• ENPRESAK GAUR
  • BIEMHek nazioarteko presentzia indartuko du 33. edizioan

BIEMHek nazioarteko presentzia indartuko du 33. edizioan

70 herrialdetako profesionalak bilduko dira martxoaren 2tik 6ra BECen

Argazkia: BEC
Argazkia: BEC
2026eko otsailaren 12a - 12:34

Bilbao Exhibition Centrek (BEC) BIEMH azokaren 33. edizioa hartuko du martxoaren 2tik 6ra, eta antolatzaileek azaldu dutenez, nazioartekotasuna izango da ardatz nagusietako bat. Mundu osoko 70 herrialde ingurutik etorritako bisitari profesionalek, enpresek eta elkarteek parte hartuko dute, eta horrek "ekitaldiaren dimentsio estrategikoa indartuko" du. Azoka industria eta teknologiaren nazioarteko erreferente gisa sendotzen ari dela ere gaineratu dute.

 

Aurtengo edizioan, industria aurreratuaren inguruko berrikuntza eta negozio aukerak izango dira protagonista. Alemania, Estatu Batuak, Txina, Japonia, Italia eta Brasil bezalako herrialdeetako ordezkariak izango dira, beste askoren artean. Erakusketan, enpresek sektorearen erronkei erantzuteko azken soluzioak, ekipamenduak eta zerbitzuak aurkeztuko dituzte.

Nobedade gisa, International Associations’ Area izeneko gune berria izango da. Bertan, makina-erreminten fabrikatzaileen nazioarteko erakundeek parte hartuko dute, eta Speakers’ Corner espazioan herrialde bakoitzeko proiektuak aurkeztuko dituzte. Hala nola, bertan izango dira Italia, Alemania, Portugal, Suitza eta Mexikoko ordezkariak.

 

Bisitarien aldetik ere nazioarteko presentzia nabarmena espero da, atzerriko merkatu berrietara zabaldu den kanpainari esker. India izango da herrialde aipagarrienetako bat, baina AEB, Alemania edo Txinako bisitari profesionalak ere bertan izango dira. Horietako askok Hosted Buyers’ Programmen parte hartuko dute, enpresa erakusketarien eta erosle handien arteko bilerak errazteko prestatu den ekimena.

BIEMH 2026 AFM, AIMHE eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute, eta Bizkaiko Foru Aldundia eta SPRI dira erakunde babesle nagusiak.