• ENPRESAK GAUR
  • 100 saltoki eta 1.000 lanpostu sortu nahi ditu Uvescok (BM eta Super Amara) 2029ra bitartean

100 saltoki eta 1.000 lanpostu sortu nahi ditu Uvescok (BM eta Super Amara) 2029ra bitartean

BM eta Super Amara supermerkatuen jabeak orotara 200 milioi euro inbertituko ditu

Jareño eta Aduriz | Argazkia: Uvesco
Jareño eta Aduriz | Argazkia: Uvesco
2026ko maiatzaren 26a - 11:44
Eg. 2026ko maiatzaren 26a - 13:59

BM eta Super Amararen jabe den Uvescok etapa berriari ekingo dio, 2026-2029 urteetarako plan estrategikoari hasiera eman baitio taldeak. Angel Jareño Uvescoko zuzendari exekutiboak, beste zenbait inbertitzailerekin batera, 2026ko otsailean erosi zuen taldearen %100, aurrez PAI Partners baitzen jabe nagusia. Hala, gidaritza berriarekin, konpainiak helburu berriak finkatu ditu.

 

Besteak beste, datozen lau urteetan 100 denda irekitzea aurreikusten du Uvescok, 1.000 lanpostu berrirekin batera. Horietatik 19 saltoki urte honetan bertan abiatu nahi ditu taldeak, eta lau jada martxan daude. Era berean, berrikuntzan ere inbertituko du konpainiak, erreminta teknologiko berriak ezarrita erosketak, kudeaketa logistikoa eta denden eraginkortasuna hobetzeko. 

Bestalde, Maria José Aduriz presidenteak eta Jareñok eman dituzten azalpenen arabera, Uvescok fokua jarriko du produktu freskoetan, “taldearen oinarrietako bat baita”; hain zuzen, salmenten %43 hartzen ditu sektore horrek. Azpimarratu dute taldeak “hazkundea sendotzeko eta merkatuan duen posizioa indartzeko” lan egingo duela, “ziurgabetasun geopolitikoak eta kontsumo joeren aldaketak baldintzatutako ingurunea” izanik ere. 

 

Gauza guzti horietarako, Uvescok 200 milioi euroko inbertsioa egingo du, arestian aipatutako bi ildotan banatuta: batetik, dendak irekitzeko eta berritzeko; bestetik, berrikuntzan eta jasangarritasunean inbertitzeko. 

%7,1eko hazkundea 2025ean

Iazko ekitaldia ere errepasatu dute Adurizek eta Jareñok, beste jabe batzuen menpe izan arren. Uvescok 1.270 milioi euroko BEZaren salmenta garbiekin itxi zuten urtea, hots, 2024an baino %7,1 gehiago. Orotara BM markaren hamahiru saltoki ireki zituen, horietatik zazpi Hego Euskal Herrian (lau frankizia eta berriz irekitako denda bat barne).

Tokiko produktuen eta produktu freskoen salmentek 263 milioi euro suposatu zituzten, eta tokian tokiko 490 hornitzaile baino gehiago izan zituen taldeak. “Aliantza horien %40k hogei urte baino gehiago daramate Uvescorekin lankidetzan. Konfiantzan oinarritutako harremanaren isla da hori”, azpimarratu dute prentsaurrekoan. 2024. urtean kontratatutako 290 profesional berriekin, taldeak gaur egun 7.500 enplegatu inguru ditu.