• EKONOMIA
  • Usue Casado: “Langileen ongizatea hobetzeak emaitza ekonomikoetan eragina du”

Usue Casado: “Langileen ongizatea hobetzeak emaitza ekonomikoetan eragina du”

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gradua amaitu du Mondragon Unibertsitatean Casadok eta bere Gradu Amaierako Lanean GSR kooperatibako arrisku psikosozialen kudeaketa aztertu du

Casado, Ekonomistakeko Foroan | Argazkia: utzitakoa
Casado, Ekonomistakeko Foroan | Argazkia: utzitakoa
2025eko ekainaren 24a - 05:30

Langileen ongizatean oinarritutako kudeaketa-ereduak enpresaren eguneroko jardunean eta funtzionamenduan nola eragin dezakeen aztertu du Usue Casado Lozano arrasatearrak bere Gradu Amaierako Lanean. Mondragon Unibertsitateko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradua amaituta, dagoeneko lehen aitortza jaso du: Ekonomistak Gradu Amaierako Lan onenari emandako saria. GSR osasun-zerbitzuen kooperatiban egin du bere ikerketa, arrisku psikosozialen diagnosi eta esku-hartze proposamen baten bidez.

 

Zein izan da zure Gradu Amaierako Lanaren helburu nagusia, eta zer aztertu duzu zehazki GSR S.Coop enpresan?

Helburua GSR kooperatibako langileen ongizatea hobetzea izan da, bereziki arrisku psikosozialak identifikatu eta kudeatzeko lan bat eginez. Horretarako, Osarten elkartearen psiko-tresna erabiliz 14 arrisku psikosozial neurtu genituen. Diagnostiko horren bidez, faktore kritikoenak identifikatu genituen, eta horien arabera, esku-hartze neurri egokiak proposatu nituen, arrisku mailaren eta gehien kaltetuak izan diren lan taldeen arabera.

 

Arrisku psikosoziala kontzeptua nola ulertzen duzu, eta zergatik da hain garrantzitsua gaur egungo lan-munduan?

Lanaren antolakuntzatik eratorritako egoerak edo baldintzak dira, langileen osasunean eragin negatiboa izan dezaketenak. Adibide modura, estresa edo burnout egoerak aipatu daitezke. Gure bizitzaren heren bat lanean ematen dugu, eta horregatik, lan-ingurune osasuntsuak bermatzea ezinbestekoa da.

"Gure bizitzaren heren bat lanean ematen dugu, eta horregatik, lan-ingurune osasuntsuak bermatzea ezinbestekoa da"

Zein izan dira zure ikerketaren ondorio nagusiak?

Lehenik eta behin, datu kuantitatiboekin frogatu ahal izan dut langileen ongizatea eta enpresaren errendimendu ekonomikoa zuzenean lotuta daudela. Gainera, langileei entzutea eta haien esperientziak kontuan hartzea ez da bakarrik lan-giroa hobetzeko modua: emaitzetan eragina duten hobekuntza aukerak zehaztasun handiagoz identifikatzeko bidea ere bada.

Eduki al duzu laguntza edo orientaziorik prozesuan zehar?

Bai, bi norabidetan izan dut laguntza. Alde akademikotik, Patricia Iturritza izan dut tutore, eta laguntza handia eman dit lanaren egitura garatzeko eta ikuspegi teoriko sendo bat izateko. Bestetik, GSR enpresak eta bereziki Osarten elkarteko lan-psikologoa den Iñigo Calcedok proiektu erreal baten testuingurua eta ikuspuntu profesionala eskaini dizkidate.

Patricia Iturritza GRALeko tutora, Casado eta Cristina Andres Urarte Ekonomisten elkargoko presidentea | Argazkia: utzita
Patricia Iturritza GRALeko tutora, Casado eta Cristina Andres Urarte Ekonomisten elkargoko presidentea | Argazkia: utzita 

Zer izan da erronka nagusiena?  Eta zer ikasi duzu prozesuan?

Erronka handienetako bat arrisku psikosozialak bezalako gai sentikorrak modu eraginkorrean neurtzea izan da. Bestetik, langileen testigantzak jaso eta horien arabera egoki erantzutea, hau da, hobekuntza ekintzak errealistak eta egokituak izatea, erronka handia izan da. Bide horretan, enpatia eta komunikazio trebetasunak landu ditut.

Zein ekarpen egin diezaioke zure lanak enpresa-kudeaketari edo ekonomiari oro har?

Nire lanak ikuspegi integralago bat ematen dio enpresa-kudeaketari, langileen ongizatea ardatz hartuta. Ez da bakarrik osasun mentalean edo giroan eragitea; baizik eta produktibitatean, absentismoan edo konpromiso mailan ere zuzenean eragiten du. Gainera, jasangarritasuna eta gizarte erantzukizuna gero eta gehiago baloratzen diren testuinguru honetan, lan honek enpresei balio erantsia ematen die.

"Ez da bakarrik osasun mentalean edo giroan eragitea; baizik eta produktibitatean, absentismoan edo konpromiso mailan ere zuzenean eragiten du"

Lan honek zure etorkizun profesionalean eraginik izan du?

Bai, zalantzarik gabe. Lan honi esker ulertu dut zein garrantzitsua den pertsonen ongizatea zaintzea, eta horrek nire etorkizun profesionala nola bideratu nahi dudan argiago ikusten lagundu dit. Gainera, proiektu honek baliabideak eman dizkit lan-ingurune osasuntsuak eraikitzeko eta neure burua arrisku egoeretatik babesteko.

Zer esan nahi izan du zuretzat GRAL Ekonomistak Saria jasotzeak?

Niretzat eta proiektuarentzat sekulako aintzatespena izan da GRAL saria jasotzea. Eskertzekoa da egindako lanari ikusgarritasuna ematea eta horri esker, ongizatea ardatz duen enpresa-kudeaketaren garrantzia zabaltzea.