• ENPRESAK GAUR
  • Bost greba egunetara deitu du Amurrioko Tubos Reunidoseko langile batzordeak

Bost greba egunetara deitu du Amurrioko Tubos Reunidoseko langile batzordeak

Lau orduko lanuzteak ere egingo dituzte, 301 langileren kaleratzeak tarteko

Tubos Reunidosen lantegia, Amurrion, artxiboko argazki baten | Argazkia: Iñaki Berasaluce/Europa Press
Tubos Reunidosen lantegia, Amurrion, artxiboko argazki baten | Argazkia: Iñaki Berasaluce/Europa Press
2026eko otsailaren 11a - 09:13

Beste bost greba egunetarako deialdia egin dute Amurrioko (Arabako) Tubos Reunidoseko langileek. Izan ere, 301 behargin kaleratu nahi ditu enpresak, horietatik 274 Amurrion eta 27 Trapagan, erregulazio espedientea tarteko. 

 

Astelehenean gauzatutako eta ostiralean egingo duten greba egunetara gehituko dira beste bostak, den-denak egun osokoak. Otsailaren 17an, 23an eta 26an, eta martxoaren 4an eta 9an izango dira, eta enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bilera aurreikusten da egun horietarako. Ostiral honetan, gainera, Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin batzartuko dira langileen ordezkariak. 

Greba egunez gain, lau orduko lanuzteak ere egitea aurreikusi du batzordeak otsailaren 18, 19, 20, 25 eta 27an, eta martxoaren 2, 3, 5 eta 6an. Mobilizazioen egutegia ukitu edo ez bi aldeen arteko negoziazioak ematen dituen fruituen araberakoa izango da, sindikatuek adierazi dutenez. Azken horiek eskatzen dute zuzendaritzak erabakia indargabetzea eta kaleratzeak atzera botatzea. Aitzitik, konpainiak esan duenez, akordio ezak neurri gehigarriak hartzera derrigortuko luke. Era berean, azpimarratu dute Bideragarritasun Planari eusteak enpresaren etorkizunari lagun diezaiokeela, 2027tik aurrera ebitda positiboa izan dezan. 

 

2025ean 73,1 milioi euroko galera garbiak izan ditu Tubos Reunidosek, eta eta 22,8 milioi euroko ebitda negatiboa, oraindik AEBko negozioak pairatutako kolpearen emaitzak oraindik kontabilizatzeke badaude ere. Negoziazioek zer-nora eramaten duten ikusi zain, Europa Press agentziak jasotakoaren arabera, bilera egin baino ordubete lehenago kaleratze-gutuna jaso dute langileek. Horietatik 175 altzairutegiko langileak dira.