• ENPRESAK GAUR
  • Aliotz Txertudi (Basati Bike): "Bizikletak gero eta sofistikatuagoak eta teknologikoagoak dira"

Aliotz Txertudi (Basati Bike): "Bizikletak gero eta sofistikatuagoak eta teknologikoagoak dira"

Aliotz Txertudi Basati Bikeren sortzailea eta zuzendaria da, txirrindularitzaren munduan erreferente bihurtu den enpresa bizkaitarra

Aliotz Txertudi (Basati Bikeko zuzendaria) | Argazkia: utzitakoa
Aliotz Txertudi (Basati Bikeko zuzendaria) | Argazkia: utzitakoa
Iraitz Urkulo (EnpresaBIDEA) ok(1)
Itzultzailea eta komunikazio-teknikaria
2026ko irailaren 28a - 05:30

Txirrindularitzarekiko pasioak bultzatu zuen Aliotz Txertudi 2011n, Gernikan, bere lehen bizikleta-denda irekitzera. Urte batzuk geroago, Durango eta Leioakoak etorri ziren. Haietan, txirrindulari mota guztientzako bizikletak (gravel bizikletak, bizikleta elektrikoak, mendikoak, errepidekoak, pertsonalizatuak...) saltzeaz gain, aholkularitza-zerbitzu espezializatua eta punta-puntako konponketa-tailerra ere badituzte.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Beti nobedade teknologikoei adi eta etengabeko prestakuntzan dagoen lantaldeaz aparte, bezeroek osatzen duten komunitatea da Basati Bikeren muina. Izan ere, hilero hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak antolatzen dituzte dendan bertan, eta asteburuetan irteerak antolatzen dituzte bizikletan, txirrindularitzaz taldean gozatzeko. Hala lortu du Txertudik Bizkaia mailan bere alorrean erreferente den proiektu arrakastatsua zuzentzea: Basati Bike.

Basati Bike zure txirrindularitzarekiko pasioaren emaitza da. Noiz eta nola bururatu zitzaizun zaletasun hori enpresa bihurtzea?

 

Lehenengo Basati 2011n jaio zen, pasio batetik sortutako denda txiki bat. Aldi berean beste enpresa batean lan egiten nuen, eta arratsaldez Basatin. Hamabi orduko lanaldiak, harik eta 2017 inguruan egun batean konturatu nintzen arte ni nintzela haren hazkundea mugatzen ari zena. Pixkanaka, hazten joan gara eta negozioa garai aldakorretara egokitu dugu. Tokiko denda izatetik, eskualde eta probintzia mailan denda ezagun bihurtu gara.

Lehen denda ireki zenutenetik gaur egunera bitartean, zein izan dira mugarri nagusiak Basati Bikeren bilakaeran?

Batez ere, gure lan-grina eta konstantzia. Beste oinarrizko zutabe bat sektorearen erritmoari, bizikleten teknologiari eta Interneten eta sare sozialen aroari etengabe egokitzen joatea izan da.

Dagoeneko hiru denda dituzue Bizkaian. Zer arrazoik bultzatu zaituzte hazkunde horren alde egitera?

Beti izan dut buruan ez geratzea tokiko denda batean... Txirrindularitzarako gune bero horiek bilatzea eta EAEko probintzia eta eskualde mailako erreferente bihurtzea. Mentalitate bati eta erronka pertsonal bati lotuta dago.

"Tokiko denda txikia izatetik, negozioa hazten joan da eta, gaur egun, Bizkaia mailan ezagunak gara"

Eskaintza hain zabala den merkatu batean, zerk bereizten du Basati Bike beste bizikleta-denda espezializatuetatik?

Gure erakusleihoa, non beti aurki ditzakezun azken produktuak, eta gure tailer eta lankide espezializatuak, beti azken teknologiarekin hornituta daudenak. Horrez gain, gure komunitateak hileroko ibilaldi sozialak antolatzen ditu gure bezeroentzat, hainbat diziplina landuz: bizikleta elektrikoak, errepideko bizikletak, mendiko bizikletak eta abar.

Bizikleten merkatua asko aldatu da azken urteotan. Zuen bezeroen profilean ere eboluziorik hauteman al duzu? 

Bizikletak gero eta sofistikatuagoak eta teknologikoki aurreratuagoak dira, eta internetek informazio ugari jarri digu eskura. Orain, gure bezeroak askoz ere informatuago daude.

Zuen katalogoan bizikleta arruntak eta elektrikoak dituzue. Nola ari da eskaria aldatzen? Zure ustez, zein da merkatuaren joera nagusia gaur egun?

Gure eskaintza bizikleta elektrikoetan, errepideko bizikletetan, mendiko bizikletetan eta gravel bizikletetan oinarritzen da. Oso modan daude gaur egun. Dagoeneko aipatu dudan bezala, teknologiak oso funtzio garrantzitsua du produktu motan eta haren iraupenean. Joera bizikleta elektrikoen salmentak handitzea da; gero eta gehiago ari gara motorizaziora eta harekin lotutako teknologiara jotzen. Gainera, produktuaren iraupena nabarmen murrizten ari da, teknologia tartean dagoen hainbat sektoretan gertatzen ari den bezala. Horrek etengabeko prestakuntzan egotea eskatzen digu. Sasoikotasuna iraganeko kontua da orain.

Saltzen dituzuen bizikleta askok karbonozko koadroak eta goi-mailako osagaiak dituzte, eta gehienek milaka euro balio dute. Zer bilatzen du halako inbertsio handia egiteko prest dagoen bezeroak?

Batez ere, gozatzea eta esperientzia bikaina izatea irteera guztietan. Eta, noski, gure laguntza jasotzea edozein zalantza edo arazoren aurrean... Azken finean, hasieratik amaierara arte, gure zerbitzua jasotzea.

"Bizikleta elektrikoen salmentak handitzen doaz; gero eta gehiago ari gara motorizaziora eta harekin lotutako teknologiara jotzen"

Bizikletak saltzeaz gain, aholkularitzaren eta pertsonalizazioaren aldeko apustua egin duzue. Zer garrantzi dute zerbitzu horiek zure enpresarentzat?

Aipatu dugu Internetek informazio asko ematen duela erraz, baina askotan gehiegizko informazio horrek zalantza asko sortzen dizkio bezeroari. Gure lana entzutea eta, behin bizikleta nola erabili nahi duen jakinda, bezeroari aukerarik onena aholkatzea da. Bizikleta bakoitza modu ezberdinean saltzen da, batzuetan pertsonalizatuta ere bai.

Basati Bikeren inguruan komunitate bat sortu duzue. Irteerak, hitzaldiak eta bestelako jarduerak antolatzen dituzue. Nola sortu zen ekimen hori eta zer helburu du?

Bai, alderdirik garrantzitsuenetako bat gure komunitatea da, etengabe hazten ari dena. Hilero jarduerak antolatzen ditugu, bai dendan bertan ‒hitzaldiak, prestakuntza saioak, bilerak, etab.‒ bai asteburuko irteerak, normalean mendi-ibiliak barne hartzen dituztenak. Garrantzitsua da gure komunitatea aktibo mantentzea eta jendeari lagun berriak egiteko aukera ematea.

Zein da Basati Bikeren hurrengo erronka?

Basati taldearen barruko giro bikainari eustea, baita etorkizunari erantzuteko prestatzen eta espezializatzen jarraitzea. Gure komunitatea hazten jarraitzea. Eta gure dendetara datozen bezeroen esperientzia oso atsegina izan dadin ziurtatzea.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain