Ainara Ocaña: "Erantzun aproposak emateko inbertsioa behar dugu"

Parametrizazioek energia eraginkortasuna areagotzen jokatzen duten rola azpimarratu du Eroski Taldeko Energia Kudeaketaren zuzendariak, baina epeak dira euren oztopo nagusia

Ainara Ocaña Eroskiko bulegoetan | Argazkia: Eroski Ainara Ocaña Eroskiko bulegoetan | Argazkia: Eroski

Supermerkatu eraikinen azpiegitura aldatzea trantsizio energetikoaren baitan dagoen prozesua da. Argiztapena, hozkailuen tenperatura zein ontzien kudeaketa bezalako berrikuntzak ezartzea jomugan dute hainbat supermerkatu banatzailek. Deskarbonizazio prozesuan honako pausoak emateak eskatzen du erronka ugariz betetako bideari aurre egitea, erregulazio jakin batzuen menpe lan egin behar baitute sektoreko enpresek. Ainara Ocaña Ortiz de Zarate Eroski Taldeko Energia Kudeaketaren arduraduna da eta, kooperatibak dituen erronkak aztertzeko orduan, etorkizunera begirako ibilbide jakin bat finkatu du. Izan ere, Leed Gold ziurtagiria jaso berri du Gasteizko Lakuako supermerkatuak.

Zer nolako erronkak sortu ditu trantsizio ekologikoak supermerkatuetan?

Lehenik eta behin, kontuan izan behar dugu aldaketa klimatikoa; jada hemen dago, eta kontsumoaren patroiak aldatzen ari da erabat. Hori dela eta, aurre egin behar diegu lehen ematen ez ziren eskari egoerei edo erronkei. Gure zentro bateko kontsumoaren %50 hotz industrialari dagokio, eta hilabete bateko batezbesteko tenperatura gradu bat edo bi handitzeak ondorioak dakartza gure sisteman. Ikusten ari gara urtero gure kontsumoa handitzen ari dela horregatik, eta erantzun aproposak emateko inbertsioa behar dugu energia eraginkorrak ezartzeko eta kontsumoaren murrizketa lortzeko. Inbertsio horiek, hala ere, konplexuak dira gauzatzeko, 3 edo 5 urte bitarteko itzulerak dituztelako. Orduan, egiteko zailak bihurtu dira, nahiz eta enpresa askok lehenesten dituzten. Inbertsio indartsua behar da bai ala bai.

Eta erregulazio markoari begira?

Eroski Taldetik 2050rako plan bat dugu berotegi efektua eragiten duten emisio garbiak zerora murrizteko, eta testuinguru horretan uste dugu gobernuetatik egonkortasuna hedatzen duten marko erregulatzaileak sustatu behar dituztela, batez ere honako inbertsioak egin ahal izateko. Next Generation funtsak, esaterako, politika egokiak izan daitezke, batez ere pizgarri moduan funtzionatzeko aukera dutelako. Inbertsioen itzulera epeak nahi baino luzeagoak dira; horregatik dira beharrezkoak pizgarriak. Era berean, lege markoan epeekin apur bat itota ikusten dugu gure burua. Ados gaude, esaterako, gas fluordunaren inguruko legeak kaleratzen direnean, Ozono geruzaren inguruan kalteak sortzen ari delako. Baina guretzat benetako erronka izaten da epeetara egokitzea, askotan korrika egin behar izaten dugulako.

"Inbertsioen itzulera epeak nahi baino luzeagoak dira; horregatik dira beharrezkoak pizgarriak. Guretzat benetako erronka izaten da epeetara egokitzea, askotan korrika egin behar izaten dugulako"

Energia sistemen automatizazioa funtsezko ikusten duzue ibilbide horretan. Zein abantaila ditu sistemak domotizatzeak?

Guk domotika kudeaketa zentroaren erabilerari eta kontsumoari aplikatzen diogu. Gure zentro guztien %95en automatak ditugu instalatuta, ordutegi parametrizazioa ahalbidetzen digutenak. Horrekin argia, labeak edota klima makinak bezalako sistemen kontsumo murrizketa lortzen dugu, ‘ezgaraiko kontsumoak’ esaten dugun horien bitartez. Hau da, irekiera ordutegitik kanpo ematen diren kontsumoak dira, ahalik eta gutxien existitu behar direnak. Esaterako, hotz industriala ezin dugu amatatu, jakiak barruan daudelako, baina argiztapena murriztu egiten dugu ahalik eta gehien, soilik beharrezkoa dena ahalbidetuz. Birjartze ordutegian argiztapena %60n mantendu ohi dugu, era berean, murrizpena lortzeko baina birjarpena egiten ari diren langileen segurtasuna bermatuz. Funtzio horiek guztiak automatek kudeatzen dituzte.

Erronka handia ahal da instalazioa lortzea?

Hotz industrialak haren erregulazio zentral propioa du, eta zentral honek parametrizazio jakin batzuk ditu eraginkortasun energetikoa hobetzea ahalbidetzen dutenak. Hori dela eta, oso ondo egokitu behar dira lurrunketa lortzeko tenperaturak. Teknikoki hitz eginda, zentralak ziklo termodinamikoak dira: gasa hozten dute eta altzairu hotzetara bidaltzen dituzte bertan zabaltzeko eta tenperatura murrizteko. Ostera, bero bueltatzen da zentralera, eta ziklo hori optimizatzeko tenperaturak parametrizatu ahal dira. Gainera, garrantzitsua da altzairu hotzek ate edo estalki onak izatea, hotza salmenta gunera ez igarotzeko. Horiek dira gakoak: tenperatura, ateen itxiera eta gas egoki bat erabiltzea, CO2a esaterako, ingurunerako kalte baxuagoa duena. Eta noski, garrantzitsua da altzairu egokiak dituzten hornitzaileekin lan egitea.

"Gure zentro guztien %95en automatak ditugu instalatuta, ordutegi parametrizazioa ahalbidetzen digutenak. Horrekin argia, labeak edota klima makinak bezalako sistemen kontsumo murrizketa lortzen dugu"

Berriki, Lakuako (Gasteiz) zentroan lanketa berezia egin duzue. Zer dela eta?

Eroski Taldearen barruan identifikatu genituen eraginkortasun energetikoko eta jasangarritasuneko neurri guztiak ezarri ditugu Lakuan. Hau da, hotz industrialeko, domotikako eta argiztapeneko sistema egokiak ezarri ditugu bertan. Gainera, sistema fotovoltaikoa instalatuta du, autokontsumoa ahalbidetuz, eta eraikuntza jasangarria duen Leed Gold etiketa lortu du. Hor jarri ahal izan dugu oinarria, eta uste dugu honako zentro ereduek lagunduko digutela deskarbonizaziorako prozesuan. Lakuako zentroa berrikuntzen lehen lerroan dugu.

Zer da zehazki Leed Gold ziurtagiria?

Eraikuntza jasangarriaren ziurtagiria da. Ziurtagiri horrek aitortzen dizu eraikuntzaren hasiera hasieratik, ingurumena hobetzeko neurriak bete dituzula. Hau da, kontsumo murrizketa baino gehiago neurtu nahi du ziurtagiriak, eta horretarako eraikuntza materiala ere aintzat hartzen du. Lakuako kasuan, %30 klinker gutxiago duen zementu tipologia bat erabili zen, eta altzairuan agregakin birziklatu berezi bat ere. Horri gehituta, autokontsumorako bideratuta 100Kwhko instalazio fotovoltaikoa eta bizikleta aparkaleku bat ere du zentroak. Horrekin guztiarekin, urrezko sailkapena lortu du, ziurtagiriak hainbat sailkapen dituelako. Neurri guztiekin puntuak lortzen dira, sailkapen batean edo bestean egoteko.

"Uste dut legislazio aldetik Jaurlaritza aitzindaria dela jasangarritasun zein eraginkortasun energetikoaren esparruan. Baina egia da batzuetan epe oso tirabiratsuetan aurkitzen garela, eta hor bai esango genuke inbertsio handiak behar dituzten proiektuek denbora behar dutela ondo egiteko"

Lakua bezalako ereduak sortzeko testuingurua aproposa al da egun?

Uste dut legislazio aldetik Jaurlaritza aitzindaria dela jasangarritasun zein eraginkortasun energetikoaren esparruan. Baina egia da batzuetan epe oso tirabiratsuetan aurkitzen garela, eta hor bai esango genuke inbertsio handiak behar dituzten proiektuek denbora behar dutela ondo egiteko. Markoak hobera egin du azken urteetan, baina barne egituran epe batzuek asko estutzen digute. Ados gaude epe askorekin, data finko batzuk ezarri egin behar direlako enpresek horiek lehenesteko, bai, baina beste proiektu batzuek denbora behar dute, esaterako, hotz makinen sistemak eraldatzea. Egia da pandemia garai zaila izan zela, hainbat lege aldatu zirelako, eta ostera korrika egin behar izan dugula gai askorekin. Baina agian gehiegi egin nahi izan dugu korrika. Ez gara eroso sentitzen epe hain motzekin kasu horietan, baina bai uste dugula testuinguruak asko hobetu duela azkenaldian.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK