Argazkia: iStock
Argazkia: iStock

Urte berri, zerga berri

Gaur bilduko da Itun Ekonomikoaren batzorde mistoa 2023ak ekarriko dituen tributu berriak adosteko. Urte berria nobedadez josita dator zergen alorrean eta litekeena da berritasun gehiago egotea urtean zehar.

Ez da erraza ordu gutxi falta zaizkion 2022. urtea titular bakarrean laburbiltzea. Zeregin horretan jarri ditugu Euskal Herriko hainbat eragile eta aditu aste honetan EnpresaBIDEAn. Ukrainako gerra, inflazioa eta hornidura kateen arazoak, besteak beste, albiste izan ditugu baina baita prezioen gorakadaren arazoari aurre egiteko neurriak ere.  Bi motako neurriak izan dira informazio ekonomikoan nagusitasuna izan dutenak. Moneta politikaren aldetik aurrekaririk gabeko interes-tasen gorakadari ekin diote munduko banku zentral nagusiek. Gobernuen aldetik, ordea, zerga politiken inguruko eztabaidak orain arte ezagutu gabeko egoera berri batean kokatu gaitu. Mundu mailako erakunde ekonomiko nagusien diskurtso ekonomikoak aldarazi ditu egungo egoerak.

AEBko presidenteari soldatak igotzeko aldarria ozen entzun diogu, “Pay them more ( ordaindu gehiago)” esanez. Ildo berean hitz egin zuen duela bi aste OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak, gutxieneko soldatak igotzea gomendatuz. Soldatena ez da izan, baina, nazioarteko ortodoxia ekonomikoaren zaindari diren erakundeek jorratu duten gaia. Nazioarteko Diru Funtsak ere bere ohiko diskurtsoa moldatu egin du. Defizitaren murrizketaren zale amorratua da Kristalina Gueorguievak zuzentzen duen erakundeak baina aurten ziaboga egin du bere gomendioetan.

Enpresa energetikoei, bankuei eta Ondasun Hadiei ezarriko zaizkien zergak nork eta nola bildu adostu behar dute Espainiak eta Hego Euskal Herriko erakundeek

Gastu publikoa arintzeko “gehiegizko mozkinak” izan dituzten enpresei zerga bereziak ezartzeko proposatu du Gueorguievak aurton eta ez da bakarra izan. Europako Batzordeak ere doinu bereko mezuak helarazi ditu aurton, inflazioaren ondorio latzei aurre egiteko politiken gastua finantzatzeko. Zergak igotzeko polifonia honetan, baina, tonua galdu dutenak ere badira. Liz Truss Erresuma Batuko Lehen Ministro ohia horren adibide da. 2022ko irailean gobernura heldu berritan errenta altuei zergak jaisteko programa abian jarriko zuela esan eta merkatuen hondamendia eragin zuen. Dimisioa aurkeztu behar izan zuen Trussek, inoizko agintaldirik laburrena izan duen Lehen Ministroa izanik. Inflazioaren ur handitan nabigatzeko adostasuna lortu dute zerga-aldaketen politikak. Errenta baxuei zerga presioa jaitsi eta altuei igo. Hori da Europa osoan nagusitzen ari den ildoa eta gurera ere olatu hori heldu da.

PFEZaren deflatazioa EAEn

Inflazioaren albo kalteak orekatzeko deflatazioa izan da Hego Euskal Herriko ogasunek maiz erabili izan duten tresna. 2022rako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) % 2 deflatatzea onartu zuen Nafarroako Ogasunak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Ogasunek, aldiz, % 1,5eko deflatazioa onartu zuten urte hasieran. Inflazioaren gorakadari aurre egiteko, baina, uztailean deflatazioa % 5,5era igotzea ebatzi zuten. 2023rako EAEko foru ogasunek PFEZa beste %2 deflatzea erabaki dute. Erabakia, ordea, ez da oposizioko alderdien gustukoa izan eta zerga erreforma sakonagoa eskatzen dute. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua 2023an zergen erreforma aztertzeko prest agertu da, “ekonomia egonkortzen denean”. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatzeko hauteskundeak izango dira 2023an eta zergena hizpide nagusietakoa izango da, zalantza barik.

Zerga beherapena errenta baxuentzat Nafarroan

Nafarroako Gobernuak ez du PFEZa deflatatuko urte berrian. Azaroaren 4ean onartu zituen Maria Chiviteren gobernuak hurrengo urterako aurrekontuak eta zerga neurri berriak. Aurreko astean Nafarroako Parlamentuak argi berdea eman zien aurrekontuei. Neurri berriak 35.000 eurotik azpiko errentei eragiten die. Horrela 18.000 eurotik azpiko lan-errentei 540 €ko kenkaria aplikatuko zaie, errenta handitu ahala murriztuz joango dena. Horrez gain errenta aitorpena egiteko azpiko muga 12.600 eurotik 14.500era igo du gobernuak, Honek 15.400 lagun errenta aitorpena egitetik salbuetsiko ditu.

Aldaketak Ondarearen gaineko Zergan 

Aberastasun handiko zerga izan da oihartzun handiena hartu duen tributua. Estatu mailan Ondarearen gaineko zerga indarrean badago bada ere, autonomia erkidegoek salbuespenak eta hobariak ezartzeko eskumena dute. Madrilgo erkidegoak, esaterako, aspaldi salbuetsi zuen tributu hau. Bere zerga politikaren ikur gisa saltzen du Alderdi Popularrak neurri hau eta popularrek gidatutako beste erkidego batzuk ere salbuestea erabaki dute. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidenteak erkidegoen arteko desoreka horrekin bukatu nahi du eta abenduaren 31n indarrean sartuko den Aberastasun Handien gaineko zerga onartu berri du. Ondarean gaineko zerga dagoeneko indarrean dago Hego Euskal Herrian, ogasunen artean alde txikiak badaude ere. Nafarroan eta Bizkaian, esaterako, gehien irabazten dutenek %2ko tasa ordaintzen badute, Araban eta Gipuzkoan tasa %2,5era heltzen da. Tasak ezartzeko tarteak eta oinarriak ere aldatzen dira ogasunaren arabera. Espainiako Kongresuak azaroaren 24ean onartu zuen zerga berria eta 3 milioitik gorako ondareak zergapetuko ditu. Zerga berriak ezarriko duen tasa maximoa % 3,5koa izango da, 10,7 milioitik gorako ondareei ezarriko zaiena. Abenduaren 31n indarrean sartuko da eta 2022ko ondareei eragingo die. Zerga berriak foru ogasunek Ondarearen gaineko Zergaren bitartez bildutakoa hartuko da aintzat, zergatze bikoitza ekiditeko. Tributu berriak, hortaz, Hego Euskal Herrian eragin handirik ez du izango.

Zerga berriak foru ogasunekin adostu beharra

Aberastasun handien gaineko zerga ez da Espainiako Kongresuak onartutako zerga berri bakarra. Energia alorreko enpresek fakturazioaren gaineko % 1,2ko tasa ordaindu beharko dute. Urtean 1.000 milioi euro baino gehiago fakturatzen duten enpresek ordaindu beharko dute eta fakturazioa kalkulatzeko orduan ez da aintzat hartuko gobernuak araututako kontratuen bidez fakturatutakoa. Tributu berriaren bidez Espainiako Gobernuak 2.000 milioi euro biltzea espero du. Bankuentzako zerga berria ere onartu du Espainako Kongresuak. Bezeroei kobratutako interes eta komisioen bidez bankuek lortu dituzten sarrerei %4,8ko tasa ezarriko die zerga berriak. Bi kontzeptu hauengatik 800 milioi euro baino gehiago kobratzen duten bankuei ezarriko zaie zerga berria. Euskal Herrian, hortaz, Laboral Kutxa eta Nafarroako Rural Kutxak ez dute, gaur gaurkoz, zerga berria ordaindu beharko.

Zerga berriak 2024a bitartean baino ez dira aplikatuko baina luzatzeko aukera jasotzen du legeak

Zerga berria hauek 2024. urtea bitartean baino ez dira aplikatuko, baina legeak tributu hauek luzatzeko aukera jasotzen du. Euskal Herrian zerga hauek nork bilduko dituen adostu beharko dute Espainiako Gobernuak Nafarroako Gobernuarekin eta EAEko erakundeekin. Gaiari heltzeko gaur, arratsaldeko 17:30etan, bilduko da Itunaren Batzorde Mistoa. Bilera telematikoki izango da eta bertan parte hartuko dute Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ahaldun nagusiak, besteak beste. Igandean Azpiazuk EITBri egindako adierazpenetan akordioa erdiesteko borondatea nabarmendu zuen. Sailburuak azaldu bezala, "sortzen diren zerga guztiak hitzartu behar ditugu, eta Ondasun Handiena zuzeneko zerga da, araugintzarako gaitasunarekin hitzartu behar duguna".

Jakien BEZa

Espainiako Gobernuaren ministro kontseiluaren bilera izango da gaur eta inflazioari eta ekonomiaren moteltzeari aurre egiteko neurriak onartzea aurrikusten da. Gobernua osatzen duten alderdien arteko negozioa erabat itxita ez badago ere baliteke hainbat neurri onartzea. Kezka iturri nagusi bihurtu da jakien prezioaren gorakada. Inflazio orokorra moteltzen ari den bitartean azpiko inflazioak goranzko joera garbia du. Jakien prezioak % 15,4 egin du gora batez beste eta horri heltzeko hainbat neurri omen ditu gobernuak mahai gainean. Zenbait elikagairen BEZa murriztea izan liteke aukeretako bat. Egun hiru BEZ tasa ezberdin daude: Orokorra (% 21), murriztua (% 10) eta super murriztua (% 4). Arraina eta haragiari egun % 10eko BEZ tasa ezartzen zaie eta esnea, irina, fruta eta barazkiak bezalako jakiei, besteak beste, % 4koa. Tasa supermurriztu horretan haragia eta arraina sartzea gobernuak esku artean duen neurrietako bat izan liteke. Argindarrarekin hartutako antzeko neurria izango litzateke. Argiarena, hain zuzen, abenduaren 31an bukatzen den neurria da eta baliteke gaurko bileran ministroen kontseiluak luzatzea. 

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK