• EKONOMIA
  • Xabier Mendiguren: "Idazleak eskaleen pare egotea nahi ez badugu, laguntza publikoak behar dira"

Xabier Mendiguren: "Idazleak eskaleen pare egotea nahi ez badugu, laguntza publikoak behar dira"

Mendigurenen arabera, euskarazko literaturaren irakurlegoa txikia eta ez oso fidela da. Hiru krisi nagusi batzen dira gaur egun: literaturaren prestigio-galera soziala, irakurtzeko ohituraren gainbehera eta euskarak berak jasaten duen egoera larria

Xabier Mendiguren | Argazkia: Andoni Canellada / Foku
Xabier Mendiguren | Argazkia: Andoni Canellada / Foku
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko urriaren 16a - 05:30

Xabier Mendiguren Elizegi euskal letretako erreferente nagusietako bat da, bai idazle oparo gisa, bai Elkar argitaletxean lau hamarkadaz egindako editore lan nekaezinagatik. 1988ko urtarrilean hasi zen argitaletxean testuak orrazten, hautatzen eta idazleekin batera liburuak ontzen. Gaur egun, erretiroaren atarian eta lan-karga murrizten ari den trantsizio betean, atzera begiratu eta bere ibilbideaz, editorearen lanbidearen barrunbeez, liburugintzaren krisiaz eta euskal kulturaren egoera ekonomiko zein sozialaz mintzatu da luze eta zabal.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Nola definituko zenuke zein den editore baten lana?

Editorea irakurle bat da, baina kasu honetan editore pribilegiatua edo irizpideduna, eragin handikoa edo botereduna, nahi duzun izenondoa erantsi. Editore lanaren alderdirik garrantzitsuena irakurtzea da. Guri argitaratu gabe dauden lanak iristen zaizkigu, eta gure lana izaten da horiek irakurtzea eta, lehenik eta behin, erabaki bat hartzea: ea honek liburu bat egitea merezi duen ala ez; gero, noski, ez da horren sinplea, batzuetan erantzuna izan baitaiteke: “Bueno, horrela ez, baina agian hau eta hau aldatuz gero, baliteke”, edo “Bai, gustatzen zaigu, baina hala ere uste dugu hobetu daitekeela”. Orduan idazleari proposatzen diogu hau aldatzea edo bestea moldatzea.

 

Edozein modutan, baiezkoa emanda ere, hor prozesu bati ekiten diogu, eta badago idazlearekin batera egiten den ibilbide bat, lanketa bat, berridazketa bat neurri batean, edo txukuntze bat. Irakurketak testua aldatzea dakar, eta zuzenketa horiek maila desberdinetan gerta daitezke. Badaude edukiari loturikoak: demagun nobela bat idatzi duzula eta nik esaten dizudala gustatu zaidala, baina kapitulu hau kendu egingo nukeela, edo beste hau luzatu, laburtu, edo pertsonaia hau hobeto garatu. Badaude zuzentasunari loturiko zuzenketa sinpleagoak: demagun “uneoro” idatzi duzula, baina Euskaltzaindiak aparte idazteko agintzen duela. Hori ez dugu idazlearekin kontsultatzen, besterik gabe aldatu egiten dugu; hau da, Euskaltzaindiari, euskara batuari edo ortografia batuari dagozkion erabakiak aplikatu egiten ditugu, salbu eta idazlearen kapritxo berezi bat ez bada. Neurri batean idazleari ere uzten diogu intsumisiorako tartetxo bat.

Argitaletxe batzuetan funtzio horiek pertsona desberdinek egiten dituzte: batzuek testua irakurri, baietz edo ezetz esan eta mamiari dagozkion aholku orokorrak ematen dizkiote idazleari, eta beste pertsona batzuek egiten dituzte hizkuntzari edo estiloari dagozkion zuzenketak. Nik biak egin izan ditut, baina ohikoena funtzioak bereizita egotea da. Eta gero beste mila zeregin daude: azala pentsatzea, egile-eskubideak kudeatzea kanpoko idazleekin, prentsaurrekoak eta aurkezpenak antolatzea, irratiko publizitaterako testua erabakitzea… Mila txikikeria, lan osagarriak, baina muina irakurtzea da, eta irakurritako horren gainean erabakiak hartzea.

Erretiroaren bidea hasi duzu edo ordu gutxiagoz ari zara lanean. Nolakoa izaten ari da aldaketa?

Iruditzen zait ikasketa-prozesu bat egin beharko dudala egokitze-fase honetan. Azkenean, badira lanbide batzuk soldata bat emateaz gain nolabaiteko nortasuna ematen dizutenak, eta nire kasuan uste dut hala izan dela, jende gehienarentzat “Xabier Mendiguren editorea” bainaiz, bigarren abizena balitz bezala. Horrez gain, niri gustatu egiten zait lana, eta tokatzen zitzaizkidanak baino ordu gehiago eskaini dizkiot. Harreman asko egin ditut lanaren bidez, eta nire lagun asko editore moduan ezagutu ditudanak dira, idazleak direlako edo dena delakoagatik.

Bada jendea erretiroa noiz hartuko irrikaz dagoena, orduan nahi duena egingo duelako: bidaia handiak egin, argazkilaritzan aritu, zeramika egin… Nik ez daukat horrelako zaletasun indartsurik. Irakurtzea edo filmak ikustea izan daitezke nire zaletasunak, baina horiek orain ere egiten ditut, eta ezin dira izan norberaren bizitzaren zutabe bakarrak. Joango naiz egokitzen; pentsatzen dut moldatuko naizela eta ikasiko dudala il dolce far niente praktikatzen.

"Behin egin nuen zenbaketa: onartzen genuen eskuizkribu bakoitzeko lau edo bost botatzen genituen atzera"

Editore batek, nolabait ere, negozioa eta literatura uztartu behar ditu: baliteke liburu bat irakurri eta hunkigarria gertatzea, baina pentsatzea ez dela ondo salduko. Nola bateratzen dira bi alderdiak?

Honetaz asko pentsatu dut eta gauzak argi samar dauzkat. Ardatz kartesiarren eskema bat egingo bagenu, abzisen eta ordenatuen bidez, lau talde sortuko lirateke. Ardatz batek liburuaren kalitatea neurtuko luke, eta besteak komertzialtasuna. Azken hori beti da suposizio bat, argitaratu aurretik ez baitakizu seguru. 

Hortaz, lau multzo bereiz daitezke. A taldea: literatura-maila handikoa eta aldi berean komertziala izan daitekeena. Hori pagotxa da, zoragarria. B taldea: literatura-maila handikoa, baina aurreikuspenen arabera askorik salduko ez dena. C taldea: literarioki oso jasoa iruditzen ez zaiguna, baina kontatzeko moduan txispa eta grazia daukana, gai erakargarriak lantzen dituena eta merkatuan ondo funtzionatuko duela uste duguna. D taldea: ez zaigu oso jasoa iruditzen, eta komertziala izango denik ere ez dugu uste.

Irudia: EnpresaBIDEA
Irudia: EnpresaBIDEA

Batzuek pentsa dezakete A bakarrik atera beharko litzatekeela, edo A eta B bakarrik, baina uste dut argitaletxe batek A, B eta C argitaratu behar dituela; D taldekoak ez, noski. Nik hala ikusi dut eta hala praktikatzen saiatu naiz.

Jakingo zenuke esaten iristen zaizkizuenetatik gehienak zein multzotan kokatzen diren?

Denetarik iristen da. Futbolean gertatzen den moduan, batzuk onak dira eta besteak ez. Hala ere, jendeak askotan ez daki argitaratzen diren liburuak idazten diren guztien parte txiki bat baino ez direla. Inon argitaratzen ez diren liburu asko daude. 

Nire lanean kontabilitate zorrotzik ez dut eraman, baina behin egin nuen zenbaketa: onartzen genuen eskuizkribu bakoitzeko lau edo bost botatzen genituen atzera. Badira liburu batzuk guk ezezkoa eman eta gero beste argitaletxe batean ikusi izan ditudanak; eta alderantziz ere bai, ziur nago nik onespena emandako batzuek beste nonbait ezezkoa jasota izango zutela aurretik. Dena dela, oro har argitaletxe seriook bateratsu jokatzen dugula esango nuke.

Xabier Mendiguren “editore” abizena izango duzu, baina idatzi ere asko idatzi duzu. Nola uztartu dituzu bi lanbideak?

Idazle batentzat editore izatea ez da lanbiderik onena, baina batetik, idazletzak ez du profesionalizaziorako biderik ematen, eta bestetik, nik ez dut inoiz izan idazle profesionala izateko anbizio edo gogorik. Gaztetan hasi nintzen editore lanetan, eta gustura egin dut, horri eman dizkiot egunak eta gauak. 

Noiz idatzi izan dut nik? Bada, batez ere oporretako idazlea naiz. Idazketak denbora eskatzen du, bi zentzutan: denbora fisikoa, minututan neurtua; eta denbora mentala, buruan bestelako kezkak eta buruhausteak kendu eta idatzi nahi duzun horretan bakarrik zentratzekoa. Oporrak izan dira niretzat editore-kontuak ahaztu eta buruan neukan istorioari ekiteko unea. Askotan gertatu zait udan hasi eta ez amaitzea; gero asteburu batzuetako orduak hartu eta Gabonetan bukatu dut, edo Gabonetan hasi eta hurrengo udan biribildu.

Xabier Mendiguren | Argazkia: Andoni Canellada / Foku
Xabier Mendiguren | Argazkia: Andoni Canellada / Foku

Ez da erraza izan behar astean zehar beste pertsonek idatzitako horrenbeste testu irakurri eta gero zure ideia propioak lantzea.

Ez zait bereziki zaila egin. Behin idazten hasten naizenean nahiko azkar idatzi izan dut, baina lehenagotik asko pentsatu dudalako pertsonaiez, kontatzeko moduaz… zurrunbilo hori aldez aurretik buruan edukitzen duzu.

Orain editore lanari ordu gutxiago eskaintzen hasi zarenez, asmoa duzu idazteari denbora gehiago dedikatzeko?

Asmo osoa daukat ez egiteko. Uste dut asko samar idatzi dudala eta ez dugula gainprodukzioan erori behar; jendea ez dugu aspertu edo asebetetze gehiegizkoaren sentsazio horretara eraman behar, edo nik behintzat ez dut egin nahi. Denbora daramat idatzi gabe. Oraindik argitaratuko ditut gauza batzuk kaxoian ditudalako, baina ez dut neure burua behartu nahi. Egia da hemendik aurrera idazteko modua alda daitekeela, nire liburuak laburrak izan baitira batez ere, oporretan ezin duzulako laurehun orrialdeko liburu bat idaztea planteatu. Orain jakingo dut barruak istorio luzeagoak eskatzen dizkidan ala ez.

Hainbat dira gaur egun Euskal Herrian martxan dauden argitaletxeak. Badago lekua gehiagorentzat?

Gutxiegi garela uste dut. Zenbat eta gehiago hobe, ekosistema aberatsagoa izango baita. Irakurle bakoitzak bere gustuko gauzak topatzeko aukera gehiago izango du, eta idazleek beren publikoa errazago aurkituko dute. Egun, Euskal Herrian martxan dauden argitaletxe gehienak aspaldikoak dira: Elkarrek 50 urte baino gehiago ditu, Ereinek oraintxe beteko ditu 50, Susa eta Pamiela 40ak pasatuta daude, baita Txalaparta ere. Alberdaniak zertxobait gutxiago, baina antzera. Azken 25 urteetan ez da sortu jarraipena izan duen argitaletxe berririk. 

"Argitaletxe batzuek urteko salmenten ehuneko hamar egiten dute Durangoko azokan"

Katakrak?

Bai! Eta zorionez. Katakrakek lortu du besteok ateratzen ez ditugun liburuak argitaratzea eta komunitate sendo bat sortzea bere liburu-dendaren inguruan.

Hobe litzateke gehiago sortuko balira, baina zailtasunak hor daude: liburu bat ateratzeko gastuak eta gero lortzen diren salmentak ikusita, negozioa desastre bat da. Argitaletxe berririk ez da sortzen, eta sortutako batzuk itxi egin dira, Meettok edo Pasazaite adibidez. Banaketan ere lehen hainbat enpresa zeuden eta orain bakarra geratzen da; liburu-dendak ere ixten ari dira. Oso ahula da gure egoera. Beraz, gehiago sor daitezke. Baten batek interes, pasio eta gogo handia badu argitaletxe propioa sortzeko, badu aukera bere txokoa bilatzeko, baina ez da batere erraza.

Argitaletxe batek badu, liburuen salmentaz harago, bestelako diru-iturririk?

Euskaraz funtzionatzen duen argitaletxea nagusiki salmentetatik elikatzen da. Dirulaguntzen zati txiki bat ere badago: urtero plangintza bat aurkezten diogu Eusko Jaurlaritzari —Nafarroako Gobernuak ere badu bere laguntza lerroa—, eta irizpide batzuen arabera kopuru bat ematen digute. Laguntza hori argitaletxe baten urteko gastuaren %5 eta %10 artekoa izan daitekeela kalkulatzen da; gure kasuan, gaur egun %8koa da.

Gainerako guztia salmentetatik dator. Salmenta gehiena liburu-denden bidez egiten da. Salmenta zuzena ere badago, azoketan, batez ere Durangoko Azokan. Are gehiago, argitaletxe batzuek urteko salmenten ehuneko hamar egiten dute Durangon. Oso desberdina da zuzenean saltzea edo denden bidez saltzea: dendetan saltzen denean, zati bat dendariarentzat da, beste bat banatzailearentzat eta bestea argitaletxearentzat; Durangon [azoketan], aldiz, dendaren eta banaketaren zati hori zuzenean argitaletxeak hartzen du.

Liburu baten prezioa berbera da, legez, salmenta puntu guztietan. Zein da horren atzean dagoen logika?

Ez mundu osoan, baina Espainian zein Frantzian hala legeztatuta dago, eta dendariek gehienez ere %5eko deskontua egin dezakete. Batek pentsa dezake prezio librea hobea litzatekeela deskontu handiagoak egiteko, baina horrek tranpa dauka.

Lege hori ezarri zenean, gehien saltzen ziren liburuak ikastetxeetako testuliburuak ziren. Garai hartan, familia batek ehun euro inguru gasta zitzakeen seme-alaben testuliburuetan, hogei euro balio zuten bost liburu erosita. Denda txiki batentzat, ikasturte-hasierako kanpaina hori urteko diru-sarreren erdia izan zitekeen. Dendak hamabost euroan erosi eta hogei euroan saltzen zuen liburua, bakoitzetik bost euro irabaziz. Baina orain imajinatu Carrefour, Mercadona edo El Corte Inglés bezalako azalera handi batek erabakitzen duela liburu horiek hamar euroan saltzea. Saltzen duen liburu bakoitzeko bost euro galduko lituzke, baina zer lortuko luke? Familiak hara joango lirateke liburuak erostera, eta bide batez zapatilak, motxilak, koadernoak, babarrunak, xurgagailua eta plantxa bat erosiko lituzkete. Berrehun euroko erosketa egingo lukete bertan. Hori baimenduz gero, inork ez luke herriko denda txikian erosiko, eta denda txiki guztiak pikutara joango lirateke hurrengo egunean. Horregatik da hain garrantzitsua liburuaren kate osoa babestea prezio finkoaren bidez.

Xabier Mendiguren | Argazkia: Andoni Canellada / Foku
Xabier Mendiguren | Argazkia: Andoni Canellada / Foku

Liburu batetik bestera, ordea, prezioa aldakorra da. Nola erabakitzen da salneurria?

Argitaletxe bakoitzak jartzen dio produktuari bere prezioa, baina funtsean gastuen arabera kalkulatzen da.

Zehazki, zein gasturen arabera?

Batez ere orrialde kopuruak. Zenbat eta potoloagoa izan liburua, inprentako oinarrizko gastua are eta handiagoa izango da. Beste faktore nagusia tirada da: tirada handiak egitean, ale bakoitzaren kostua askoz merkeagoa da.

Hala ere, euskaldunok ezin dugu tiradekin jokatu. Espainiako edo Frantziako merkatuetan gertatzen da: liburu berriak hogei euro inguruan ateratzen dituzte edizio zainduan, eta urtebetera poltsikoko edizio merkeak ateratzen dituzte hamar euroan, badakitelako milaka ale gehiago salduko dituztela. Euskaldunok ez daukagu horretarako aukerarik, gure publikoa oso mugatua baita. Puntako idazle batek agian bost mila ale sal ditzake, baina idazle arrunt bat ez da mila alera iristen. Zein zentzu dauka mila ale saltzen ez dituen liburu baten poltsikoko edizioa ateratzeak? Ezin dugu.

Horretaz gain, badira bestelako gastuak ere: liburuak argazkiak edo koloretako orriak baditu, ilustratzailearen lana badago, edo itzulpen bat bada. Gastu horiek guztiak berreskuratu egin behar ditu argitaletxeak, eta prezioa puztu dezakete.

Euskal Herriko publikoa oso mugatua dela diozu. 

Euskaraz ateratzen diren liburuak kalitate onekoak eta askotarikoak dira estiloz nahiz generoz. Baina ez daukagu irakurlego sendorik; irakurtzeko zaletasuna dutenak gutxi dira kopuruan. Eta lehia izugarria da: batetik liburuen arteko lehia dago, normala eta osasuntsua dena; baina bestetik liburuak ez diren bestelako entretenimenduak daude, gure lehiakide zuzenak direnak.

Hiru krisi batzen direla uste dut: lehenik, literaturak gizartean izan duen prestigio-galera orokorra. Garai batean, aktore, kirolari edo politikari bati elkarrizketa egitean galdetzen zitzaion ea zer liburu ari zen irakurtzen; gaur egun inork ez du horrelakorik galdetzen, orain galdetzen da zein telesail ikusten ari zaren. Literaturak eta idatzizko kulturak prestigio soziala galdu dute. Bigarrenik, bilakaera teknologikoaren ondorioz, testu luzeak patxadaz irakurtzeko ohitura eta gaitasuna galdu dugu. Gazte batzuek ez dute inoiz ahalegin hori egin, hamar orrialde segidan irakurtzekoa. Gainera, gure bizi-baldintza materialetan zaila bihurtu da patxadako pare bat ordu lortzea liburu baten irakurketan kontzentratuta egoteko. Azkenik, eta ez nuke esan gabe utzi nahi, euskarak berak bizi duen prestigio-galera handia. Errua inperialistei eta oldarraldi judizialari botatzen diogu, baina geure barruan ere ez dakit zenbateraino sinesten dugun gure kulturaren kalitatean eta edertasunean. Euskarak berak kinka larria bizi baldin badu, euskarazko kulturak are gehiago. Gaztelaniaz bizi den batek lasai asko kontsumitu dezake euskal musika, baina euskaraz bizi ez bazara, zure intimitatean ez zara euskarazko literaturaren irakurle izango. Hor ez du itxurakeriak balio.

"Errua inperialistei eta oldarraldi judizialari botatzen diogu, baina geure barruan ere ez dakit zenbateraino sinesten dugun gure kulturaren kalitatean eta edertasunean"

Horrek guztiak irakurlego txikia eta ez oso fidela sortzen du. Horri buelta ematea oso zaila da. Ezin gara jendeari errietaka eta kargu hartzen aritu; izan ere, mezua jada irakurtzen duenari bakarrik iristen zaio eta alferrikako errudun-kontzientzia sortzen dio. Egin dezakegun bakarra lanean jarraitzea da, ahalik eta liburu ederrenak sortzen saiatuz, irakurtzen dituenak senti dezan benetan merezi izan duela inbertitutako dirua eta denbora.

Liburu bat idaztean idazleak %10aren bueltan irabazi ohi du; zein ehuneko jasotzen du argitaletxeak?

Liburuak BEZ oso txikia du Espainian, %4koa. Zerga hori Hego Euskal Herrian dagokion diputazioak edo gobernuak eramango luke. Gainerako portzentajea, banaketa sinple bat egite aldera, horrela banatzen da gutxi gorabehera: laurden bat (%25) dendariarentzat, beste laurden bat (%25) banatzailearentzat, eta erdia (%50) argitaletxearentzat. Baina argitaletxeak asumitzen ditu ekoizpen-gastu guztiak: idazleari dagokion %10a ordaindu behar dio, saldutako aleen arabera, eta gainera gastu finkoei aurre egin behar die. Inprentari mila ale enkargatu badizkiozu, mila horiek ordaindu behar dizkiozu, nahiz eta gero hirurehun bakarrik saldu. Inprentaren lana gastuaren %20 edo %25 izan daiteke. Horri gastu propioak gehitu behar zaizkio: maketazioa, azalaren diseinua, ilustrazioak (egongo balira), zuzentzaileen lana, lokalaren mantentzea eta argitaletxeko langileen soldatak. Azkenean, idazleak %10 jasotzen badu, argitaletxeari %15-20 geratuko litzaioke gastu propioak ordaintzeko.

Irudia: EnpresaBIDEA
Gutxi gorabeherako datuak izanik, ehunekoak ez dira osoak | Irudia: EnpresaBIDEA

Idazle ere bazarenez gero, zer nolakoa iruditzen zaizu ehuneko horien banaketa?

Egoera oso bitxia da: liburuaren munduan gauden guztiok oso egoera ahul eta prekarioan gaude, bai dendariak, bai banatzaileak, bai argitaletxeko langileak; baina denok gara profesionalak. Idazlea, zeina baita kateko pertsonarik garrantzitsuena, bera gabe ez baitago ezer eta beste guztiak bitartekari hutsak baikara, askoz okerrago dago: ez da profesionala eta irabazten duena barregarriki gutxi da. Ez dago kulturan idazlearena bezain gaizki tratatutako beste sektorerik. Mila ale inguru saltzea ohikoa bada eta liburuak hamabost-hogei euro balio badu, idazleak mila eta bostehun edo bi mila euro irabaziko ditu liburu bakoitzeko. Hori hilabete bakarreko gutxieneko soldata da, baina idazle batek ezin du hilero liburu bat idatzi; asko jota urtean bat egingo du. Idazlea ezin da bere liburuetatik bizi. Hitzaldi batzuk emanda beste mila euro lortzen baditu, hilabete pare baterako emango dio. Hori Harkaitz Canok berak aipatzen zizun, eta pentsa, Cano idazle mundiala da, oso oso ona! Eta idazle bikaina izanda ere, hamaika lan osagarri egin behar ditu aurrera ateratzeko.

Batzuek esaten dute ehunekoak aldatu beharko liratekeela, idazleari %10 beharrean %30 emanez. Baina hori ekonomikoki ez da posible, zenbakiek ez dute ematen. Hortaz, euskal kultura existitzea nahi badugu eta idazleak eskaleen pare egotea nahi ez badugu, laguntza publikoak beharko lirateke. Frantzian intermittent du spectacle delakoa daukate: urtean ekitaldi kopuru jakin bat egiten baduzu, Estatuak langabezia moduko bat ordaintzen dizu gainerako hilabeteetan. Irlandan ere aztertzen ari dira artistei oinarrizko soldata bat ezartzeko neurriak. Hemen ez dakit zein izan daitekeen formula, baina honetaz pentsatu egin behar da, eta zerbait egiteko borondatea izan behar da. 

Hauteskundeak datoz eta ez nuke inolako alderdiren propaganda egiten ari naizen itxura eman nahi, baina Legebiltzarrean talde batek proposatu zuen horrelako neurriak aztertzen hastea, eta erantzun zitzaion idazleak ez duela diruarekin automatikoki sortzen; baina hori esan duenak, noski, diru asko irabazten du bere karguagatik, eta idazleek ez.

Editoreek jasotzen al dute salmenta kopuruaren araberako irabazi gehigarririk?

Munduan barrena ez dakit, baina gure etxean ez, eta uste dut euskal argitaletxeetan ez dagoela horrelakorik. Ingelesez bi hitz bereizten dituzte: editor (testuak zuzentzen dituena) eta publisher (argitaletxearen jabea). Argitaletxe txiki batean biak pertsona bera izan daitezke, eta enpresak irabaziak baditu bereak izango dira. Baina gurean soldatapeko langileak gara.

bb 20260930225162
Xabier Mendiguren | Argazkia: Andoni Canellada / Foku

Elkarrek liburu bat argitaratzea erabakitzen duenean apustu bat egiten du. Badago ale kopuru finko bat esateko "hau ekonomikoki errentagarria atera zaigu"?

Ez dago kopuru finko bat, liburu bakoitzaren araberakoa da. Batzuek ordu askotako lana eskatzen dute zuzenketetan edo maketazioan, eta beste batzuk errazago egiten dira. Oro har, mila ale saltzera iritsiz gero gu pozik gaude, gastuak estaltzen direlako eta hortik gora irabaziak egon daitezkeelako. Bostehun alera iristen ez bagara, dirua galtzen ari gara argi eta garbi. Errentagarritasunaren muga bostehun eta mila aleen artean dago. Batzuetan argitaletxeok esaten dugunean benetan gaizki gaudela, jendeak esaten du beti kexaka ari garela, garai bateko baserritarren antzera: beti kexu euria egin zein ez egin. Baina ez da egia. Gutxi saltzeak ez du esan nahi Maserati bat erosi beharrean Seat Ibiza bat edukiko dugunik; esan nahi du muga batetik behera jaitsiz gero argitaratzea hondamendia dela eta argitaletxeak pertsianak ixten hasiko direla.

Nola definituko zenuke liburu arrakastatsu bat? Kritikan jartzen duzu fokua ala salmentetan?

Idazle bakoitzak bere irizpidea izango du. Niretzat funtsezkoa da ni neu egindakoarekin gustura geratzea. Horrez gain, gehiago interesatzen zaizkit erantzun kualitatiboak kuantitatiboak baino. Zenbat ale saldu diren ez naiz gehiegi fijatzen, baina norbait etorri eta esaten badit nire liburua benetan gustatu zaiola arrazoi jakin batzuengatik, horrek poza ematen dit, berdin dio pertsona hori kritikaria den ala kaleko irakurlea. Beti nahi izaten dugu gehiago: saltzen ez dutenak kexu dira salmentarik ez dutelako, eta asko saltzen dutenak kexu dira kritikak ez dielako kasurik egiten edo saririk ez dutelako irabazten. Idazleok ego handia dugula esaten da, baina egia da norberak ahalegin, amets eta talentu asko jartzen duela liburu batean, eta ordainetan jasotzen den maitasuna sekula ez zaigula iruditzen guk emandakoaren neurrikoa denik. Zoritxarrez, horrek ez du konponbide errazik.

"Niri lanean poz handiena ematen didana idazle berri baten lan bikain bat deskubritzea da, jakinda agian nik ikusi izan ez banu beste inork ez zuela ikusiko"

Itzea Urkizuk hartuko du zure lekukoa. Zein gomendio emango zenioke?

Berarekin egoten naiz eta gauza praktiko asko aipatzen dizkiot, baina aholku orokor bezala esango nioke bere buruaz fidatzeko, konfiantza izateko bere irizpidean. Berak zerbait oso ona dela ikusten badu, izan dezala fedea horretan eta egin dezala aurrera. Editore batek konbinazio berezi bat behar du: konfiantza handia bere buruarengan, baina aldi berean umiltasun handia. Konfiantza behar duzu jende askori ezetz esan behar diozulako, izena duten idazleei barne, eta sinetsi behar duzu testu jakin bat ez dagoela ondo. Baina aldi berean apaltasun handia behar da, editorearen lana beti itzalpean egongo delako, eta hala izan behar duelako: protagonismoa idazlearena da. Zuk asko lagundu badiozu ere, idazleak eta zuk bakarrik jakingo duzue; kanpoko inork ez du zertan jakin gauza asko aldatu dizkiozun ala ez.

Izena duten idazleak aipatu dituzunez, hona galdera: liburu bat argitaratu ala ez erabakitzean, editorearengan eragina al du idazlea hasiberria izateak ala jada entzutetsua izateak?

Ez luke hala izan behar, baina seguru asko badu eragina, kontzienteki edo inkontzienteki. Niri lanean poz handiena ematen didana idazle berri baten lan bikain bat deskubritzea da, jakinda agian nik ikusi izan ez banu beste inork ez zuela ikusiko. Izen handiko idazleen lanak bota izan ditugu atzera, baina egia da ibilbide bat dutenean errespetu bat merezi dutela: agian zerbait arraroa idatzi dute, baina akaso beren bidean beste norabide bat hartu nahi dutelako da, edo badakizu publiko fidel bat dutela eta salmentak bermatuta daudela. Nolabaiteko eragina izan dezake, baina oro har kalitate-irizpide eta exijentzia bera aplikatzen saiatzen gara guztiekin.

Eta aurrerantzean, erretiroan, zer egiteko asmoa duzu?

Pixka bat lo gehiago egin, gehiago paseatu… Ez naiz inoiz kirolaria izan; gimnasioan ez dut neure burua ikusten. Baratzea jartzeko esaten didate batzuek, baina aitona-amona guztiak baserritarrak izan arren, umetan aitzurra hartu eta babak ateratzen zitzaizkidan eskuetan; baratzea ez da niretzat. Ez dakit oso ondo zer egingo dudan.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain