Turkiara begira

Nafarroarentzat esportazioen seigarren helmuga da Turkia, eta EAEk ibilgailuak eta burdinaren zein altzairuaren galdaketa eta manufakturak esportatzen ditu bertara nagusiki. Euskal sektore finantzarioak ere pisu nabarmena du turkiar ekonomian

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Lurra astinduta dago Turkian, eta ez soilik, tamalez, otsailean eman zen lurrikara dela medio. Gaur Turkiako hauteskundeen bigarren buelta ospatuko da, aurkeztutako hautagaietako batek ere ez zuelako lortu bozketen %50 lehenengo bueltan. Hilaren 14ean ospatu ziren horiek, eta, oraingoan, ezjakintasuna are handiagoa da.

Lurrikarek eragindako kaltea konpontzeko sorospen- eta berreraikitze-lanen kostuak 80.000 milioi dolarretik gorakoak izan daitezke Turkian, hau da, BPGaren %10, SPRI Taldearen Basque Trade & Investment Euskadiko Nazioartekotze Agentzia Horiek kutxa publikoetatik inbertituko dira hurrengo 12 hilabeteetan eta, beraz, hauteskundeetan erabakiko da herrialdearen epe laburreko eta ertaineko egoera. Ikusteko dago ea aurreko hauteskundeetan hirugarren egin zuen Sinan Ogan ultraeskuindarrak, bigarren egin zuen Kemak Kilicdaroglu sozialdemokratak edota Recep Tayyip Erdogan presidenteak lortzen duen nagusitasuna.

Nagusitasun berri horren esperoan daude, hain zuzen, hainbat euskal enpresa. Turkia Euskal Autonomia Erkidegoaren bazkide komertzial garrantzitsua da, balantza komertzial positiboa baitu historikoki herrialdearekin. 2022an, EAEko esportazioen 12. helmuga izan da, eta inportazioen 28. jatorria; 2021ean, 12. helmuga eta 25. jatorria izan zen, hurrenez hurren. Martxoan bertan, EAEtik gehien esportatu zuen herrialdetako bat izan zen Turkia: bederatzigarrena, hain zuzen. Era berean, lehiakortasuna neurtzen duen estaldura-tasa indize altuena izan zuen, batez ere inportazio gutxi jaso zituelako lurrikara dela eta.

Taula Ander
Datuak: Eustat (lanketa propioa)

Herrialdeen arteko merkataritzaren hazkunde nabaria aztertu daiteke 2020tik aurrera, bereziki 2022an, ibilgailu automobilen esportazioen sendotzea eman baitzen, bai eta siderurgia- eta metalurgia-sektoreen arteko harremanak handitu ere. Euskadik ibilgailuak eta burdinaren zein altzairuaren galdaketa eta manufakturak esportatzen ditu Turkiara nagusiki. Produktu horiek, makina mekanikoekin eta tresna elektrikoekin batera, erkidegoan Turkiara egindako esportazio guztien ia %80 biltzen dute, SPRI taldearen txostenaren arabera. Ziurgabetasun politikoak, hala ere, aurreikuspen eskasak eskaintzen ditu.

Nafarroako enpresek ere badute lana Turkian. Nastat Nafarroako Foru Komunitateko estatistikako erakunde publikoaren arabera, 2021ean 86.554.629 euro fakturatu zituen lurralde foralak eta, 2022an balantza komertzial positiboa izan zuen: 224,4 milioi euro esportatu zituen eta 90,8 milioi inportatu. Esportazio helmuga garrantzitsuenetatik seigarrena du Nafarroak Turkia, lehen hirurak Frantzia, Amerikako Estatu Batuak eta Italia izanik.

Salmentak, behera

Ibilgailu berrien salmentak gutxitu egingo dira 2023an otsaileko lurrikarak eratutako ziurgabetasun ekonomikoa dela medio, baita BPGaren hazkunde motela dela ere. Horri jarraiki, eragin zuzena du produktuen salmentan herrialdearen inflazio handiak zein munduko dezelerazio orokorrak. 2023tik 2027ra bitartean, auto berrien salmentak urteko %3,1eko hazkunde-tasa izatea espero da txostenaren arabera. Horien ia %9 ibilgailu elektrikoen salmentak izango dira.

Datuak datu, euskal sektore finantzarioak ere badu pisua herrialdean. BBVA entitatea 2017an Garanti Banken bazkide nagusia bilakatu zen, akzioen %49,85a bereganatuz. Turkiar banku pribatu handienetarikoa da. 2019an entitatea Garanti BBVA izendatu zuten, eta 2022an BBVAk haren partaidetza handitu zuen %86 batera. Garanti BBVA enpresak 15.500 milioi lirako —700 milioi euro gutxi gora behera— irabazi garbia lortu zuen ekitaldiko lehen hiruhilekoan. Bankuaren aktiboek, guztira, 1,5 bilioi lirako —700.000 milioi euro— balioa izan dute, eta entitateak 1,1 bilioi lira —510.000 milioi euro— eskaini zizkion turkiar ekonomiari kreditu-jardueraren bidez.

Garanti BBVA enpresak 15.500 milioi lirako —700 milioi euro gutxi gora behera— irabazi garbia lortu zuen ekitaldiko lehen hiruhilekoan

Ildo berean, turkiar lira bera da ziurgabetasunean murgilduta dagoen herrialdeko beste faktore bat. Epe laburrean, interes-tasak inflazio-tasaren oso azpitik egongo dira, eta hilabete batzuetatik hona Turkiako moneta politika erabat kontraesankorra izaten ari da. Irailean KPIa %80an izan zuen herrialdeak eta, hala ere, interes-tasak jaitsi zituen Erdoganen gobernuak. Hori bai, Kilicdarogu hautagaiak irabazten badu, moneta politika errotik aldatuko duela aurreikusi daiteke haren programa ekonomikoa dela eta. Interes-tasak igoko lituzke.

Informazio gehiago
Ilea jartzea negozio
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK