Lieder Automotiven lehen hilabeteak

Fagor Ederlan eta Duoli Technologyk sortutako enpresa Leapmotorren ibilgailu elektrikoentzako osagaiak ekoizten ari da Aragoin. Fagor Taldeko kooperatibak 2019tik hutsik zuen lantegia berreskuratu eta merkatu berriak arakatu nahi ditu

Lieder Automotivek ekoitziko duen autoaren osagaia | Argazkia: Fagor Ederlan
Lieder Automotivek ekoitziko duen autoaren osagaia | Argazkia: Fagor Ederlan
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko maiatzaren 29a - 05:30

Badira urte batzuk Fagor Ederlan fabrikatzaile txinatarrekin buruz buru eta egunero-egunero lanean hasi zela. Fagor taldeko kooperatibak 2011n Kunshanen ireki zuen lehen fabrika, aluminio-galdaketako jarduera indartzeko asmoz, eta ordutik begiz jota izan dute Asiako herrialdeko merkatua.

 

“Azken urteetan, Kunshaneko lantaldea ia erabat txinatarra izan arren, tokiko bezeroen aurrean enpresa mendebaldartzat hartzen gintuzten oraindik”, gogoratu du Ernesto Garcia kooperatibako zuzendari komertzialak. Egoera horrek bultzatu zuen euskal kooperatiba merkatuan hobeto kokatuko zukeen aliantza baten bila, eta horren peskizan egin zuen topo Duoli Automotive Technologyrekin. “20 urte baino gehiagoko esperientzia duen hornitzailea da, gure antzeko tamainakoa, gaitasun osagarriak dituena eta hazkunde estrategia sendoa duena”, Garciaren hitzetan.

Iazko ekainean, joint venture bat sinatu zuten bi enpresek, eta Duoli Fagor Ederlanen Kunshaneko plantaren akziodun bihurtu zen. Horrela, Ederlanen “gaitasun teknologikoa eta bezeroen sare globala” eta Duolik Asiako merkatuan duen “ezagutza industrial eta komertzial sakona” batu zituzten.

 
Imagen 1
Bi konpainiek iazko ekainean Kunshanen sinatutako akordioaren une bat | Argazkia: Fagor Ederlan 

Hori gutxi balitz, urtea amaitu aurretik beste urrats bat eman zuten bi konpainiek, eta Lieder Automotive sortu zuten, Leapmotor marka txinatarraren B10 SUV elektriko berriarentzat ibilgailuen egiturazko osagaiak (body in white, hau daautoaren armazoia elkartzea) ekoitziko dituen enpresa berria.

Hutsik zen fabrika berreskuratzea

“Txinako bezero batekin lan egiteak erronka berriak dakartza. Besteak beste, gure lan egiteko moduak egokitu behar ditugu: erabakiak azkarrago hartu, ziurgabetasun handiagoarekin lan egin eta garapen erritmo biziagoetara moldatu”, adierazi du Garciak.

Produktuaren garapenean eta industrializazioan malgutasun handiagoarekin jokatu beharko dutela ere aitortu du, baina uste du erronka horiek aukera direla, Lieder Automotive “enpresa arinagoa eta lehiakorragoa bihurtzeko”.

Konpainia berriak 1998tik 2019ra bitartean Fagor Ederlanek Borjan (Aragoi, Espainia) martxan izan zuen fabrikan ekoitziko ditu auto elektrikorako osagaiak. Ordutik hutsik zen planta, eta lankidetza honek aukera eman du espazioari erabilera berria emateko, Garciaren hitzetan, “inguruan inpaktu industrial eta sozial garrantzitsua sortuz”.

Ernesto Garcia (Fagor Ederlan): “Txinako bezero batekin lan egiteak erronka berriak dakartza. Besteak beste, gure lan egiteko moduak egokitu behar ditugu: erabakiak azkarrago hartu, ziurgabetasun handiagoarekin lan egin eta garapen erritmo biziagoetara moldatu”

Borjan ekoitziko dira osagaiak, eta Leapmotor International konpainiak —Stellantis taldearen (Peugeot, Citroen, Fiat, Opel) eta Leapmotor txinatarraren jabetzakoa— handik 30 bat kilometrora, Figueruelas udalerrian duen plantara bidaliko dira. Proiektuaren lehen faseak 40 milioi eurotik gorako hasierako inbertsioa aurreikusten du Borjako instalazioak abian jartzeko, eta oraingoz hogei pertsona lanean ari badira ere, aurreikusten da 170 lanpostu zuzen sortzea orotara.

mesa con todos
Pasa den abenduan sinatu zuten Lieder Automotive sustatzeko lankidetza hitzarmena Ederlanek eta Duolik | Argazkia: Fagor Ederlan

Ekoizten dagoeneko

Leapmotor B10 modeloaren egiturazko osagaien hornidura 2026ko abuztuan hastea aurreikusten du Lieder Automotivek, eta lehen prototipoak ekoizten ari dira dagoeneko. Halaber, beste proiektu batzuk ere bereganatu ditu konpainiak, Leapmotor B05 modeloarentzat nominazio berriak jaso baitituzte.

“Guretzat epe luzerako aliantza estrategikoa da. Egungo proiektutik harago, lankidetza honek aukera emango digu garapen berriak identifikatzeko, bai beste merkatu batzuetan —adibidez, Ipar Amerikan— bai automobilgintzako beste osagai edo jarduera batzuetan”, gehitu du.

Gauzak horrela, proiektu berriak ixten dituzten heinean, plantaren tamaina handitzea dute asmo; baita langile kopurua ere.

Merkatuaren bilakaerari aurre hartzea

Fagor Ederlaneko zuzendari komertzialak iritzi dio Duoli Technologyrekin jositako lankidetzak Txinako merkatuan "modu eraginkorragoan" lehiatzeko aukera emango diela, eta aldi berean, bezero txinatarrak Europara erakartzeko aukera izango dutela. “Finean, gure nazioartekotze estrategia sendotzen du eta merkatu berrietara irekitzeko bidea zabaltzen”, esan du.

Gaur-gaurkoz, bai Txinan (Kunshanen), bai Espainian (Borjan) elkarlanean aritzeak merkatu berrietara sartzeko aukera eman dio Fagor Ederlani. Garciak dio bezero nahiz teknologia berrien bila ari direla, kooperatibaren estrategia dibertsifikazioan oinarritzen baita. “Lieder Automotive, kasu honetan, polo industrial ireki moduan diseinatu dugu, etorkizuneko hedapenetarako eta proiektu berriak integratzeko gaitasunarekin”, gehitu du.

Fagor Taldeko kooperatibaren hainbat produktu, hala nola, diskoak, mangetak edo egiturazko osagaiak mundu osoko auto elektrikoetan dira. Aitzitik, osagai horien konfigurazioa aldatzen ari da merkatuan, funtzionalitate edo material berriak gehituta. Hortaz, kooperatibaren helburua da bilakaera horri nolabait aurrea hartzea.

Ernesto Garcia: “Lieder Automotive polo industrial ireki moduan diseinatu dugu, etorkizuneko hedapenetarako eta proiektu berriak integratzeko gaitasunarekin”

“Edertek teknologia zentroan, roadmap teknologikoak lantzen ditugu, etorkizuneko beharrei aurrea hartzeko. Horren adibide dira emisio baxuko balazta diskoak, araudi berriei erantzuteko garatuak”, nabarmendu du Garciak.

IMG 20260520 WA0003
Lieder Automotiven Borjako egoitza | Argazkia: utzita

Ibilgailu elektrikoarekiko "deskonexio handia"

Etorkizunean ibilgailu elektrikoen hazkundearen joera agerikoa bada ere, Garciak dio egun deskonexio handia dagoela Europako, Estatu Batuetako eta Asiako politika publikoen artean, baita politika horien eta merkatuaren benetako beharrizanen artean ere. “Desoreka horrek ondorio oso negatiboak eragiten ditu automobilgintzan: jada martxan zeuden hainbat automozio proiektu berri bertan behera utzi behar izan dira, eta horrek galerak sortu dizkigu, bereziki Ipar Amerikan, baina baita Europan ere”, azaldu du.

Egungo testuinguruari erreparatuta, teknologia ezberdinek “elkarrekin bizitzen” jarraituko dutela uste du zuzendari komertzialak. “Kasu batzuetan, ibilgailu %100 elektrikoak izango dira aukerarik egokiena; beste askotan, ordea, irtenbide hibridoak izango dira kontsumitzaileentzat alternatiba eraginkorrena”. Hori dela eta, Fagor Ederlanek oreka posizio bati eutsi nahi dio eta soluzioak eskaintzen segitu, bai ibilgailu elektrikoentzat, bai beste motordunentzat.

"Jada martxan zeuden hainbat automozio proiektu berri bertan behera utzi behar izan dira, eta horrek galerak sortu dizkigu, bereziki Ipar Amerikan, baina baita Europan ere”

Lieder Automotiven kasuan, auto elektrikoen merkatuko posizioa indartuko du, eta geldirik zen industria lantegi bat berrabiatzeaz gain, merkatu berriak zabaldu eta nazioarteko inbertsioa erakartzen ari dira, tokiko industria sarea indartzen duten une berean.

Duoli Technologyrekin azken urtean sortutako harreman mamitsuaren emaitza da. “Bi erakundeak osagarriak gara, estrategia eta anbizio partekatuak ditugu, eta dagoeneko ikusten ari gara sinergia horien emaitzak”, amaitu du Garciak.