Izan ere, Txinako eskalan oldoztu behar da auzia. Distantzia ertaineko joan-etorrietarako abiadura handiko trenak hobesten ari den herrialdea izanik ere, duen demografia eta lurralde-hedaduragatik, munduko hegazkin-erabiltzaile handienetakoa (handiena ez bada) da baita ere, eta horren araberakoak dira aire-konpainiak ere. Horrek mugarritzen du, jakina, bidaiari-hegazkinen merkatua. Eta tenorea ez da bereziki baikorra Boeingentzat.
Airbusek 40 urte daramatza jada bere ekoizpenaren zati batzuk Txinan burutzen, eta 2008an jarri zuen abian Tianjinen A320 hegazkinak muntatzeko Europatik kanpoko lehen linea
Historikoki, Txinak ez du hegazkingintzarik izan apenas. Oraintsu arte. Baina “geuk egina” filosofia (edo, nahiago bada, Made in China 2025 estrategia) iritsi da atal horretara ere. Arlo militarrean aspaldi samarretik, baina hegazkingintza zibilean jada, bertan egindakoaz baliatzea eta nazioartean munduko handienekin lehian aritzea xede duten egitasmoak biderkatzen ari dira han. Airbus eta Boeingekin lehiatzeko ekoizten hasi berria den Comac C919 izango litzateke lehen agerkaria, baina iragarri dira gehiago.
Motorretan omen legoke botila-lepotik bihurriena, baina hori ere gainditutzat ematen dute txinatarrek. Trump eta Ortbergen bidaide izan den Larry Culp, General Electric historikoaren oinordeko den GE Aerospaceko CEOa ere poztua hartuta itzuliko zen Beijingdik, berean lantzen diren motorrak eta osagaiak Txinara saltzen jarraitu ahalko duelako. Baina jakinik halakoak etxekalte ere izan daitezkeela urte gutxi barru, Txinan bertan egindakoak erabili ahal izaten direnean han egiten diren hegazkinetan.
Eta horretan azaleratzen da enpresa-estrategien eta hautu politikoen gako gorabeheratsua. Airbusek 40 urte daramatza jada bere ekoizpenaren zati batzuk Txinan burutzen, eta 2008an jarri zuen abian Tianjinen A320 hegazkinak muntatzeko Europatik kanpoko lehen linea. 780 hegazkin entregatu omen ditu handik bitarte honetan, konpainiak berak dioenez. Pasa den udazkenean jarri zuen martxan bigarren linea. Helburua: 75 hegazkin muntatzea hilean. Mundu osorako, jakina. Esan gabe doa, haien osagaietako asko –guztiak ez, oraingoz– herrialdean bertan eginak direla.
Txina bere barne merkatuko finantza-sarea irekitzen ari da, mantso baina atzerapausorik gabe
Tenore horretan balioetsi behar dira Boeingen berrehun hegazkinak eta GE Aeroespacek eta abarrek sal ditzaketen motorrak eta osagaiak. MAGA mugimenduaren filosofian anatema litzateke horrelako konpainiatzar estatubatuarren ekoizpenaren zati funtsezkoak Txinara eramatea, sorlekuan enplegua desagertzea erakarriko lukeelako (bestelako paranoiak alde batera utzita) eta, beharbada, enpresaren kontrola ere galtzea. Etorkizuneko merkatu oparoenetako bat han dagoela, ordea, ezbairik gabeko konstatazioa da.
Segizioaren gehiengoa, haatik, bi enpresa-multzo zehatzetako arduradun gorenek osatzen zuten, eta haien helburuak askoz lausoagoak izan behar zutenez, emaitzak ere kuantifikatzen zailagoak dira, halakorik aipatzea zilegi bada.
Multzoetako bat, finantza-zerbitzuetako enpresa handienen arduradun gorenek osatua litzateke: Larry Fink (BlackRock), Stephen Schwarzman (Blackstone), David Solomon (Goldman Sachs), Jane Fraser (Citigroup), gehi Mastercard eta Visa konpainien agintariak. Ez ziren denborapasa joango, baina haien bidaiak prospekzio-tankera gehiago izan du, tratu zehatzak adostekoa baino. Txina bere barne merkatuko finantza-sarea irekitzen ari da, mantso baina atzerapausorik gabe, eta haren baitan lekua hartzea nahitaezko eginkizuna da mundu mailan erabakigarriak izan nahi dutenentzat. Hong Kongeko talaia ez da gutxietsi behar, baina etorkizunean Shanghain, Beijingen, Shenzhenen edo Hainanen egin beharko dute lan, eta bideak urratzea izango zen seikoteko guztien eta bakoitzaren helburua.
[Seikote teknologikoa] AEB eta Txinaren artean sututa dagoen “tiroketa” teknologikoaren erdi-erdian harrapatuta dago, alde batetik zein bestetik datozkien debeku eta mugapenei iskin egin nahi eta ezinean.
Antzekoa, baina alderantzizkoa, zen seikote teknologikoa dei genezakeenaren patua. Jensen Huang (Nvidia), Tim Cook (Apple), Cristiano Amon (Qualcomm), Sanjay Mehrotra (Micron), Chuck Robbins (Cisco) eta Jim Anderson (Coherent) ez dira, inondik ere, hasiberriak Txinako negozioetan, baizik eskarmentu galanta dutenak, hango ekoizpenean edo merkatuan (edo bietan) buru-belarri murgilduta urte asko daramatzatelako. Baina horrexegatik daude AEB eta Txinaren artean sututa dagoen “tiroketa” teknologikoaren erdi-erdian harrapatuta, alde batetik zein bestetik datozkien debeku eta mugapenei iskin egin nahi eta ezinean.
Nvidiaren kasuak ederki laburbiltzen du, bere horretan, halakoen zoramena: bere txip aurreratuenak Txinara saltzeko debeku estatubatuarra nozitu ondoren H200ak bederen eramateko baimena lortu duenean, “segurtasun arazoak” dituela eta Beijingen ezezkoa gainditu behar du orain. Eta ez du ematen Trumpen alboan joanda ere Jensen Huangek aurrerapen handirik lortu duenik. Gainerako bidaideek ere, zeinek bere buruhaustea du ingurugiro mikaztu horretan. Zergatiaren soslai bat, bisitaldiaren atarian kausitu ahal izan zen Txinako beste puntan, Shenzhenen: Politburoko batzorde iraunkorreko eta Gobernuko lehen lehen-ministrordea (sic) den Ding Xuexiangek Huawei famatuaren ikerkuntza-laborategi nagusia bisitatu zuen, Ren Zhengfei enpresaburu gorenarekin harmonia lagunkoian. “Geuk egina” noraino heltzen ari den hausnartzeko ordua izan daiteke.
Hortik aurrera, “kasu bereziek” osatuko lukete hemezortzien sorta. Meta eta Illuminako enpresaburuek, hein batean kidekoak dituzten teknologikoen antzera, Txinan pairatzen dituzten debekuak ezabatzeko ahalegina izango zuten buruan. Baina aparteko itxaropenik gabe, bidaiara bidaliak arduradun gorenak ez izateak nabarmentzen duen eran. Sare sozialetako erraldoia debekatuta dago Txinan betidanik, eta haren negozio-esparrua bertako parekideek hartuta dago aspalditik. Eta Illumina bioteknologikoa “zerrenda beltzean” jarri zuen Beijingek duela urtebete, eta eginahalak eginda ere, ez du lortu handik ateratzea. Ezta bidaia honekin ere.
Trump berari protagonismoa lapurtzen aritu dela esan ahal izateraino nabarmena gainera, Elon Musk izan da
Eta jakina, bidaiari bereziena, Trump berari protagonismoa lapurtzen aritu dela esan ahal izateraino nabarmena gainera, Elon Musk izan da. Ez dezagun haren nartzisismo nabarmenaren juzgu egin, beharbada enpresa-operazio zuhur eta emankorra izan baita. Esan beharrik ez dago haren Teslak, hein handi batean, Shanghaiko ekoizpenari esker egiten duela aurrera, eta hura zaintzea lehentasuna izan behar zuela Muskentzat. Baina, seguruenera, lehentasun gehiago zuen haren buruan oraintxe egitear duen SpaceX firmaren merkaturatze zorabiagarriak. Eta haren ingurumen teknologiko eta enpresarialean egungo Txinak bizi duen goraldi ikusgarrian. Beste behin ere, zerbait ikusi du Muskek Txinan.