Kutxabankeko presidente Antón Arriolak bisita egin du Ayesa Digitalera. Jose Luis Manzanares bertako zuzendari exekutiboarekin elkartu da Arriola, baita zuzendaritzako beste zenbait kargurekin ere. Izan ere, etorkizun hurbila partekatuko dute biek ala biek, euskal inbertsoreen partzuergoak Ayesa Digital (lehengo Ibermática) eskuratzearen ondorioz.
Hala, bisitan jakinarazi dute Ayesa Digitalek plantilla %10 handitzea espero duela 2027 urtera bitartean, bere hub teknologiko guztietan. "Talentuarentzat aukera berriak sortu nahi ditugu, enpresaren merkatu nagusiekin konpromisoa mantenduta", adierazi du Arriolak, eta helburutzat jo du elkarren artean "asmo handiko proiektu bat sustatzea".
Ayesak hedabideei helarazi dienez, taldeak kualifikazio handiko enpleguaren aldeko apustua egin nahi du, gaitasun digitalei buruzko prestakuntza sustatuta eta berrikuntzarekin eta garapenarekin lotura duen enplegua sortuta. Era berean, konpainiak balio-kate teknologikoa indartu nahi du, eta "sinergiak" sortuko ditu enpresa txiki, ertain zein start-up-ekin, "industria-sarea indartzeko eta ekonomian eragin positiboa sortzeko".
Bestalde, dibisio teknologikoak jakinarazi du ibilbide berri honetan Manuel Baraza izango dela zuzendari exekutibo berria. Ibérmatica zen garaitik hasita, 25 urte baino gehiago daramatza Barazak konpainian lanean, zeinak adierazi duen "hazkunde, errentagarritasun eta eraldaketa erronka handiei aurre egiten jarraitzeko" esfortzua egingo dutela.