Urtebete igaro da Joxerramon Bengoetxea EHUko errektore bilakatu zenetik. Urteurrena ospatzeko balantzea egiteko eguna izan da gaurkoa, eta balantzea positiboa izan da, dudarik gabe. Izan ere, Bengoetxeak “lorpenez betetako urtea” izan dela baieztatu du, eta berretsi du etorkizunean “bide beretik jarraituko” duela, “kolaborazioaren, elkarrizketaren eta akordioen alde lanean”.
Errektore gisa aritutako lehenengo urtean lortutako akordioak hainbat izan dira. Lan baldintzei dagokienez, ordezkoen lan saria osatu da, kontziliazioaren aldeko zenbait neurri hartu dira, eta doktoretza aurreko ikerlari kontratudunei 2024ko soldata igoera ordaindu zaie. Hiru campusetan “bizitza hobetzeko” neurriak hartu dira: Gipuzkoakoan ikasleen egoitza berria eraikitzeko prozesua abiatu da, Araban zaintza integralerako zerbitzuaren proba pilotua abiaraztea hitzartu da, eta Bizkaian klinika Odontologiko Soziala ezartzeko hitzarmena sinatu da Udalarekin.
Arlo akademikoari dagokionez, unibertsitate mikrokredentzialak finkatu eta indartu dira, eta gradu eskaintza ere handitu da. Euskarazko doktorego aipamena lortzeko araudia ere onartu du unibertsitateak, euskarazko doktorego-tesiak sustatzea helburu izanik. Era berean, nazioartekotzean urratsak egin dira, besteak beste, Itsas-Gaindiko Campusaren aurkezpenarekin eta Europako Enlight aliantzarekin.
Prentsa aurrean, errektoreak gogora ekarri du unibertsitate publikoek duten finantzaketa arazoa, eta Jaurlaritzari “aitzindaria izateko” eskatu dio, “egoera hori irauliko duten politikak” egitera bultzatuta. Bestalde, Bengoetxeak balioan jarri du unibertsitatearen beharrei buruz aurkeztutako diagnosia, baliagarria izan baita erakundearen “gutxieneko baliabideak zehazteko eta lehentasunak markatzeko”.