• ENPRESAK GAUR
  • ELAk Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio zaintza sektoreko langileen kaleratzeak bertan behera uzteko

ELAk Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio zaintza sektoreko langileen kaleratzeak bertan behera uzteko

Hitzarmena berritzeko negoziazioa duela 19 hilabete hasi zen

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026ko abuztuaren 14a - 12:32
Eg. 2026ko abuztuaren 14a - 12:34

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, sektoreko lan baldintzak hobetzeko eta azken asteetako kaleratze eta murrizketak salatzeko.

 

ELAk gogorarazi duenez, zaintzaren sektorean 5.000 langile inguruk egiten dute lan, gehienak emakumeak, eta zerbitzua Aldundiak finantzatzen badu ere, langile gehienak enpresa pribatuen bidez kontratatuta daude. Sindikatuaren arabera, langileen ia erdiek nahi gabeko lanaldi partzialak dituzte, eta emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakala urtean 10.000 eurotik gorakoa da. Hitzarmena berritzeko negoziazioa duela 19 hilabete hasi zen, baina negoziazio-mahaia blokeatuta dago eta egoitzetako greba mugagabeak 278 egun bete ditu jada.

Azken hilabetean, gainera, hainbat egoitzatan gatazka areagotu egin direla salatu du ELAk. Ordiziako San Jose egoitzan greban zegoen langile bat kaleratu dute eta lanpostuak amortizatu dituzte; gainera, zerbitzua kudeatzen duen zaintzen enpresak murrizketa gehiago iragarri ditu. Lazkaon, berriz, gaixotasunagatiko bajan zeuden hiru langile kaleratu dituzte.

 

ELAk egoera horiek bertan behera uzteko eskatu dio Aldundiari, eta "langileak prekaritatetik ateratzeko" hitzarmen baten alde egiteko exijitu du. Horretarako, beharrezko baliabideak jartzeko eta zaintzen sektoreko lan baldintzen inguruan dagokion erantzukizun politikoa bere gain hartzeko eskatu dio.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain