• ENPRESAK GAUR
  • 1.735 milioi euroko salmentak izan zituen iaz Fagorrek

1.735 milioi euroko salmentak izan zituen iaz Fagorrek

Hamasei urteren ondoren, kooperatiba taldeko lehendakari izateari utziko dio Joxean Alustizak. Igor Herrartek hartuko dio lekukoa.

Fagorren Batzar Nagusiko une bat | Argazkia: Fagor Taldea
Fagorren Batzar Nagusiko une bat | Argazkia: Fagor Taldea
2026ko maiatzaren 29a - 16:12

1.735 milioi euroko salmentak izan zituen Fagor Taldeak 2025ean. “Beste urte batez, Fagorreko kooperatibek berretsi dute egoera zailei aurre egiteko eta berrietara moldatzeko gai direla. Mundu mailako testuinguruek merkatuen ezegonkortasuna eragin dute, eta, egoera horretan, erabaki garrantzitsuak hartu behar izan dira”, adierazi du Joxean Alustiza Fagor Taldeko lehendakariak gaur goizean Arrasaten eginiko kooperatiba taldearen batzar nagusian.

 

Alustizaren azken batzar nagusia izan da, izan ere, hamasei urteren ondoren, kargua utziko du, eta Mondragon Assembly kooperatibako Igor Herrartek hartuko dio lekukoa.

Mundua mailako testuinguru “nahasi” izan dute hizpide gaurko batzarrean, eta Fagorrek aitortu du egoera horrek eragina izan duela taldeko kooperatiben sektoreetan, nahiz eta kooperatiben “moldatzeko gaitasuna” azpimarratu. Enpresa txinatarrak Europako merkatuan sartu ostean, aldatu egin dira lan egiteko erak, eta “berrasmatu beharra” egon dela adierazi du Alustizak. Horren erakusle, Fagor Ederlan azken urratsak egiten ari da Leapmotor marka txinatarraren auto elektrikoen zenbait modelorentzat egiturazko osagaiak hornitzeko.

 

Dibertsifikazio estrategietan sakontzen ere ari dira Fagorreko kooperatibak. Horren adibide da Fagor Arrasatek, Funditec ikerkuntza zentroarekin batera, robot humanoide industrialak diseinatzeko, garatzeko eta fabrikatzeko egin duen apustua.

Gizarte konpromisoari dagokionez, Fagorrek bere irabazien %12 bideratu du proiektu sozialetara, 3,1 milioi euro, hain zuzen.