Alejandro Moreno Welltech Sleep Technologyren sortzailea eta CTO da. Giza atsedena hobetzeko soluzio teknologikoak garatzen dituen enpresa bizkaitarrak, sentsoreen eta sistema adimendunen bidez, loa monitorizatzen du, eta koltxoiaren baldintzak erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitzeko gai da. 23 herrialdeko koltxoi fabrikatzaileentzako produktu berritzaileak diseinatzen dituzte. Haien teknologiaren aldeko apustuari esker, bi CES Innovation Award irabazi dituzte jarraian, 2024. eta 2025. urteetan, eta gaur egun beren sistemen aplikazioa osasunaren sektorera zabaltzea dute helburu.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Welltech koltxoi tradizionalen sektorean teknologia txertatzeko jaio zen. Zer behar hauteman zenituzten eta zer soluzio garatu dituzue atsedena hobetzeko?
20 urte baino gehiagoko esperientzia duten sustatzaileen ekimenetik jaio zen Welltech Electronics, koltxoi eta burkoak teknologia aurreratuaz hornitzeko asmoarekin. Haien atsedenaren arloko ezagutza eta gure ingeniaritza elektronikoaren esparruko jakintza uztarturik, sentsoreen bidez erabiltzailearen beharrak ulertzen dituen ekipamendua garatzen dugu. Erabiltzailearen beharrak zein diren jakinda, masaje sistemak, berotasuna eta sendotasuna egokitzen ditugu.
Zuen sistemek loaren parametroak neurtzeko eta koltxoiaren irmotasuna edo tenperatura egokitzeko aukera ematen dute. Nola funtzionatzen du teknologia horrek eta zer abantaila dakarzkio erabiltzaileari?
Gure teknologiaren balio erantsi nagusia, atsedena neurtzeaz gain, sisteman bertan eragiteko ahalmena da. Koltxoian integratutako sentsoreen bidez, loaldian gertatzen diren mikro-azelerazioak modu ez-inbaditzaile batean neurtzen ditugu. Informazio hori gure algoritmoen bidez prozesatuz gero, koltxoian eragiteko aukera ematen digu, erabiltzailearen posizioa edo koltxoiaren sendotasuna aldatuz eta tenperatura doituz, bere atsedenaren kalitatea hobetzeko.
"Gure teknologia mota guztietako erabiltzaileei zuzenduta dago, atsedenaren kalitatea hobetu nahi dutenei nahiz loaren nahasmenduak dituztenei"
Atsedena bereziki garrantzitsua da kirolarientzat. Zer irtenbide eskaintzen dizkiozue kolektibo horri?
Kirolaren esparruan, atsedena funtsezkoa da indarrak berritzeko eta errendimendurako. Gure lehen garapenetako bat Rezet izan zen, edozein koltxoiren gainean jartzen den topper eramangarria, gure monitorizazio eta atseden-egokitze sistemak integratzen dituena. Bere eramangarritasunari esker, loaren jarraipena egin daiteke bidaietan ere. Produktu honek CES Innovation Award 2024 saria irabazi zuen, eta bertsio hobetu batean lanean ari gara.
Kirolariez gain, zer erabiltzaile-profil gehiagok atera diezaiokete etekina zuen produktuei eta nola egokitzen dituzue soluzioak haien beharretara?
Gure teknologia mota guztietako erabiltzaileei zuzenduta dago. Atsedenaren kalitatea hobetu nahi dutenetatik hasita, behar espezifikoak edo loaren nahasmenduak dituzten pertsonetaraino. Gure helburua atseden osasungarriagoa eta neurrira egindakoa eskaintzea da, koltxoiaren prestazioak pertsona bakoitzaren beharretara egokituz, bere ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko.
Hogeita hiru herrialdetako fabrikatzaileekin lan egiten duzue. Non ikusten duzue hazteko aukera handiena?
Gaur egun, bost kontinenteetako atseden-ekipoen fabrikatzaileekin lan egiten dugu. Espainiako Estatuko eta Europako merkatuan hazten ari gara, Ameriketako Estatu Batuetan eta Latinoamerikan ditugun bezero nagusiekin harreman sendoa mantentzen dugun bitartean. Gure helburua nazioarteko presentzia zabaltzen jarraitzea da, gure produktuak merkatu bakoitzaren beharretara egokituz.
Zer informazio lortzen duzue loaldian biltzen dituzuen datu biometrikoetatik eta nola erabiltzen duzue informazio hori zuen produktuak hobetzeko?
Gure sistemek BCG (balistokardiografia) sentsoreak erabiltzen dituzte, loaldian parametro fisiologikoak eta mugimenduak modu ez-inbaditzaile batean neurtzeko aukera ematen dutenak. Informazio horrek, gure algoritmoen bidez prozesatuta, atseden-ereduak aztertzeko, erabiltzailearen esperientzia hobetzeko eta gure teknologia etengabe garatzeko aukera ematen digu. Gainera, lortutako datuek funtzionalitate berriak garatzen eta loarekin eta osasunarekin lotutako aplikazioen ikerketan aurrera egiten laguntzen digute.
"Gure helburua nazioartean hazten jarraitzea da, eta atsedenaren sektorean erreferente teknologiko gisa finkatzea"
Zuen teknologiaren aplikazioak osasunaren arloan ere aztertzen ari zarete, ikerketa-zentroekin eta osasunaren arloko profesionalekin lankidetzan.
Gure sentsorizazio eta monitorizazio fisiologikoko teknologia osasunaren esparrura eramateko lanean ari gara. Loaren apnea detektatzeko eta hobetzeko proiektu batean dihardugu SEPARekin, baita eskizofreniarekin lotutako beste proiektu batean ere. Proiektu horiek aukera berriak ekarri dizkigute osasunaren sektorean, eta gure berrikuntza biomedikoaren aldeko apustua indartzen dute, CES Innovation Award 2025 sariaren bidez aitortua izan zena Digital Health kategorian.
Zein dira zuen helburu nagusiak datozen urteetarako fakturazioari, nazioarteko hedapenari eta aplikazio berrien garapenari dagokienez?
Gure helburua nazioartean hazten jarraitzea da, eta atsedenaren sektorean erreferente teknologiko gisa finkatzea. Horretarako, gure produktuak hobetzen, gure garapen- eta fabrikazio-gaitasuna handitzen eta irtenbide berritzaile berrien aldeko apustua egiten jarraituko dugu. Gainera, osasunaren sektorean dugun presentzia indartu nahi dugu, gure teknologia baliatuz aplikazio biomediko berriak garatzeko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta