• EKONOMIA
  • Zer hartu behar da kontuan bigarren eskuko auto bat erostean?

Zer hartu behar da kontuan bigarren eskuko auto bat erostean?

Bigarren eskuko ibilgailuen kontsumoa handitzeak haien gaineko erreklamazio kopurua ere areagotu du. Zeini erosten zaion jakitea, kontratua ondo irakurtzea eta erosi aurretik konfiantzazko tailerrera eramatea gomendatzen du EKA / ACUV elkarteak

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko uztailaren 24a - 05:30

Etxebizitza erosteko zailtasunak ditugun garaiotan, auto berri bat erostea ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Ez da etxebizitza baten inbertsioaren parekoa, baina 20.000 eta 30.000 euro arteko inbertsioa ez da nolanahikoa, etorkizun hurbilean bestelako gastuak baldintzatzeko modukoa da, eta, gainera, horrelako erosketa bat egiteak bere aukera kostua dakar.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Etxeko mahaian eserita, koadernoa eta boligrafoarekin, eta kalkulagailua aterata, aurrezkien puzzlea osatu behar dute euskal herritar askok. "20.000 euroko autoa erosten badut, emango ahal dit etxeko obra ordaintzeko? Eta Aste Santuan zazpi eguneko bidaia egiteko?" Bada, horrelako dilemen aurrean, geroz eta familia gehiago dira bigarren eskuko autoen aldeko hautua egiten dutenak. Eta, jakina, diru gutxiago gastatzen badute ere, bestelako arazo batzuk sortzen zaizkie.

Pandemiaz geroztik, bigarren eskuko ibilgailuen merkatua nabarmen hazi da gurean, eta ibilgailu mota horien kontsumoa igo den erritmo berean horien gaineko erreklamazio kopurua ere handitu egin da. EKA / ACUV kontsumitzaile elkarteak hala salatu zuen ekainaren hasieran, baita ohartarazpen kanpaina abiatu ere. “Esango nuke bulegora sartzen zaigun erreklamazio mota nagusienetako bat dela bigarren eskuko ibilgailuena, eta urteko lehen sei hilabete hauetan bereziki hazi da erreklamazio kopurua”, azaldu du Leire Alberdi EKA / ACUVeko Donostiako bulegoko abokatuak.

 

Gauzak horrela, Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak zehaztu du erreklamazio kasu gehienak eredu bera jarraitzen dutela: “Eroslea ziur dago urtebeteko legezko bermeak epe horretan agertzen den edozein matxura estaltzen duela”. Eta hala da kasu askotan bai, baina ez denetan. Ez da ahaztu behar bigarren eskuko ibilgailu bat erostea kontratu bat sinatzea dela, eta, hortaz, kontsumitzaileak ezustekorik izan nahi ez badu, hainbat aldagai aintzat hartu beharrean da.

Bermeak bai, baina ñabardurak ere bai

“Kontsumitzailearen legeak bereizten ditu bi berme mota: legala eta komertziala. Bigarren eskuko autoetan legeak dio urtebeteko berme legala badagoela. Horrek zer esan nahi du? Lehenengo urtean matxurarik sortuko balitz, matxura hori hasieratik zegoenaren presuntzioa dagoela. Eta horrek inplizituki suposatzen du saltzaileak daukala froga-karga, hau da, berak erakutsi behar du akats hori ez zela sortu hasieratik matxura bat zegoelako”, azaldu du Alberdik.

Lehenengo urte horretan erosleak matxuren inguruko froga-kargarik ez badu ere, tentuz ibiltzeko deia egiten dute EKAkoek, hainbat ñabardura kontuan hartu behar baitira. Izan ere, bermeak ez ditu erabilera normalaren ondoriozko higadurari loturiko matxurak estaltzen, besteak beste, enbrageak, balaztak, neumatikoak, bateria eta banaketa-uhalari lotutako akatsak.

Leire Alberdi: “Ikusi behar da hasieratik autoa nola saldu den, zer informazioa eman den, eta, ondoren, matxura izanez gero, ondo erreparatu behar da matxura hori higadura pieza batengatik izan den edo nahiz eta autoa ondo gidatu, bestelako akatsa den”.

Eta beste ñabardura bat: higadura-pieza bat bermearekin estalita egon daiteke, baldin eta haren akatsa garaiz aurrekoa edo saldutako ibilgailuaren baldintzetarako anormala izanez gero.

Hori dela eta, abokatuak nabarmendu du oso garrantzitsua dela bigarren eskuko autoa erosterako garaian zer baldintzatan dagoen ondo jakitea. “Ikusi behar da hasieratik autoa nola saldu den, zer informazioa eman den, eta, ondoren, matxura izanez gero, ondo erreparatu behar da matxura hori higadura pieza den edo nahiz eta autoa ondo gidatu, bestelako akatsa den”.

Zeini erosten ari garen jakitearen garrantzia

Alberdik ohartarazi du bigarren eskuko autoa saltzen duen aldearen izaera (juridikoa / fisikoa) ere aintzat hartu beharra dagoela: “Saltzailea autonomo profesional edo kontzesionario bat baldin bada, kontsumo erlazio bat dago. Horrek esan nahi du aplikagarria dela kontsumitzaileen legea. Bi partikularren arteko salerosketa bada, erosleak ez du kontsumitzaile izaera, eta hortaz, Kode Zibila aplikatzen da soilik".

Hainbat jarduera zalantzagarri antzeman ditu elkarteak. Besteak beste, behin baino gehiagotan ikusi dute autonomo profesionalek partikularren arteko salerosketa batean arituko balira bezala jarduten dutela, eta, beraz, partikularren arteko kontratu bidez burutzen dutela salerosketa. “Kontratu horretan ez zaio aipamenik egingo urtebeteko berme legal horri, izan ere, Kode Zibilak ez du berme hori aurreikusten”, argitu du Alberdik.

Leire Alberdi: “Saltzailea autonomo profesional edo kontzesionario bat baldin bada, kontsumo erlazio bat dago. Horrek esan nahi du aplikagarria dela kontsumitzaileen legea. Bi partikularren arteko salerosketa bada, erosleak ez du kontsumitzaile izaera, eta hortaz, Kode Zibila aplikatzen da soilik"

Horrekin batera, saltzaile askok berme legalari aipamen zehatzik egiten ez dioten bestelako kasu batzuk antzeman ditu elkarteak, zeinetan zehazten duten soilik kargu egingo direla seguru batek babesten dituen alderdi jakin batzuez. “Kontratuarekin batera saltzen diren seguru horiek berme komertzialaren barruan sartuko liratekeenak dira. Kasu honetan garrantzitsua da jakitea lehenengo urte horretan matxura bat egongo balitz, nahiz eta seguruak ez kubritu alderdi jakin horiek, erantzukizuna oraindik saltzaileak duela”, argitu du abokatuak.

Ohartarazpen hau saltzaileek kontuan hartzekoa ere bada, ezin baitira babestu aseguruak bermatzen dituen alderdi horietan soilik, aseguruaz haragoko bestelako alderdiak ere bermatu beharko ditu autoa saldu osteko lehen urtean.

Erosi aurretik, konfiantzazko tailerrera

Bigarren eskuko auto bat erosterako garaian, hortaz, lehenik eta behin jakin beharrekoa da nori erosten ari gatzaion autoa. Autonomo profesional bati? Kontzesionario bati? Edo beste partikular bati? “Zalantza sortzen bada, informazioa eskatu edo zuzenean galdetu”, dio Alberdik.

Behin hori jakinda, autoaren baldintzak ikuskatzea litzateke hurrengo urratsa. Saltzaileak autoaren gainean emandako informazioa ondo aztertu eta zalantzak izanez gero, proposamena egin behar zaio konfiantzazko tailer batek autoa ikuska dezan. “Hor atera daitezkeen akats edo desadostasun guztiak kontratuan adieraztea oso garrantzitsua da, autoaren historiala azaltzea”, zehaztu du Alberdik.

Ibilgailuaren fitxa DGTn kontsultatzea gomendatzen du elkarteak, titulartasuna, enbargoak eta balizko jabari-erreserba egiaztatzeko

Idatzizko txostena eskatzeak 50 eta 80 euro arteko kostua izan dezake, baina erosketa honen inbertsiorik errentagarriena da, EKAren aburuz. Horrekin batera, ibilgailuaren fitxa DGTn kontsultatzea gomendatzen du elkarteak, titulartasuna, enbargoak eta balizko jabari-erreserba egiaztatzeko.

Era berean, EKAk gomendatzen du mantentze-lanen historial osoa eta aurreko IAT txostenak eskatzea, hirian zein errepidean ibilgailuaren benetako proba bat egitea eta idatziz eskatzea hirugarren batekin egindako edozein berme gehigarrik saltzailearen aurreko legezko bermea ordezkatzen ez duela.

Froga-kargaren aldaketa

Lehenengo urtean autoak matxuraren bat izango balu, gidatzeari utzi (akatsa ez larriagotzeko) eta lehenbailehen jakinarazi behar zaio saltzaileari, matxura berrikusi dezan. Baina zer pasatzen da akatsa lehenengo urtea eta gero iristen bada? “Saltzaileari jakinarazi behar zaio matxura, baina froga-karga erosleak izango du. Hau da, aldatu egiten da presuntzioa, eta erosleak frogatu beharko du saltzaileari dagokiola akats hori asumitzea”, nabarmendu du abokatuak.

Perizial mekaniko batek autoa erreparatuko du eta ondorioztatuko du matxura hori higaduraren ondorioz sortu den edo erosi aurretiko akatsen batengatik izan den. “Askotan ikusten ditugu kasuak non erosleak dioen ez duela asumitzen akatsa, ez dagokiolako berari, baina ez dute arrazoitzen. Justifikatu beharra dago, izan ere, lehen urtea igarota, saltzaileak du bere aldeko presuntzio bat esaten duenean akats hori hasieratik ez zegoela”, gehitu du.

Aldez aurretik 50 euroko berrikuspena eginda eta kontratua ondo irakurrita, arazo gehienak saihestu daitezke

Behin mekanikoak akatsaren jatorria argituta, bi aldeak ez badira ados jartzen, epaitegietara irits daiteke kasua, baina Alberdik dio halakoak oso matxura handietan soilik gertatzen direla. EKAk kasu bakoitza ondo aztertu eta kontratuko bi aldeei aholkularitza eskaintzen die. “Horrelako erreklamazioak oso teknikoak izan ohi dira, eta guk azkenean legea aplikatzen dugu, presuntzioa… baina azpitik behar dugu nolabaiteko berme bat, mekaniko batek ematen diguna, gure erreklamazioa berretsiko duena”, gehitu du.

Inoiz ez daki batek autoan matxura noiz izango duen, ez baitago dena norbanakoaren esku. Gakoa zera da: bere esku dagoena ondo egitea. Aldez aurretik 50 euroko berrikuspena eginda eta kontratua ondo irakurrita, EKAra iristen diren kasu gehienak saihestu daitezke. Hala dio elkarteak.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain