• EKONOMIA
  • Turismoaren lege berriak "etxebizitza turistikoen jarduera mugatuko" du EAEn

Turismoaren lege berriak "etxebizitza turistikoen jarduera mugatuko" du EAEn

Aurrekoproiektuak helburu du plataforma digitalen baldintzak gogortzea eta ikuskapena indartzea, "bisitarien eta herritarren arteko bizikidetza bermatzeko", besteak beste

Javier Hurtado sailburua | Argazkia: Irekia
Javier Hurtado sailburua | Argazkia: Irekia
2026eko otsailaren 25a - 12:04

Otsailaren hasieran tasa turistikoaren aurreproiektua aurkeztu zen EAEn. Ildo beretik, gaur turismoaren lege berriaren aurreproiektua aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, indarrean dagoen 2016ko araudia ordezkatzeko asmoz. Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok azaldu duenez, azken urteetako aldaketa sozial eta juridikoek eguneraketa eskatzen dute, sektorearen erronka berriei erantzuteko. Hortaz, aurreproiektuaren testua argitaratu da gaur, eta alegazioak aurkezteko epeari hasiera eman zaio.

 

Arau berriak hainbat ardatz nagusi ditu: Europako iraupen laburreko alokairuen erregelamendura egokitzea, turismo jasangarria bultzatzea eta sektorearen profesionaltasuna indartzea. Lehiakortasunari, enpleguaren kalitateari eta lan-eskubideen babesari buruzko neurriak ere jasotzen ditu aurreproiektuak, baita Adimen Turistikoaren Sistema (SIT) ere.

Kontrolari dagokionez, legeak ikuskapen eta zehapen sistema berrantolatu eta zorrozten du. Arau-hauste berriak zehaztuko dira eta zehapen larriak ere erregistro publikoan argitaratu ahal izango dira, orain arte oso larriekin egiten zen moduan. Ikuskatzaileek, gainera, zenbait kasutan identifikatu gabe jarduteko aukera izango dute, ikuskapenaren eraginkortasuna bermatzeko.

 

Etxebizitzaren arloari dagokionez, turismora bideratutakoen "jarduera mugatuko" da. Tentsio handiko eremuetan, etxebizitza babestuetan eta lurzoru urbanizaezinean debekatu egingo da turismo-erabilerako etxebizitzak ezartzea, eta landa-eremuetan ere baldintzak zorrotzagoak izango dira. Etxebizitza berriek bost urtean behin inskripzioa berritu beharko dute, eta bitartekaritza- eta sustapen-plataformek betekizun gehiago bete beharko dituzte.

Hurtadok adierazi duenez, “turismo jasangarriko ereduan abangoardian jarraitu nahi dugu”, eta lege berria “bisitarien eta herritarren arteko bizikidetza indartzeko urrats garrantzitsua” izango da.