Udalhitzeko negoziazio-mahaia gaur elkartu da berriro ere. Aurrerapausorik ez da izan, ordea. ELAk azaldu duenaren arabera, Eudelek ez du proposamen berririk egin, "azken bileran horretarako konpromisoa hartu bazuen ere". Eudelek, bestalde, adierazi du ez duela hori egiteko beharrik ikusten.
EH Bilduk mahaigaineratu ditu zenbait proposamen, euskararen eta publifikazioaren arloei loturikoak. ELAren iritziz, proposamenak "norabide egokian doaz", nahiz eta soldatei dagokionez EH Bilduk "Eudelen jarrera bera mantentzen duen".
Hala, sindikatuak ezinbestekotzat jotzen du hitzarmenean aldaketak egitea, langileen erosahalmena bermatzeko, administrazioaren euskalduntzerako, eta langileen subrogazioa bermatzeko, besteak beste. Ez dutenez hurrengo bilera beterako datarik adostu, sindikatuak urriaren 8ko greba eta mobilizazioetara dei egin du, "Eudel eta alderdi politikoei erantzun irmoa emateko".
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta