Leire Eseverri:"Duela urte batzuk sektorea erabat maskulinoa zen; orain emakumeak ikusten hasi gara"

Emakumeak sektore eolikoan duen eta izango duen hazkundearen lekuko izan dela azpimarratu du Elgea-Urkillako parke eolikoko mantenu teknikariak

Eseverri, Elgea-Urkillako parkeko haize-errota baten | Argazkia: Iberdrola Eseverri, Elgea-Urkillako parkeko haize-errota baten | Argazkia: Iberdrola

Iruditegi kolektiboak zeharo eragin du eta eragiten jarraitzen du lanpostu bat aipatu eta automatikoki gure burmuinean irudi bat marrazterako garaian. Erizain edo garbitzaile hitzak esan, eta gehienetan emakumezkoa etorriko zaigu burura; obrez edo makina baten mantenu lanez ari bagara, ordea, gizonezko irudietara joko dugu. INEk eginiko Biztanleria Aktiboaren Inkestan jasotzen denez, Industriako lanpostuen %29,4 hartzen dute emakumeek Nafarroan, eta %24 inguru Euskal Autonomia Erkidegoan. Sektore eolikoan, portzentaje hori txikiagoa da, %21en bueltakoa, eta are txikiagoa ardura postuetako zifrei erreparatzen badiegu: zuzendaritza postuen % 13 besterik ez dute betetzen, eta goi zuzendaritzakoen % 8 soilik. Dena den, azkeneko urteetan hazten ari da, eta sektorean urtebete inguru daraman haize berriaren parte da Leire Eseverri. 2022an hasi zen Iberdrolak kudeaturiko Elgea-Urkillako mantenuko teknikari lanetan. Aerosorgailuetara igota, bere lanaz eta sektorean berdintasunari loturik emandako pausoez eta eman beharrekoez aritu da EnpresaBIDEArekin.

Nola amaitu duzu energia eolikoaren esparruan, eta are mantenuko teknikari gisa?

Energia berriztagarrien lanbide-heziketako goi-mailako gradua ikasi nuen CENIFERen, EHUn eskaintzen zuten unibertsitate-gradua ikusi ondoren. Asko gustatu zitzaidan energia garbiekin zerikusia zuen guztia, eta neure arreta bereganatu zuen, etorkizuna direla uste baitut. Lana amaitu nuenean zortea izan nuen, Elgea eta Urkilla parke eolikoan lan egiteko deitu zidatelako, eta ez nuen zalantzarik izan baietz esateko.

Urtebete inguru daramazu harrezkero Elgea-Urkillan mantenu lanetan. Zeintzuk dira parke eolikoak eta bertako aerosorgailuak mantentzeko gakoak?

Gure erara antolatu ahal izateko zortea dugu. Eguraldiaren eta haizearen mende gaude. Era berean, landako lanaren zati handi bat aerosorgailuetan egiten da; izan ere, mantentze-lanen zati bat guk egiten dugu (ikuskapenak), baina ordenagailu bidezko mantentze-lanen kudeaketa ere handia du. Egun bakoitza desberdina da, haize-erroten menpe baitzaude.

"Mantentze-lanen zati bat guk egiten dugu (ikuskapenak), baina ordenagailu bidezko mantentze-lanen kudeaketa ere handia du"

Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?

Lan hau asko aldatzen da. Gehien gustatzen zaidana da mendian giro atsegin batean lan egin ahal izatea, eta naturarekin batera, baita nahi dugun bezala antolatzeko aukera hori ere. Zorionez, oso lan-giro ona dago, eta beti laguntzen diogu elkarri.

Eta gutxien?

Okerrena da uneoro aerosorgailuen kontrola eduki behar dela (COREk kontrolatzen du, Iberdrolaren Toledon dagoen zentroak), eta aerosorgailuren batentzat guardiako txandak baditugu, eguneko edozein ordutan eskuz martxan jartzeko.

Haize-erroten mantenu lanez hitz egitean, iruditegi kolektiboan gizonezkoak datozkigu burura, emakumeak baino. Feminismoaren haizeak hori irauli dezake?

Ez dut uste aldatu dezakeenik bakarrik, baizik eta aldaketa hori harrezkero gertatzen ari dela uste dut. Duela urte batzuk sektorea erabat maskulinoa zen; orain emakumeak ikusten hasi gara. Oraindik oso gutxi gara, baina uste dut gai garela sektore honetako edozein lan egiteko. Iberdrolan, STEM programa ugariri esker, emakumeen artean karrera eta ikasketa teknologikoak indartzen dira. Konpainiaren apustua da.

Nire kasuan, energia berriztagarrien sektorean "sartzera" animatu diren emakumeen kopuruaren hazkundea bizi izan dut. Sektorean lan egiten duten pertsonen kopuruari dagokionez, berdintasuna bultzatzen jarraitu behar dugu

Energia eolikoko enplegu kopuruek gora egingo dutela dirudi datozen urteetan. Egun, aldiz, mundu mailan, sektore eolikoan aritzen diren langileen % 21 dira emakumeak, eta ingeniaritzetan behera egiten ari da emakume kopuruak. Nola eragin diezake tendentzia berriak?

Nire kasuan, energia berriztagarrien sektorean "sartzera" animatu diren emakumeen kopuruaren hazkundea bizi izan dut. Sektorean lan egiten duten pertsonen kopuruari dagokionez, berdintasuna bultzatzen jarraitu behar dugu, batez ere eolikoan. Martxan jartzea aurreikusitako proiektu berriekin espero dut ofizial gehiago egotea parkeez arduratu ahal izateko, nik egin dezakedan bezala.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK