• EKONOMIA
  • Yolanda Jubeto: “Berdintasuna urte osoko lehentasuna dela barneratzea kosta egiten da"

Yolanda Jubeto: “Berdintasuna urte osoko lehentasuna dela barneratzea kosta egiten da"

Genero-ikuspegia txertatuta duen aurrekontuak ondu nahi ditu Jaurlaritzak. Ekonomialariaren ustez, berdintasun politiketara diru gutxi bideratzen dute instituzioek. Mugimendu feministaren eta administrazioaren arteko harremana handitzea gakotzat jo du

Argazkia: Jokin Revilla
Argazkia: Jokin Revilla
2025eko irailaren 2a - 05:30

Eusko Jaurlaritzak genero-ikuspegia txertatu nahi du bere aurrekontuetan. Yolanda Jubeto Ruizek (Sestao, Bizkaia, 1962) ekonomia doktore eta EHUko irakasleak Eusko Jaurlaritzak antolatutako Genero-ikuspegia duten aurrekontuak: gobernu-konpromisoa izeneko jardunaldian parte hartu zuen pasa den uztailean. Bertan, gertutik aztertu zuen Jaurlaritza egiten ari den lana, eta horren gainean mintzatu da EnpresaBIDEArekin.

 

Zertarako behar da genero ikuspegia aurrekontu publikoetan?

Gobernu batek bere lehentasunak islatzeko tresna nagusia aurrekontuak dira. Aurrekontu publikoak nahiko itsuak dira genero desberdintasunen aurrean. Genero desberdintasunaren aurka gauza asko adierazten dira administrazioetatik, baina ez zaio diru nahikorik esleitzen. Aurrekontua, ez da dokumentu soil bat, ziklo oso bat da. Politikak planifikatzeko, esleitzeko eta ebaluatzeko tresna da eta genero ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da, berdintasunaren aldeko urratsak eman ahal izateko.

 

Berdintasuna lortzeko, aurrekontu publikoak nahikoak dira edo hasteko bide bat besterik ez dira? 

Ez da nahikoa eta ez da hasteko puntu bat. Aurretik politikak egin behar dira. Berdintasun legea dugu eta arautegia dago berdintasuna esleitzeko dirulaguntzen bitartez. Horrek, aurrekontuak sortzeko bidea eman digute. Modu honetan, batasun bat ematen zaio legediari eta diruari. Aurretik planifikatu diren politiketan berdintasuna erdigunean ez badago, ez du zentzurik aurrekontu horiek aztertzea. Aldiz, legea eta araudia zehaztuak daudenean, diagnostikoak daude. Horiei esker aztertu daitezke ezberdintasun nagusiak non dauden eta horiei nola aurre egin. Aurrekontuen bidez, neurri guztiak koherentziaz aztertzen dira. Politika batzuek berdintasunaren inguruan diskurtsoa dute, baina gero ez dago dirurik. Gaur egun, dirurik gabe ezin dira ekitatea lortzeko ekimenak martxan jarri eta egonkortu.

Zer balio hartzen dira kontuan horrelako aurrekontuak egiterakoan? Nola ezartzen da?

Lehendabizi egoeraren diagnostiko ona egin behar da. Berdintasuna gai guztiak zeharkatzen dituen lerro bat da eta arlo guztietan txertatu behar da. Berdintasun arlo bat soilik edo, gure kasuan, Emakunde izatearekin ez da nahikoa. Nazio Batuen Erakundeak, 1995.urtean, munduko estatu guztiei adierazi zien politika publikoetan berdintasunaren ikuspuntua barneratzea ezinbestekoa zela, bestela, politika horietan hutsuneak egongo zirelako.

Desberdintasunak non dauden aztertu behar da, eta emakume eta gizonen kolektibo zehatzak aztertu. Horretarako, ezinbestekoa da diagnostiko on bat egitea eta, ondoren, helburu orokor eta zehatzak ezartzea politikaren arlo bakoitzean. Ondoren, diruari jarraipena egin behar zaio. Jarraipena egin ostean, zer nolako emaitzak egon diren ebaluatu dezakegu. Gaur egun, ez dugu ebaluatzeko politika eraginkorrik eta ebaluazioa serio hartu behar da.

"Gaur egun, ez dugu ebaluatzeko politika eraginkorrik eta ebaluazioa serio hartu behar da"

Zer zailtasun dituzte erakundeek horrelako aurrekontuak ezartzerakoan? 

Aurrekontuak ez dira inoiz pentsatu berdintasunaren ikuspegitik. Aurrekontu publikoaz hitz egiten denean, eraginkortasunean pentsatzen da. Kosturik txikienarekin helburuak lortu behar dira eta desbideraketarik ez egotea kontrolatu. Aurrekontuak pentsatzerakoan, berdintasuna ez da txertatu eta, askotan, ez dakite nola egin. Ekonomian, zuzenbidean, edo beste disziplinetan ez da honen inguruan ikasi.

Berdintasun politika aurrekontu zikloan txertatzeko egiturazko aldaketak egin behar dira. Administrazioetako langile guztien ahalegina ezinbestekoa da. Askotan, profesional horiek ez dute ohiturarik ez tresnarik honi aurre egiteko. Berdintasun politikak bigunak dira, eta berdintasun legeak ezartzen duena ez dela betetzen ikusten ari gara. Berdintasunaren kontrako mezuak jasotzen ari gara azken boladan eta horiek ez dira zigortzen. Horri aurre egitea zaila da.

Langile publikoentzako eta politikarientzako ez dira formakuntzarako baliabideak esleitzen. Beraz, gaia erdigunean jartzen ez denez, oso zaila gertatzen da egitea. Martxoak 8 edo azaroak 25ean zerbait egitearekin nahikoa dela uste da. Nire ustez, zailtasun nagusia da ez zaiola garrantzia nahikorik ematen eta ez dela nahikoa inbertitzen. Berdintasuna urte osoko lehentasuna dela eta guztion ardura dela barneratzea asko kostatzen da.

Eusko Jaurlaritzan hainbat saiakera egin dira. Zer desberdintasun dago 2025erako proposamenean? 

Jaurlaritzako berdintasun teknikariak hitzartutako estrategia aldarrikatzen ari dira. Genero ikuspegia sektore publikoaren aurrekontu orokor guztietan ezartzea epe luzeko aldarrikapen bat da berdintasun teknikarien aldetik. Oraingoan, botere politikoaren partetik konpromisoa dago. Administrazio batean gauzak errazago egiten dira konpromiso politikoa dagoenean.

Udaberri honetan estrategia bat onartu da eta zenbait urrats zehaztu dira. Zeharkakotasuna martxan jartzeko seriotasun puntu batera heldu dela dirudi. Hori oso garrantzitsua da eta aurreko esperientziekin alderatutako desberdintasun nabarmena izan daiteke. Estrategia honek baditu alde ahulak, epeak ez daudelako guztiz zehaztuak. 2030.urtea jarri dute epe bezala eta nire ustez oso urrun dago. Horrez gain, urtez-urte zenbat diru jarriko den zehaztu gabe dago. Nire ustez, hori gabezia nahiko handia da. Konpromisoa dagoela ikusten da, baina egiaztatu behar da baliabide ekonomikoak jartzen direla. Gabezia batzuk argi ezagutzen dira eta hori ondo diagnostikatua dago.

Horrelako aurrekontuak beste herrialde batzuetan ezarri dira aurretik? Zeintzuk izan dira aitzindariak?

Bai, asko egon dira. 80. hamarkadan Australian egin ziren eta hamarkada bat baino gehiago iraun zuten. Hegoafrikan, Kanadan, Britainia Handian ere egin dira. Kasuak desberdinak izan dira, batzuetan gobernu barrutik sortu da beharra eta beste batzuetan gizarte zibilak eskatuta.

Gure kasuan, Andaluziako Junta izan da aitzindaria gurekin batera. Hemen egin zen lehen esperientzia pilotua mende hasieran, baina ez zen aplikatu. Aldiz, Andaluziako Juntan 2003. urtetik aurrera nahiko serio hartu zuten. Lege bat onartu zuten eta aurretik azterketak egin zituzten planak aurrera eraman ahal izateko. Estatistika guztiak sexuz desagregatu egin behar zirelaren garrantzia azpimarratu zuten. 2006. urtean lehen txostenak atera zituzten eta aurrekontu proiektua aztertzerakoan, diagnostiko sakonak egin zituzten. Ikerketarekin aurrera egiteko bertako unibertsitate publikoekin itunak sinatu zituzten eta metodologia propioa sortu zuten. Lan oso borobila egin dute urteotan eta epe luzeko kontua dela argi utzi dute. 

Administrazio baten kultura aldatzea ez dela erraza ikusi zuten. Sistema informatikoa ere aldatu behar izan zuten eta gauza konplexua dela argi geratu da. Gobernu aldaketaren ondorioz, dena kolokan geratu zen. PPren gobernuak esan zuen ahalegin oso handia zela eta fruitu gutxi ematen zituela. Azken finean, berdintasunaren ikuspegitik ez dute egoera aldatu nahi.

"Politiko eta teknikoen aldetik, konpromiso asko behar da eta baliabideak jartzea zaila izaten da emaitzak ez direlako epe laburrean ikusten. Hori politikaren logikaren kontra doa, emaitzak epe laburrean nahi direlako"

Prozesu eraldatzaile bat sortzeak denbora asko darama, ez da batere erraza. Politiko eta teknikoen aldetik, konpromiso asko behar da eta baliabideak jartzea zaila izaten da emaitzak ez direlako epe laburrean ikusten. Hori politikaren logikaren kontra doa, emaitzak epe laburrean nahi direlako. Horrek erakusten digu ahulezi asko daudela berdintasunaren aldeko borrokan. Denbora asko ematen da berdintasunaren alde lan egiten eta kontra egitea epe laburrean oso erraz egin daiteke.

Australian gauza bera gertatu zen. Hamarkada bat indarrean jarri ostean, eta aurrera pauso asko eman da, izoztuta utzi zuten prozesua. Eskuineko gobernu batek baliabiderik gabe utzi zuen proiektu hura. .

Zer egin daiteke horrelako aurrekontuak gobernuetan finkatzeko eta Andaluziakoa edo Australiakoa gerta ez gertatzeko?

Lege sendo batzuk ezarriz nahikoa zela uste zen, baina ikusi da legeak alda daitezkeela. Administrazioan kultura berri bat sortu behar da. Eremu guztietara hedatu eta kontzientzia aldaketa sortu behar da. Hau beharrezkoa dela ikusten bada, zailagoa izan daiteke atzera jotzea. Arriskua beti egongo da. Ultraeskuina hor dugu eta administraziora heltzen direnean berdintasunaren aldeko politikak “txiringitoak” direla esaten dute. Hainbeste lan eta esfortzuren ostean, deskalifikatu egiten da.

Mugimendu feminista indartsu dagoenean, ikusi da zailagoa dela politika horiek kentzea. Mugimendu feministaren zati batek ez du feminismo instituzionalean sinesten, baina argi dago feminismoa indartsu dagoenean, aldarrikapenak egiten dituenean eta kontuak eskatzen dituenean, zailagoa dela atzera jotzea. Australian ikusi zen administrazioak harreman handiagoa eduki behar duela mugimendu feministarekin. Horrek, elkarrizketa asko eskatzen du alde bietatik. Autokritikoa izateko gaitasuna ezinbestekoa da. Nire ustez, administrazioari hori falta zaio. Planifikazio parte hartzaileagoa bilatu behar da. Horretarako tresnak daude, baina tresna horiek administrazioa funtzionatzeko logikak apurtzen ditu. Administrazioa aurrera eramateko dituen logikak gainditu behar dira, eta kalera gehiago atera beharko litzateke.

Austrian konstituzioa aldatu zen, horrek balio izan du?

Konstituzioan sartzea muga da eta balio sinboliko izugarria du. Austrian berdintasunaren aldeko mugimendu bat dago eta gizartea antolatua dago nahiz eta eskuina oso indartsu dabilen. Horrek ahuldu egin du aurrekontuetan egin den lana. Konstituzioan egoteak erne egoteko balio du. Gizarte zibilak badaki bere eskubidea dela eta aldarrikatu dezake. Adierazpen orokor batean geratzeko arriskua ere hortxe dago. Espainiako Konstituzioan etxebizitzarako eskubidea dago eta badakigu zein den egoera. Konstituzioarena beharrezko urratsa da, baina ez nahikoa.