Ayesa Digitalen egoitza Donostian kokatuko da

Datorren asteetan itxiko da erosketa, baina lehendakariak oraindik ere “zuhurtziaz jokatzeko” eskatu du

Pradales | Argazkia: Europa Press
Pradales | Argazkia: Europa Press
2026eko otsailaren 20a - 10:40

Imanol Pradales lehendakariak jakinarazi duenez, Ayesa Digital erosiko duen euskal partzuergoa ados jarri da: egoitza nagusia Donostian kokatuko da. Azken asteetan zalantzak izan dira gaiaren inguruan, ez baitzegoen ziur egoitza nagusia Gipuzkoan, Araban ala Bizkaian kokatu, baina azkenean Gipuzkoako hiriburuaren alde egin dute. Hala, enpresa bere sorterrira itzuliko da, bertan eratu baitzen orduan Ibermática izena zuen dibisio teknologikoa.

 

“Ayesa Donostian jaio eta garatu zen, eta, beraz, Jaurlaritzatik uste dugu bere egoitzak Donostian jarraitu behar duela”, berretsi du Pradalesek. Ohartarazi duenez, erosketa prozesua datorren asteetan amaitu eta “errealitate bilakatuko” da, baina, hala ere, “zuhurtziaz jokatzeko” eskatu du, eragiketa “oraindik ez baita amaitu”. “Ayesaren operazioari esker, gure herriak txapeldun teknologiko berria irabazi du, eta euskal proiektua etxera erakarri du”, gaineratu du lehendakariak.