301 langile kaleratzea aurreikusi du Tubos Reunidosek

Amurrioko lantegiaren jarduera etetea erabaki du zuzendaritzak

Argazkia: Europa Press / Iñaki Berasaluce
Argazkia: Europa Press / Iñaki Berasaluce
2026eko otsailaren 9a - 12:30

301 langile izango dira azkenean. Hala eman du gaur kaleratzeen berri Tubos Reunidosen zuzendaritzak, enpresa batzordearekin izandako bileran aurkeztutako Bideragarritasun Planean. Uste baino kaleratze gehiago dira, 130 enpleguz hitz egin baita azken asteotan. Iragarri dutenaren arabera, 214 langile finko dira enplegu gabe geratuko direnak, eta beste aldi bateko 87 langile; gehiengoak, 274 pertsona, Amurrioko enplegatuak dira, eta 27, aldiz, Trapagarango lantegikoak. Era berean, Amurrioko (Araba) lantegiaren jarduera etengo dela iragarri du enpresak. 

 

Zuzendaritzak adierazi du aurkeztutako plana "sendoa" dela, eta hiru mugarri ezarri ditu: merkatu dibertsifikazioa, kostuen txikitzea eta zorraren berregituraketa. Kostuak gutxitzeko prozesua AEBetako lantegia ixtearekin hasi zen, eta orain, Amurrioko itxierarekin eta kaleratzeekin osatuko da. Dibertsifikazioari dagokionez, Tubos Reunidosek apustu egin nahi du "merkatu gakoen" eta "balio erantsi handia" duten sektoreen alde.

Akordiorik lortu ezean, konpainiak jakinarazi du neurri gehigarriak hartu beharko dituela. Era berean, baieztatu du Bideragarritasun Planak Tubos Reunidosen etorkizuna bermatu dezakeela, 2027tik aurrera ebitda positiboa izango bailuke enpresak. "Modu ez traumatikoan eta progresiboan" egin nahi du prozesua zuzendaritzak, "hornitzaile lehiakorrak bilatzeko prozesuari ekin behar baitzaio aldi berean", esan dute.